Nerea Goti
Entrevista
Ion Andoni del Amo
«PARTY & BORROKA» TESIAREN EGILEA

«Egungo une politikoak ez dauka soinu bandarik»

Azken hamarkadotako aldaketen ispilu musikatua da bere tesia. Bozgorailuetan sona izan duen musika lupaz aztertu eta ondorio garrantzitsuak atera ditu.

Party & Borroka” izena du Ion Andoni Del Amok aurkeztutako tesiak. Lanak «bikain cum laude» jaso du, baina, Del Amok dioenez, notarekin baino lanak jasotako oniritziarekin geratzen da. “Party & Borroka” azken hamarkadotan bizi izan ditugun aldaketen ispilu da. Gure musika egoera soziopolitiko jakinei lotutako musika izan da, eta, estilo eta estetika ezberdinekin, euskal gizartearen argazkia eratu eta aldatzen joan da. Del Amok lupa jarri du gurean eman diren mugimendu ezberdinetan. Zehazten dituen aldaketa batzuk ezagunak, jakinak, irudituko zaizkigu, beste batzuk, berriz, harriduraz deskubrituko ditugu. Une historiko bakoitza soinu banda jakin batekin harremanetan jarrita egin dituen elkarketak bitxi bezain adierazgarriak dira; hala, musika bakoitzarekin estetika zehatz bat, munduaren aurreko jarrera edo ideologia bat, aisialdia ulertzeko eta musikaz gozatzeko era bat lotu du.

«Euskal kontrakultura» kontzeptua darabilzu tesian. Zer da kontrakultura eta zer da euskal kontrakultura?

Hor sartzen dut, eta ez naiz bakarra –izan ere, Josu Larrinagak modu esplizituan egiten du– azken 50 edo 60 urteotan eman diren mugimendu musikalak, bai Euskal Kantagintza Berria, bai Euskal Rock Erradikala bai euskal rocka oro har. Zergatik kontrakulturala? Normalean zirkuitu komertzialetatik ia edo guztiz at daudelako mugimenduok, zirkuitu instituzionaletatik ere berdin; hala, autoeraketa edo autogestioa oso inportantea izan da. Mezu eta estetika partikular bat dago, aldarrikapena ere badago, eta, horrez gain, hemen eman diren mugimenduak gureak izan dira, partikularrak, baina baita kanpotik hartutakoak ere.

Euskal Kantagintza Berriaren kasuan, zerikusi handia izan zuen Amerikan eman ziren mugimenduekin, Latinoamerikatik zetozen Victor Jara eta antzekoekin eta zer esanik ez Bob Dylan, Joan Baez eta Ameriketako Estatu Batuetako beste abeslari batzuekin. Euskal Rock Erradikalak zerikusi zuzena izan zuen punk mugimenduarekin, eta, hurrengo hamarkadan eman zen kontrakultura hori, berez, kontrakultura da. Beste kasuetan agian hori ez hain garbi ikusten, baina azken mugimendu hori esplizitoki zen kontrakultura, hardcore musikatik eta Public Enemy bezalako taldeetatik edaten zuen.

Dirudienez, euskal musika euskal identitatearen gordeleku, sorleku eta biziraupen bitarteko ere izan da.

Izan ere, hori guztia izan da. Seguruenik Mendebaldeko gizarte guztietan gertatu da, baina hemen bereziki. Hori hipotesi bat da; hemen gatazka asko eta potenteak egon dira eta musika bozgorailu bihurtu da hori adierazi eta aldi berean erreproduzitzeko, mantentzeko, iraunarazteko. Hor ere kontrakultura moduan funtzionatu du.

Baina aldaketa egon da. Jada ez dugu musika horrenbeste behar identitatea gordetzeko?

