GAUR8 - mila leiho zabalik
Entrevista
Marian Galarraga
Tinko euskara elkartea

«Zinema gakoa da euskararen normalizazioan, ametsak eragiten dituelako»

1994an lanean hasi eta 10 urtera zinema euskaraz ikusteko ametsa bete zuelako hunkituta jaso zuen Anton Abbadia Saria. Hamarkada bat geroago, ametsa pixka bat zapuztu, bertzerik ez da egin


Tinko euskara elkartearen 20. urteurrenean hainbat ekintza egiten ari dira. Hurrengoa, “Yugo & Lala” pelikularen estreinaldia, azaroaren 16an, Tolosan, Pirritx, Porrotx eta kuadrillarekin. Opariak banatuko dituzte, bideo sortak zozkatu... Aitzinetik, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Astean eman zuten animaziozko film txinatarra.

Hurrengo urratsa oraintxe negoziatzen ari diren bertze pelikula bat erostea izanen da, txiki-txikientzat hau ere: “Pim & Pom”. Urtarrilerako, webgune berria prestatuko dute eta horretan ere buru-belarri ari da adin guztietako bost emakumez osatutako lan taldea. Donostiako Zuatzu parkean duten bulegoan elkartu gara gu elkartearen sortzailearekin, Marian Galarragarekin.

Kanpoan begiraleak edo filmak aukeratzen dituzten pertsonak dituzue, ezta?

Elkarteko bazkideak dira eta munduan zehar banatuta dauzkagu. Eibarko mutil bat Suitzan dago, unibertsitatean lanean. Ikus-entzunezko banatzaileekin harreman handia dauka eta berak lortu zigun, adibidez, “Wallace and Gromit”, Pariseko banatzaile batena. Beste bazkide bat daukagu, Donostiako neska bat, Los Angelesen bizi dena bere senarrak Warnerren lan egiten duelako, hango zuzendaritza batean. Beti abisatzen digu: ‘Film oso polita egiten ari dira, zuen estilokoa...’

Zein da zuen estiloa?

Haurrentzat pelikula dibertigarriak egiten ditugu, oso ondo pasatzeko, baina edukia dutenak. Balioak lantzeko balio behar dute, hau da, Disneyren filmak, adibidez, ez zaizkigu batere gustatzen.

Badakizu zergatik ez dituen Disneyk filmak euskaratzen?

Bai, gorroto gaituelako. Gu, euskaldunak gara euskarak hutsa balio duela uste dugunak. Nire ustean, Disneykoek pentsatzen dute euskarak ikaragarri balio duela, eta hura bultzatzen laguntzen badigute, ez dakit zer egingo duela. Badaki herri bat hizkuntzak egiten duela, eta gure hizkuntza euskara da. Orduan, herri bezala ito nahi bagaituzte, hizkuntza ito behar dute. Baina hori beraiek dakite, guk ez.

Euskarari begira, zer iruditzen zaizu zinemaren panorama?

Tristea, benetan tristea. Duela 20 urte, lan honekin hasi ginenean, benetan pentsatzen nuen gehiago egingo zela. Aurreneko pausoak eman genituen, diru-laguntzak lortu, eta hortik aurrera bazirudien euskara maite dugunok eta dutenek, denen artean egin beharreko gauza bat zela. Interes ekonomikoek gainditu dute gainerako borondate guztia.

Euskarazko zinema ez delako errentagarria?

Alde batetik, horregatik; bestetik, oztopo egiten duelako. Aretoak betetzen dituzten film onekin batera paketea saltzen dute banatzaile handiek. Orduan, areto gutxi geratzen zaizkie zinema komertzialei. Eta askotan areto guztiak dauzkate gaindituta. Film batek ondo funtzionatzen badie, hurrengo astean ezin dute kendu gurea jartzeko, dirua irabazten ari dira eta hain gutxitan gertatzen denez... Gertatzen zait zinemara joan eta bakar-bakarrik egotea. Ez da euskarazko filmak ez direla ikusten, besteak ere ez! Esplikazioa da paketean doazela...

Euskarazkoak ez dira sartzen pakete horietan?

Ez dakit... “Ocho apellidos vascos”, agian!

Konplikatua da zirkuituan sartzea, ezta?

Uff! Baina ez ezinezkoa, borondatea eta gogoa edukiz gero. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak edo Hizkuntza Politikak, edo dagokionak, hiriburuetako aretoren batean beti euskarazko filmak egotea agindu behar luke, gutxienez haurrentzat.

20 urte dira jada hasi zinetela. Eta filmak badituzue. Arazoa gehiago da ezin dituzuela banatu...

