17 ENE. 2015 Euskara ikasle erretiratuak: inoiz ez da berandu Erretiratuak dira, ez dute lanerako behar, baina atea irekitzera animatu dira. Saltseroak dira, tematiak, hagitz aktiboak, eta talde kosmopolita osatu dute Durangoko AEKn; isiltzen ez den solasaldia, terapia ere baden irri etengabea... Euskara, eskola baino, familiatxo bat. Maider Iantzi Goienetxe Abisatu gabe agertu eta ezustea eman die GAUR8k Durangoko euskara ikasle erretiratuei, eta eurek ere sorpresa polita eman diote irakasleari, hasierako urduritasun eta beldurrak gainditu eta euskaraz mingaina askatu eta ederki dantzatzeko gai direla erakutsiz. Sorpresa tarta bat ere izan zitekeen, hala bota digu ikasle batek. Segur aski elkarrizketa baino nahiago izanen zuten, baina pentsatzen jarrita, ez da irudi txarra Pinondo plazako AEKren egoitzan bizitutako esperientzia azaltzeko, hala atera baikara, zapore gozoarekin eta beteta. Astelehena, goizeko hamarrak jotzear, Amaia Sarrionandia irakaslea atean dago, ikasleen zain. Oraindik ez da inor iritsi eta arraroa dela dio, normalean puntualak izaten direlako. Hara, badator lehena, Mari Carmen. Agurtu orduko poltsa zabaldu eta oparia eman dio Amaiari. Hurrengoa bizikletan dator, hurrengoa berotuta... «Zer, sukarra?», galdetu diote kideek. «Ez, ez, berotu egin naute». «Lasai...». Pixka bat kezkatuta gaude gu, ea nola hartuko gaituzten bat-batean koaderno eta argazki kamerarekin harrapatuta, baina denak erreportajerako prest azaldu dira hasieratik. «Dena euskaraz? Ai ama!», irriz. “Aizu!” aldizkariak banatu eta berriketan hasi dira euren artean, isildu gabe, euskaraz. «Zer esan duzu?», galdetu du batek, eta gaztelaniaz segitu dute kontu kontari. Sarrionandiak agertu digunez, solas aunitz egiten dute euren artean eta joera izaten dute gaztelaniaz aritzeko, horregatik eskatua diote irakasleari berak beti euskaraz egiteko. Den-denek ez, baina taldeak sei urte daramatza euskara ikasten. Durangoko AEKn erretiratuen lau talde dituzte, 40 ikasle baino gehiago. Hiru irakasleren artean banatzen dituzte. Hasieran gutxi ziren, baina jendea animatzen hasi da eta gero eta gehiago dira. Irakasleak ere harrituta daude. Aurten, 0-tik hasiko den talde bat dute. Berrizen ere 6-7 lagun batu eta orain hasi dira. Azterketarik prestatu beharrik ez dute; euren helburua komunikatzea da, hitz egitea, seme-alabekin, bilobekin, lagunekin... «Inoiz ez da berandu» dute lema. «Errepikatuko dugu, baina azkenean lortuko dugu». «Oso bereziak dira», deskribatu ditu irakasleak ezagutuko ditugun lagunak. Adierazi duenez, bakoitzak bere istorioak ditu, baina badago feeling-a. Atetik sartzean tenperatura neurtu behar du eta, sarri, prestatua duena gorde eta eskola bertze era batera bideratu. Orain guk desbideratuko ditugu ikasgaitik... Lehenik eta behin, bakoitzari bere burua aurkezteko eskatu diogu. Asunek, Arabako Errioxan jaioak, euskara gainditu gabe duen ikasgaia dela dio. Etxean bai seme-alabek bai bilobak badakitela kontatu du. Baina senarrak eta biek beti gaztelaniaz hitz egiten dute. Gizona Extremaduran jaio eta txikitan etorri zen Euskal Herrira. «Orain dela denbora pila bat euskaltegira joan nintzen, baina 3. mailan utzi egin nuen. Asko kostatzen zait euskaraz hitz egitea, nota altua eskatzen zidaten eta orduan utzi egin nuen», oroitu du. Orain, denbora gehiago duela aprobetxatuz, berriro heldu dio ikasketari. Aitortu duenez, seme-alabak eta biloba aspertu egiten ditu, mantso mintzatzen delako. Gero ikasle aunitzen ahotan errepikatuko den ideia da familia aspertzearena edo etxekoen «pazientzia falta»rena. Irakurtzen hobeki moldatzearena ere bai. «Durangon bizi naiz, euskara nire hizkuntza da eta horregatik saiatzen naiz ikasten», hasi da Maite. «Urte asko daramatzat, batzuetan oso nekatuta egoten naiz, baina berriro saiatzen naiz... Eta hemen nago berriro», adierazi du eta ikaskide guztiak barrez jarri ditu. Amama-aititek bazekiten euskaraz, baina ez zieten inoiz egin. Eta lanean, etxean, familiarekin... inoiz ez du euskaraz egin Maitek. Orain ere ez, «giroa ez baita euskalduna». Osakidetzan egiten zuen lan eta han ere giro erdaldunean bizi izan zen, nahiz eta jendea nahiko euskalduna izan. Desiren kasua berezia da, Markina-Xemeindik etortzen delako Durangora, astelehen eta asteazkenero kotxez, euskara ikastera. Hiru bilobak hemen bizi dira (laugarrena ere aurki jaioko da) eta beraiekin mintzatzeko, ikastea komeni zaio. Durangarrek 12 euro soilik ordaindu behar dute ikastaroaren truke; Desik gehiago, baina Markina-Xemeingo Udalak bueltatzen dio gero dirua. Galizian jaio zen eta maisu lanpostua eskaini ziotelako hartu zuen Lea-Artibairako bidea. Consuelo Uruguaikoa da. «Kosmopolitak gara!», bota du Desik. «Bera beti guapa eta pozik», erran dute lagunek Consuelori buruz. «Ai, mugitu egin naiz!», atera zaio honi, ondoan argazkilaria klik eta klak sumatuta. «Abisatu egin behar zenuten...». «Zertarako? Astelehenetan ez dago pelukeriarik», segitu dute irriz. «Bueno, kontatu...», eskatu diogu. «Baina euskararekin izan dudan esperientzia, ezta? Ez nire bizitza guztia...», berak zirikatzeari utzi gabe. Orain dela 50 urte baino gehiago etorri zen Euskal Herrira eta euskaraz hitz egin nahi du. Senarra eta semea euskaldunak dira eta eurekin eta lagunekin euskaraz egin nahi du. «Oso pozik nago hemen, taldea oso jatorra da eta ikasleak animatuta gaude». Jose Mari taldeko euskaldun zaharra da. Aitak ez zien etxean erdaraz egiten uzten eta berari esker gorde du euskara. Halere, familian ez du erabiltzen, zaharrekin bakarrik, osaba-izebekin. Ohitura hartzera etorri da AEKra, baita alfabetatzera ere, bere euskalkian ongi baina batuarekin galdu egiten da-eta. Irratia aditzea gustatzen zaio, ongi mintzatzen direnei entzutea. Paki jaendarra txikitan etorri zen gurera. «Orduan euskarari ez zitzaion garrantzirik ematen, baina asko gustatzen zait. Orain denbora dut eta pausoa eman dut; ea ikasten dudan, bilobarekin hitz egiteko... Jolasean egiten dugu pixka bat». Zalantzati eta urduri abiatu du aurkezpena, baina gero primeran egin du. «Pakik beti dio ‘ez dakit’ eta gero begira!», aurpegiratu diote kideek. Gerraren ondorioak Biziak, zuzenak dira Mari Carmenen hitzak. Badute beltz puntu bat, ona. Durangon jaio eta bizi den emakumeak txikitatik izan zuen euskararekin harremana, baina «zer ordu da eta txakurra kanpora» soilik erraten omen zuen. Eta gurasoek haurrek ez ulertzeko egiten omen zuten euskaraz. «Gerrako kontuak...». Senarra eta seme-alabak euskaldunak ditu eta eurekin ikasi du. «Umeei beti egiten nien euskaraz... baina beti aditz berdinak!», esan du eta denak irrika jarri ditu. «Bilobak egun batean esan zidan: zelako txarto egiten dozun euskaraz amama! Hainbeste erdara, hainbeste erdara... Beti? Beti-beti ez, baina...». Mari Carmenen buruko mina aditzak dira, ulertu ia dena egiten du. «Denda batean sartu eta euskaraz hasten naiz, baina gero kieto parau! Eta umeekin beti», azaldu du. Haurra zela Arrankudiagatik Durangora etorri zen Ana Marik ere oroitzen ditu gaztetako lotsak eta beldurrak. Eskolan «baserritar» deitzea iraina zen. Herri erdian, Barrenkalen