Aldaketa bat baino gehiago eman dira. Musikak berak galdu du beste garai batean identitatea adierazteko izandako indar hori. Aldaketa teknologikoak eta sozialak eman dira. Gatazkak ere aldatu egin dira Euskal Herrian, gauzak ulertzeko erak, bideak… Beste aukera batzuk zabaldu dira eta orduan konplikatuagoa da. Hori hipotesi bat da eta galdera ikurrak jarri behar zaizkio, baina, agian, momentu honetan identitateak sortzeko bideak ez dira hain kulturalak, agian gatazkak materialagoak dira.

Momentu batean kultura masa-kultura gisa ulertzen zen soilik, eta, beraz, zu gutxiengo bateko kide bazinen, kulturan ere zure ezberdintasuna adierazi beharra zenuen: “beltza naiz eta harro nago”, “emakumea naiz eta harro nago”, “homosexuala naiz eta harro nago”. Gatazkak oso kulturalak ziren. Postmodernitatearekin hori zailagoa bilakatu zen. Pluraltasuna onartzen zen eta dena zegoen ondo ikusita. “Zure lekua izango duzu supermerkatuan”, “adierazi nahi duzuna eta jantzi nahi duzun moduan”... Jada ez zegoen hain apurtzailea izan beharrik. Eta azken fase horretan, krisia dela eta, beste pauso bat eman da. Ekonomiaren eremuan kokatzen dira orain gatazkak, eta modu kolektiboago batean agertzen dira. Muturrera eramanda, identitate berriak sortu dira kontzeptu kolektiboaren inguruan: identitate nazionalak Eskozian edo Katalunian, 15M Espainian, Copy Wall Street... Hau da, “herria kasta edo elitearen kontra” edo “herritarren %99a herritarren %1aren aurka”. Azken batean, identitatea sortzeko modu kolektiboagoa da.

Euskal Herrian, gauza gehiago gertatu dira. Musika oso politikoa egin izan da. 90eko hamarkadatik aurrera tripode bat eratu zen: hizkuntza-musika, aldarrikapena (beti agertzen zen) eta estetika (beti irudi finko bati lotuta). Saturazio une bat eman zen. Hemen gatazka egoera bat zegoenez, ematen zuen beti esan behar zela zerbait kantuetan, eta, gainera, azken hamarkadetan, ondo esan behar zen, hau da, modu poetikoan. Tripode horrek indarra galdu du, eta, neurri handi batean, esparrua zabaldu egin da.

Transformazio horrekin batera beste aldaketa batzuk ere eman al dira gurean?

Musikak indarra galdu du identitatea sortzeko tresna gisa; orain gehiago da erabili eta botatzeko gauza bat. Seguruenik oso monotonoa bihurtu zen egiten zena, oso errepikakorra, eta indar politikoa ere galdu zuen hainbestetan gauza bera modu berean esanda. Horrek indarra galdu zuen, eta estetika aldetik zabalkuntza bat eman zen. Talde batzuk beste estetika berri bat sartzen hasi ziren; esanguratsuena, agian, euskal rapa izan zen. Rapak mantentzen zuen hizkuntza, mezu politikoa, aldarrikapena, baina estetikoki aldaketa sartu zuen janzkeran-eta. Hala ere, nolabaiteko arbuioa ere jaso zuen hasiera batean.

Mezu politikoari dagokionez, aldaketak ere egon dira. Hala, talde batzuk hasi dira beste kezka batzuk sartzen kantuetan, edota mezu zehatzik ez ematen, kantu pop hutsak egiten ezer esan gabe. Hizkuntzaren aldetik, nabarmena da ingelesez kantatzearena. Estilo berri bat sartu da. Ingelesarekiko lotura hori beti egon da Euskal Herrian, baina orain nabarmenagoa da.

Eta DJen fenomenoa?

