17 ENE. 2015 MOOCen bidez jakintza mokora MOOC, Massive Open On-Line, lineako ikastaro ireki masiboak Ana Arruarte Lasa UPV/EHUko Informatika Fakultateko irakaslea Urte gutxi baino ez dira joan, oraindik, MOOC (Massive Open On-line Courses; lineako ikastaro ireki masiboak) terminoa gurera heldu zenetik. Lineako ikastaro ireki masiboak Interneteko irakaskuntza irekiaren bilakaera dira. Badirudi 2008. urtean aipatu zela lehenengoz MOOC terminoa, nahiz eta asko izan 2011. urtea jotzen dutenak teknikaren abiapuntutzat; urte horretan Stanford unibertsitateko bi irakaslek eskaini baitzuten estreinakoz MOOC ikastaro bat doako Coursera hezkuntza-plataforman garatua. Noiz sortu zen garbi ez badago ere, argi dagoena da teknika honi esker hamaika ezagutza arlotako milaka ikastaro eskaini zaizkiela dagoeneko milioika ikasleri amarauneko mundu birtualean zehar. Askok diote, gainera, 2014. urtea dela MOOC ikastaroen urtea, urteko lehen hamar hilabeteetan 75 miloi euro baino gehiago inbertitu baita ikastaroak sortu eta eskaintzen munduan ezagunenak diren Coursera, EDx eta Udacity bezalako MOOC hezkuntza-plataformetan. Linean edo online izateaz gain, edozein MOOC ikastaroren ezaugarri nagusien artean honako hauek ere aipatuko genituzke: masiboak, irekiak, doakoak eta komunitatearen sostenguan oinarrituak izatea. > Ikastaro bakoitzean oso ikasle kopuru handiak parte hartzen du, mugarik gabe pertsona guztiei zuzenduak direnez ez dago-eta inolako ikasle mugarik; hori da masibotasun ezaugarriaren arrazoi nagusia. > Irekiak dira, beti ere erregistratutako bezeroentzat soilik, eta epe-muga jakin baten barruan. Behin epe-muga igarota ikastaroa itxi egiten da eta ez da atzigarri geratzen. > Filosofiaz doakoak dira eta, gehienetan, dohainik eskaintzen dira. Doakoa izateak badauka, ordea, ondorio garrantzitsu bat: izen-emateak ugariak izan arren, uzte-tasak ere horrelakoxeak dira, oso altuak gehienetan –%90eko uzte tasa ohikotzat jotzen da ikastaro mota hauetan–. Ez zen, baina, hori gertatu UEUk eta Asmoz Fundazioak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, 2013. urtean, euskaraz lehenengoz, eskaini zuten Android programazioaren hastapenak ikastaroan, non uzte-tasa %73koa izan zen. Bestalde, aipatzekoa da doakotasunaren atzean badagoela diru-sarrera iturri bat baino gehiago. Batetik, ohikoa da parte-hartze edo gainditze-ziurtagiriaren truke diru kantitate bat ordaintzea; bestetik, enpresek ere inbertitzen dute honelako ikastaroak eskaintzen dituzten erakundeetan, gerora ikasle onenen informazioa lortzeko asmoarekin. > Komunitatearen sostenguan oinarritzen dira. Online hezkuntza tradizionaleko errekurtso didaktikoez gain –testuak, bideoak, ariketa multzoak eta abar–, irakasle eta ikasleen arteko komunitate birtualak sortzeko tresnak eskaintzen dira. Hasiera batean irakaslea, edo instituzioa, da ikastarorako materiala prestatu eta doan erregistratutako ikasleen eskura uzten duena. Alabaina, ez da irakaslea ebaluazio-prozesuaz arduratuko den kide bakarra. Ataza batzuen ebaluazioa modu partekatuan egiten da ikastaroan parte hartzen duten kideen artean. Noski, kide bakoitzak ez du gainerako kide guztien lan osoa gainbegiratuko, kide batzuen lan jakin batzuk baizik. Horrela, ikastaro bakoitzean ebaluazio-sare bat osatzen da, non ikastaroko kide guztiek hartzen baitute parte. Elkar-ebaluazioaz gain, online irakaskuntza tradizionaleko ebaluazio automatikoa ere presente dago ikastaro mota hauetan, non sistema gai den irakasleek garatutako hainbat ariketa automatikoki ebaluatzeko ere; adibidez, test motako ariketak. Baina ez dira, noski, dena abantailak MOOCen munduan. Nire kezka nagusia baino ez nuke aipatu nahi artikulu labur honetan: MOOCen atzean dauden interes ekonomiko indartsuak. Munduko edozein tokitara helduko da amaraunean zehar munduko potentzia zehatz baten ikuspegitik sortutako edozein ikastaro, toki bakoitzaren hezkuntza, hizkuntza, kultura... bezalako berezitasunak kontuan hartu gabe. Teknologia dator oraingoan edozein ezagutza-arlotako edukiak munduko edozein txokotara zabaltzeko aukera eskaintzera. Norberaren esku geratzen da, orain, MOOC teknologia baliatuz hedatutako ikastaroe- tako ezagutza bereganatu nahi duen ala ez ikustea. •