GAUR8 - mila leiho zabalik
IRLANDA ETA HOMOSEXUALITATEA

Apaiz eta ministro banak homosexual direla onartu dute sexu berekoen ezkontzari buruzko galdeketaren atarian

Irlanda aldatzen ari da azken urteotan. 1993ra arte homosexualitatea legez kanpokoa zen herrialdean, baina, datorren maiatzean, sexu bereko pertsonen arteko ezkontzen inguruko erreferenduma egingo da. Jendartean nabarmen zabaldu da aldeko jarrera, eta, orain, legeak arrastaka aldaketara egokitu behar dira.


Egunkari batean ondoko titularra irakurtzen badugu, “Apaiz batek bere kongregazioaren txalo zaparrada jaso du homosexuala dela onartu ondoren”, segur aski ez dugu pentsatuko halakorik Irlandan gertatu denik. Baina, bai, Dublineko eliza batean gertatu zen urte hasieran. Father Martin Dolan St Nicholas of Myra elizako apaiz bakarra da. Eraikina Francis Streeten dago, Dublingo erdialdean.

“Osasun ministroak publikoki onartu du bere homosexualitatea zuzeneko irrati elkarrizketa batean”. Titular hori ere ez genuke Irlandarekin lotuko, baina bertan gertatu da. 2015. urtea hastearekin batera, Leo Varadkarrek, Fine Gael alderdi eskuindarreko ministroak, bere herritarren aurrean agertu zuen homosexuala dela. Gainera, analista politikoen esanetan, Varadkarrek aukera asko dauzka bere alderdiko lider burua izateko etorkizunean.

Maiatzean, oraindik zehazteko dagoen egun batean, irlandarrak erreferendumera deituta daude, sexu bereko bi pertsonen arteko ezkontza onartzen duten edo ez erabakitzeko. Erreferendum horren bueltan ulertu behar dira Father Martin Dolan apaizaren eta Leo Varadkar ministroaren adierazpenak.

Father Martin Dolan apaizak, bere homosexualitateaz modu irekian hitz egiteaz gain, argi eta garbi esan zuen mezaren erdian ezkontza homosexualen aldeko kanpainan parte hartzeko asmoa duela. Albistea Irlandako komunikabideetan agertu orduko kazetari guztiak Eliza Katolikoaren erantzunaren zain geratu ziren, baina ez zen inolako iritzirik heldu iturri ofizial horretatik. Aldiz, St Nicholas of Myra kongregazioaren baitatik segituan atera ziren beren apaizaren alde; «oso pozik gaude gure apaizarekin, eta ez dugu onartuko gure elizatik ateratzea, norbaitek asmo hori agertuko balu», esan zuten tinko bere elizako kideek.

Varadkarrek, bere aldetik, nabarmendu du berak argi eta garbi agertu nahi izan duela bere homosexualitatea inork ez dezan esan zerbait ezkutatzen ari denik. Eta gaineratu du maiatzeko erreferendumaz gain, beste helburu eta egiteko batzuk dauzkala mahai gainean homosexualitateari dagokionez. Homosexualen arteko ezkontzei bidea irekitzeaz gain, pertsona homosexualek odola emateko modua izan dezatela arautu nahi du –gaur egun debekatuta daukate–, eta subrogatutako haurdunaldietara ere zabaldu nahi ditu aitatasun eta amatasun eskubideak.

Irlandan homosexualitatea legez kanpokoa zen 1993. urtera arte. Hartara, aise esan daiteke Irlanda asko aldatu dela azken urteetan. Horren adierazle dira sexu bereko pertsonen ezkontzaren inguruan egindako galdeketak. 2008. urtetik hona, aldekoen jarrera gailendu da; urte askoan herritarren %60 egon da alde eta egun %70era igo da aldekoen portzentajea. Kontrakoena, berriz, %20aren bueltan dago.

2011. urteaz geroztik, sexu bereko pertsonek elkartze zibilaren atea zabalik daukate, baina ez ezkontza zibilarena, eta hor dago gakoa. LGTB edo lesbiana, gay, transexual eta bisexualen mugimenduaren inguruko 160 taldek salatu dutenez ezkontza zibilak eskubide gehiago eskaintzen ditu, baina hori, oraingoz, bikote heterosexualen esku baino ez dago.

Berez oraindik ez da hasi maiatzean izango den erreferendumaren inguruko kanpaina baina homosexualen arteko ezkontzen aldekoentzat borroka aspaldian hasi zen. Ikustear dago kontrakoak zenbat diren eta noraino altxatzen duten ahotsa, baina, oraingoz, isil samar dabiltza eta hori oso adierazgarria da. Horrek ere garbi erakusten du Irlanda zenbat aldatu den azken urteetan. Aldaketa horren seinale nabarmenena Eliza Katolikoak Irlandako jendartean duen indarra gero eta txikiagoa dela da. Oraindik lehenengo eta bigarren hezkuntzako eskolen %80 Eliza Katolikoaren mende daude eta bertako Konstituzioan herri katoliko bezala agertzen da Irlanda, baina sumatzen dira aldaketak. Azken urteetan Eliza kontu handiagoarekin ibiltzen da aholku moralak partitzerakoan, eta harrigarria ere gertatzen da, kontuan izanda duela urte gutxira arte Irlandako Errepublikako ministroak Elizatik pasatzen zirela baimen eske edozein lege sinatu baino lehen.