Zinemaren mundu honetan okerren pasatu dudan momentua izan da film bat eduki estreinatzeko, estreinatu beharra, eta ezinean ibili naizenekoa. Eusko Jaurlaritzak diru-laguntza batzuk ematen zituen filmak bikoizteko, eta abendurako estreinatu behar ziren, bestela, dirua itzuli behar zen. Martxoan Sadekoei filma eskaini, eta haiek ezetz, abendua iritsi eta, azkenean, Warnerrera jo, eta akordio batera iritsi igandero pelikula bat estreinatzeko... Eta orduan haserretu egin zitzaidan Sadekoa, nola gainera!

Traba dela dirudi positiboa izan beharrean. Ikuspegi hori aldatzen ez den bitartean...

Gainera, kontua da ez direla euskaldunak. Gauza hauek egiteko euskara maite behar duzu, bihotzez, bestela ezin da. Eta euskaldun ez direnei eta euskara maite ez dutenei nola eskatuko diezu gogor ahalegitea! Hori gorroto ez dutenean.

Eta garrantzitsua da, batez ere umeentzat, zinema euskaraz ikustea hasieratik.

Oso garrantzitsua, subkontzientean euskara gauza polit bat bezala gelditzen baita. Bestela, eginbehar gisa geratuko da eta hori ez da inoiz ona. Zer ikusten dute gaur egun haurrek? Gurasoek beren artean gaztelaniaz hitz egiten dutela, baita beste guraso batzuekin ere, eta umeei euskaraz egiten dietela. Eta umeek lehenbailehen hazi nahi dute, lehenbailehen helduak izan eta helduak imitatu. Nola? Gaztelaniaz hitz eginez. Ahalegintxo bat egin beharko genuke denok euskaraz gehiago hitz egiteko euskaldunon artean.

Hor, zinemak garrantzi handia du.

Handia ez, ikaragarria. Eta badakizu zergatik? Zinema ametsak eragiten dituen tresna da, nik ezagutzen dudan bakarra. Horretxek irudimena pizten dizu eta ametsak eragiten ditu. Eta txikia zarenean, ipuinek, filmeek, liburuek, horiek pizten dute irudimena. Mezu hori zein hizkuntzatan jasotzen duzun, hizkuntza horretan ametsak egiten hasiko zara, eta hizkuntza horretan pentsatzen hasiko zara, eta zein hizkuntzatan pentsatzen duzun, hori aterako zaizu lehen hitz bezala.

Haurren belaunaldi bat egon zen, duela 15-20 urte, izugarri aberatsa euskararen aldetik, ETBk programa zoragarriak ematen zituen arratsaldetan haurrentzat, klubak zeuden, halako giro bat, euskarari duen kategoria emanez.

Lakuako Gobernuak duela hogei urte zinema aretoetan film euskaldunak ematea ezinezkoa zela erran zizun.

Beraiek esperientzia txar bat izan zuten pelikula bat euskaraz bikoizten saiatu zirenean. Pelikula hori zentsuratuta zegoen, zati bat kenduta zuen. Hiru banda egoten dira: soinu banda, beste soinuena (pausoak, euria, zerbait lurrera erortzean entzuten dena...) eta hirugarren bandan egiten da bikoizketa. Gero, beste bi bandekin nahasketak egin eta filma egina geratzen da. Zer gertatu zitzaien? Jatorrizkotik egin zuten bikoizketa eta, gero, nahasketak egiten hasi zirenean, bandak ez zetozen bat. ‘Hau ez dago egiterik’ pentsatu zuten. Baina guk erakutsi genuen baietz. Euskarara bikoiztuta areto komertzial batean estreinatu zen aurreneko filma “Alargunen gailurra” izan zen, duela hemezortzi urte.

Nola oroitzen duzu?

Izugarrizko emozioa sentitu genuen, harrera oso ona izan zen. ETBk babestuta bikoiztu zen, eta Bilbon estreinatu, agintariak bertan zirela. Dena oso ondo zegoen, oso ondo zihoakion ahotsa aurpegiari. Hura poza irteeran jendeak ‘ez dakit euskaraz edo gaztelaniaz ikusi dudan’ esatean. ‘Halako naturaltasunarekin, bat-batean abstrakzio bat egin dut, mezua jaso dut, baina ez galdetu zein hizkuntzatan’.

Hori da helburua?

Bai. Bestela izugarrizko ahalegina egin behar duzu zer esan duen ulertzeko eta hori oso txarra da.

Euskara naturala eta kalekoa izatea ere garrantzitsua da. Ez da egon euskara akademikoegia egitearen arriskurik?

ETBn gertatu zen hasieran. Gainera, gaztelaniazko bikoizketara ohituta geunden, oso ona dena. Gu, hasiberriak, kortse batean sartuta, oso akademikoa... Gero, beste handicap bat dugu: bizkaieraz, gipuzkeraz, nafarreraz... Hori enkajatzea izan da zailena. Baina naturaltasunez egin, eta nahikoa. Nire ustean, lortu da naturaltasun hori eta gauzak normaltasunez egitea.