bizi ziren, erdaraz. «Gurasoak euskaldunak ziren. Amak txarto egiten zuen erdaraz, baina beti erdaraz». Orain, Ana Mariren alaba ikastolako irakaslea da. Azken aurkezpena, Marilirena. Bilbon jaioa eta 10 urterekin Durangora etorria da. «Euskararekin lehenengo kontaktua ezkondu nintzenean izan nuen, amaginarrebarekin. Gizona durangarra da, baina Andaluzian, Katalunian... bizi izan zen eta galdu egin zuen. Euskara gustatzen zait, euskalduna naiz, gainditu gabe dudan ikasgaia da. Ikastolan, lonja batean, gela txiki-txiki batean, han hazi zen nire semea. Amaginarrebak esaten zidan: zergatik ikastolara? Han ez du ikasiko... Eta erantzuten nion: nik euskaraz ikastea nahi dut». Hizketan ari dela geldiuneak egiten ditu Marilik, urduri jarri eta blokeatu egiten da. Gainera, ingelesezko hitzak nahasten zaizkio, hizkuntza hau ere ikasten ari baita. Errekonkista Benidormeraino Consuelok adierazi du, Amaiari keinu bat eginez, irakasleek hitz egitera animatu dituztela eta orain konfiantza handiagoa sumatzen duela berak. «Etxean mintzatzen naizenean, zuzendu egiten didate, baina desberdin, maitasun gehiagorekin». «Emazteak esan dit masaje eskolan euskaraz hitz egiten duzula eta ongi aritzen zarela», komentatu dio Denisek. Gazteak kalean euskaraz asko entzuten dituztela eta poz handia hartzen duela ere agertu dute. «Bilbon ere bai!», adierazi du batek emozionatuta. «Eta Haron...», besteak. «Eta Benidormen!», irakasleak. Errekonkista. Gaur egungo etorkinen umeak zeinen ongi ikasten ari diren aipatu du uruguai-tarrak. «Esponjak bezalakoak dira; guk, aldiz, beste kezka batzuk ditugu. Ez zaigu asko gelditzen garunean». Barreak berriz. Hagitz aktiboak dira taldekideak: literatura, masajea, ingelesa, kantua, ehoziri-lana, belarrak... Jakintza ugari jorratzen dute. Mari Carmenek kremak egiten ditu. «Eman zenidan ukendua, oso ona!», eskertu dio Consuelok. «Zerez egina dago?», jakin nahi izan dute besteek. «Haurrarentzat erosi behar dizut», Amaiak. «Erosi ez, hartu», Mari Carmenen erantzuna. Batzuetan, umeak baino okerrago portatzen direla aurpegiratu die irakasleak:«Klasean sartu eta sekulako iskanbila». Batzuetan, energia guztia xahutzen diotela dio. «Gogorra eta jenio txarrekoa» dela erranez erantzun diote, «baina irakasle ona». Denetariko gaiez aritzen dira berriketan eta primeran pasatzen dute. Etortzen ez direnean ez da gogo faltagatik izaten, etortzeko «irrika» izaten dute. Taldea hagitz batuta dago eta berriki udal euskaltegira bidali nahi izan dituztenean AEKn jarraitzeko borrokatu dira. Momentuz, lortu dute helburua. Eskolaz gain, ekintza ugari egiten dute elkarrekin: bazkariak mendian edo txokoan, paella jatea sanfaustotan, urtebetetze ospakizunak... Harreman ona dute eta ez dute aitzakiarik behar. Desi, estoldan desagertuta Norbait adinaz solasean hasi da, Desi 78 urtekoa dela taldeko zaharrena... Eta beherala agindu digute: «Egunkarian ez dadila adinik agertu!». Desiz ari direla, taldearen izaera ongi deskribatzen duen pasadizo bat etorri zaie gogora eta bat-batean gainera etorri zaizkigu begirada eta hatz guztiak:«Hori bai, agertu dadila!». Hor doa: behin batean, ikaskideak kalean zeudela, bat-batean Desi estolda zulo batean desagertu zen. Desagertu, desagertu... erabat ez, baina tapa gaizki jarrita zegoen eta hondoratu egin zen gizona. Talde osoa udaletxera joan zen, deklaratzera eta salaketa jartzera. Bueno, horren aurretik galtzak erostera lagundu zioten, erabat zikindu baitzitzaizkion, baita anbulatoriora ere, hankan zauria baitzuen. «Ze galtza politak erosi