Jendartea, baiezkoaren alde

Erreferendumaren bezperatan, eta artean kanpaina hasi gabe dagoela, Irlandako jendartean homosexualitatearen aldeko jarrera igartzen da. Bistakoa da, beraz, ezezkoaren aldekoek ez daukatela bide samurra aurretik. Egoeraren jakitun, badirudi ezezkoaren aldekoek albora utzi dutela gotzainen jarrera, «ezkontzak derrigorrez gizon eta emakume baten artekoa» izan behar duela defendatzen duena alegia, eta beste bide batzuk zabalduko dituzte. Badirudi beren borroka umeen eskubideen aldetik bideratuko dutela.

Hartara, erreferendumaren bezperatan aldekoek eta kontrakoek ikuspuntu desberdinetatik heldu diote gaiari. Ezkontza homosexualen aldekoentzat, «eskubide berdintasuna» dago oinarrian. Leo Varadkar ministroaren hitzetan, «gauzak dauden bezala, une honetan nik ez dauzkat beste irlandar batzuen eskubide berdinak, eta hori aldatu egin behar da».

Ezkontza homosexualen kontrakoek, berriz, eskubide berdintasunaren eztabaidatik urrundu nahi izan dute eta aitatasunaren eta amatasunaren auziari helduta ari dira kanpaina egiten. «Ezkontza homosexualak legeztatzen badira, adoptatzeko eskubidea ere legeztatuko da eta haur askoren egoera okertuko da. Haur batek aita eta ama izan behar ditu». Gaur egungo Irlandan, baina, errealitateak datu argigarriak uzten ditu: lau umetik bat bizi da familian aitarik edo amarik izan gabe. Horietako batzuk bikote homosexualen seme-alabak dira, bide batetik edo bestetik guraso izateko modua egiten dutelako. Batzuetan gurasobakarren paperean adoptatzen dituzte haurrak, eta, besteetan, Irlandatik kanpoko adopzioetara jotzen dute. Errealitate hori existitzen da dagoeneko, eta ez bat-batean sortuko ezkontza homosexualen kontrakoek zabaldu nahi duten bezala.

Gobernuaren jarrera homosexualen ezkontzen aldekoa da. Horrek ez du esan nahi parlamentari batzuk kontra ez daudenik, batez ere lehen ministroaren alderdikoak, baina oraingoz kontrakoen ahotsa oso xume dabil. Pentsatzekoa da hori aldatu egingo dela datozen asteetan, behin erreferendumaren galdera zehaztu ondoren eta galdeketaren data gerturatu ahala. Baina galdera zuzena eta sinplea izatea espero da. Berez, irlandarrek honako esaldia beren Konstituzioan sartu edo ez erabaki behar dute: «Bi pertsona ezkon daitezke beren sexua kontuan hartu gabe».

Pentsa daiteke alderdi guztiak alde egonik eta Eliza Katolikoaren buruek egun daukaten irudi kaskarra kontuan izanda erreferendumaren emaitza nahiko garbi dagoela, baina ez aldekoek eta ez kontrakoek ez dakite zer gertatuko den. Irlandako erreferendumetan parte hartzea oso eskasa izaten da beti eta kontrakoek beren jendea bozkatzera eramatea lortzen badute, edozein emaitza da posible, nahiz eta jendartearen iritzi orokorra bestelakoa izan. Irlandako Gobernuak badaki hori gerta daitekeela, behin baino gehiagotan galdu baitituzte galdeketak. Horregatik, ezkontza homosexualen aldeko kanpaina ez da gobernuaren eskuetan egongo, jendartearen eskuetan baizik; ikasleak, katoliko progresistak, LGTB taldeak... lanean hasteko prest daude.

Kontrakoen «but» kanpaina

Irlandan ohikoak dira erreferendumak. Edozein lege edo Europako akordiok Irlandako Konstituzioari eragiten badio, irlandar guztiek daukate bozka bidez beren iritzia emateko aukera. Hartara, maiatzean sexu bereko pertsonen arteko ezkontzari buruzko iritzia emango dute. Azken hamar urteotan egiten den hamargarren galdeketa izango da.

Berez herritarrek erabakiko dutena Irlandako Konstituzioan honako esaldia txertatu edo ez izango da: «Bi pertsona ezkon daitezke beren sexua kontuan hartu gabe». Esaldi laburra da, baina garrantzi eta pisu handikoa. Askoren ustez galdeketa garrantzitsua da batez ere Irlandako bikote ez heterosexualentzako, baina, aldi berean, Irlandatik kanpo ere garrantzia izango du, mundu mailako eragina izango duen esperimentu soziologiko bat izango baita.

«Bi pertsona ezkon daitezke beren sexua kontuan hartu gabe». Azken urteetako inkestek garbi utzi dute irlandarren gehiengo oso zabala horren alde dagoela. Horren jakitun, ezkontza homosexualen kontra daudenek estrategia aldatzea erabaki dute, eta martxan jarri dute “But” kanpaina. «Gu ez gaude sexu berekoen ezkontzaren kontra, baina...». Eta bide horretan, kontra ez egon arren ez bozkatzeko eskatzen dute.

Ezezkoen aldekoek galdutzat eman dute dagoeneko ezkontza homosexualen inguruko eztabaida, eta borroka beste norabide batera begira jarri dute: «Ni ezkontza horien alde nago, baina eta umeak? Izan ere, oso garrantzitsua da aita eta ama edukitzea»; «gauean, gaixorik dagoenean, nori deituko dio ume txiki batek amarik ez baldin badauka?»; «gizonaren figura falta den familietan haurrak ez daude ondo; haurraren hezkuntzan akats larria da hori»... Horrelako mezuetan oinarrituko da kontrakoen kanpaina. Ikusi egin behar lau milioi irlandar hartuko dituen esperimentu soziologikoak zer ematen duen; aurreiritziek, usteek eta beldurrek zer pisu daukaten.