Ez al da gertatzen bikoizketetan pelikula batean eta bertzean ahots berdinak aditzea?

Bai. Gaztelaniaz ere gertatzen da. Bikoizlea izatea ez da hain erraza. Zenbat eta lan gehiago egin, orduan eta hobea zara, eta zenbat eta hobea, denek nahi zaituzte, berme bat zarelako. Eta gaur inork bikoizten ez duenez, bikoizlerik onenak aseguruak saltzen ari dira, ez dagoelako lanik. Orduan, hurrena film bat bikoiztu behar dugunean...

Kostatzen zaizue bikoizleak topatzea...

Gero eta gehiago. Gutxieneko batzuk izan behar lituzke Gobernuak, ETBk, ez dakit zeinek, euskarazko bikoizketaren kalitatea bermatzeko. Uste dut minimo horiek ETB1en bete beharko liratekeela. Astero film bat emanez bikoiztuta, edo haurrentzako telesail bat, edo filmak arratsaldetan.

Nolakoa da zuen lan egun bat bulegoan?

Garaiaren araberakoa. Orain, neska bat dago Errenterian, goizeko emanaldiarekin; beste bat Zornotzan, beste emanaldi batean. Langile bat kotxea hartu eta Bizkaiko eta Arabako emanaldiez arduratu da, eta beste bat lan berdinean dabil Gipuzkoan. Pertsona batek koordinatzen ditu emanaldiak bulegotik. Normalean, hamar film egiten ditugu ikasturtean, adineko bi. Horrekin osatzen dugu egutegia, puzzle bat bezala. 3 eta 15-16 urte arteko haurrentzako filmak dira.

Zinema bete egiten da beti. Langile bat arduratzen da gauzak behar bezala joateaz eta, bukatutakoan, hurrengo eguneko emanaldiaren herrira joaten da filma uzteko. Aurretik, koordinatzaileak filmeko balioei lotutako material didaktikoa bidaltzen die ikastetxeei. Drogomenpekotasunaren aurkako Durangaldeko talde batek prestatzen du; txikitatik zenbat eta balio sendoagoak izan, errazagoa da drogei ezetz esatea. Haurra prestatu behar dugu, drogekin bezala, bestelako gaiekin, nortasuna garatzeko.

Nola ikusten duzu euskara helduen zineman?

Nire ustean, bertan ekoiztutako filmeak arrakastatsuagoak dira bikoiztutakoak baino, naturalagoak direlako. Ez gaude ohituta euskaraz bikoiztutako filmak ikusten. Horregatik hasi behar da txikitatik ohiturak sortzen, helduak direnean, euskarazko filmak nahiago izan eta eskatzeko. Hortik etorriko da aldaketa zinema komertzialetan.

Zuek hasi zineten Zinemaldian Belodromoan haurrentzako filmak euskaraz ematen.

Bai, horregatik aurten, 20. urteurrenean, sari bat eman diogu Mikel Olaciregui Zinemaldiko zuzendari izandakoari berak ahalbidetu zuelako gure haurrek banatzaile handien pelikulak ikustea.

2004an Tinkoren izenean Anton Abbadia Saria jaso zenuenean, hauxe esan zenuen: «Orain hamar urte areto komertzialetan zinema euskaraz ikusiko zela irudikatu genuen; hamar urte pasatu dira, eta ametsa bete egin da». Hamarkada bat geroago, bete da bertze ametsik?

Ez. Lehengoa pixka bat zapuztu, besterik ez da egin. Izugarrizko ilusioa egin zidan sari horrek. Beste egun polit batekin akordatzen naiz, Zinemaldian kartel erraldoi bat euskaraz ikusi nuenekoa. “Chihiroren bidaia”, Victoria Eugenia parean, denek ikus zezaten euskara existitzen dela. Ogibidez bikoizlea nintzen eta hutsunea ikusten nuelako sortu nuen Tinko, euskararentzat esparru debekaturik ez egoteko. Denak gure inguruan euskarak zein gabezia dituen aztertu eta konpontzen arituko bagina, erdiak egingo bagenu... hortxe dago gakoa.

Beste ametsik betetzea espero duzu?

Bai! [Irri egiten du]. Nafarroan euskarazko filmak haurrentzat ematea da beste amets bat eta espero dut beste hogei urtetan beteko dugula, seguru.

Epe luzea jarri duzu...

Tinkon hasi ginenean urrun ikusten genuen, eta pasa dira hogei urte. Ez dakizu zeinen azkar etortzen diren! Nire ametsa zein den? Areto komertzial guztietan gutxienez haurrentzako filmak euskaraz ere ikusi ahal izatea.