genizkizun!», erran diote kideek Desiri. Ederra izan zen elkartasuna: «Desi, goazen udaletxera», lagunek. «Ez», berak. «Bai, bai, bai», kideek. «Desi, goazen anbulatoriora». Berak ezetz eta lagunek baietz. Xehetasun bat: urrian izan zen eta oraindik ez diete ordaindu. Ordaina jasotzean eginen duten afari ederrarekin –edo bazkaria, hobeki, baten batek zehaztu bezala– amesten hasi dira. Gertakari haren ondotik, kideen elkartasuna goraipatuz artikulu bat idatzi zuela kontatu du Desik. Eta Consuelok, natural-natural, bere burutazioak plazaratu ditu: «Pena da, denok telefono mugikorra izanik, argazkirik egin ez izana. Hala, froga garbia izango genuen. Norbait erortzen den hurrengoan...». Barrez lehertzekoa da Consuelo. WhatsAppen tiki-tiki Denek dute sakelako telefonoa, bai, baita WhatsAppa ere. Eta administratzailea, asmatu duzue, taldearen lokarri den uruguaitarra. «Nabaritzen da Mari Carmenek noiz bukatu dituen eginbeharrak...», aipatu dute lagunek. «Asko gustatzen zait WhatsAppa, asko», aitortu du honek. Tiki-tiki ibiltzen dira, egun osoan, baina, nabarmendu dutenez, «gauza inportanteak» jartzen dituzte, adibidez: norbaitek ezin duela klasera etorri. Euskara praktikatzeko ere balio die, Desik dena euskaraz idazten du eta hitz berriak ikasten dituzte. Esaterako, ikaskide. Halaxe, kontu kontari, klaseko bi orduak ustekabean pasatu dira eta ikasleak mugikorrari begiratzen eta gauzak biltzen hasi dira. Bakoitza bere eginbeharretara doa, baina aitzinetik Desik elkarrizketa egin bitartean paper batean idatzi duen agur poema irakurri du. Antolatzen ari diren ekimen batzuen berri emateko helbide elektronikoa hartu ondotik, alde egin dute. Solas egiten genuen bitartean ariketa liburuekin lanean aritzeko tartea ere hartu dute ikasle saiatuek. Isildu da etengabeko solasaldia, barreak bezala, eta pentsatu dugu baietz, Amaia Sarrionandia irakasleak arrazoi duela, energia aunitz xurgatzen dutela. «Kasualitatez», Durangoko Udalaren eskariz, «beldur pixka batekin» hasi zen abenturak sei urte bete ditu eta aitzinera doa, gero eta ikasle gehiagorekin, gainera. «Oso gustura gabiltza –baieztatu du Amaiak–. Aurten ia-ia galdu egin ditugu, udal euskaltegira eraman nahi zituztelako, baina presioa egin dute eta momentuz hemen daude. Udalak diruz laguntzen du ikastaroa». Azaldu duenez, gramatika lantzen dute, irakurketa, eta, batez ere, komunikazioa euskaratik harago doala eta inoiz ez dela berandu erakusten duen ikasketa honetan. Hala leporatzen omen diote Desiri: «Baina, baina zuk 20 urte gutxiago bazenitu bezala pentsatu eta jarduten duzu!». «Eta, txarra al da hori?», erantzuten die markinarrak. Hona bere errezeta: «Inportanteena beti lan eginez eta aktibo bizitzea da». Durangoko AEKn erretiratuen lau talde dituzte, 40 ikasle baino gehiago. Hasieran gutxi ziren, baina orain gero eta gehiago. Irakasleak ere harrituta daude. Berrizen ere 6-7 lagun batu eta orain hasi dira «Umeei beti egiten nien euskaraz, baina beti aditz berdinak», esan du Mari Carmenek eta denak irrika jarri ditu. Aditzak dira bere buruko mina. Azterketarik prestatu beharrik ez dute; euren helburua komunikatzea da, hitz egitea, seme-alabekin, bilobekin, lagunekin... Beren seme-alaba eta biloba guztiak euskaldunak dira «Denda batean sartu eta euskaraz hasten naiz, baina gero ‘kieto parau’!»Hala leporatzen omen diote Desiri: «Baina, baina zuk 20 urte gutxiago bazenitu bezala pentsatu eta jarduten duzu!». «Eta, txarra al da hori?», erantzuten die markinarrak. Hona bere errezeta:beti lan eginez eta aktibo bizitzea