Hori beste fenomeno berri bat da, dena iraultzen duena. Aldatzen da hizkuntza, askotan ez dagoelako, aldatzen da estetika, eta aldatzen da aldarrikapena, batzuetan badagoelako baina ez beti. Eta oso fenomeno potentea da gazteen artean. Kontrakulturaren kanona hain estu eta aldi berean hain indartsua izan da, hortik kanpo beste mugimendu eta esperimentazio batzuk sortu direla. Londres edo Berlinen leku alternatiboetan egun batean egon daiteke talde punk bat eta hurrengoan DJ bat. Hemen, hori ez da ohikoa. Esperimentazio hori sartu da batez ere leku komertzialetatik, leku alternatiboak edo kontrakulturako espazioak esperimentazioari itxita egon dira.

Hala ere, badirudi euskal rockak indartsu dirauela oraindik. Zer dela eta da rocka hain indartsua gurean?

Indar pixka bat galdu du, ez pentsa. Sinplifikatzeko, bi salbuespen izan dira. Alde batetik, hardcore edo hardcore-metala dago, Berri Txarrak adibidez ez baita hil. Beste salbuespena ska, ska-punk, reggae... doinuak dira, Betagarri bezalako taldeen ska fiesteroa, haizezko instrumentuak baliatzen dituena. Azken talde horiek mantendu dute indarra, besteek ez hainbeste, Berri Txarrak bera kenduta. Argi dago kultura hori Euskal Rock Erradikaletik datorrela, eta, hain errotuta zergatik dagoen galdetzerakoan, zerbait oso argi izan behar da: Euskal Rock Erradikala mugimendu musikal hutsa baino gehiago izan zen. Gaztetxeak, txosnak… bezalako azpiegiturak sortu zituen eta hori oso garrantzitsua da mugimendu bat mantentzeko eta erreproduzitzeko. Portugalen, adibidez, ia ez dago gaztetxeak moduko leku okupaturik, eta, orduan, punk taldeek aukera bakarra dute: merkatuan sartzea lortzen dute edo desagertu egiten dira ez dutelako espaziorik bizirauteko. Hemen, azpiegitura potenteak sortu ziren eta mantendu egin dira. Horrez gain, gatazka politikoak eta politikak berak azaltzen du mugimendu horrek guztiak zergatik iraun duen. Ezker abertzalearen eta punk mugimenduaren artean elkartruke eta lotura bat eman zen. Gatazkatsua izan zen harreman hori hasiera batean, baina, bigarren belaunaldian, modu naturalean eman zen. Zer esan gura du horrek? Beste esparru batzuk zabaldu zirela rock musikarentzat, eta, adibidez, oso garrantzitsua izan zen bere momentuan “Egin” egunkariak egin zuena Euskal Rock Erradikala zabaltzeko, bildumak kaleratuz, kontzertuak bultzatuz... Bere unean polemikoa izan zen harreman hori, batzuen ustez mugimendua kapitalizatzen ari zelako ezker abertzalea, baina gehienek onartzen dute onuragarria izan zela bi aldeentzat. Mugimenduak babes politikoa lortu zuen gaztetxeentzako, txosnentzako eta soinu banda hori komunikabideetan eta tabernetan sartu zen. Ezker abertzaleak bere identitate politiko kulturala horren gainean eraiki zuen. Zer gertatu zen Euskal Herrian? Azpiegitura sare inportante bat zegoela, mugimendu politiko garrantzitsu bat horrekin lotuta, eta, azkenik, baita hirugarren elementu bat ere: hori izan zen politika kultural bakarra garai batean. Instituzioetatik eta gobernuetatik ez zegoen apenas kultur politikarik, eta, une batean, euskal kultura eta euskal musika Euskal Rock Erradikala, euskal rocka, zen; hemendik kanpo euskal musika eta euskal estetika hori zen. Erraza zen euskaldun bat identifikatzea hemendik kanpo. Hiru elementu horiek eman ziren: azpiegiturak, mugimendu politikoa eta beste kultur politikarik ez egotea.

Horrekin lotuta, eman daiteke egoera paradoxiko bat: 50 urteko bi lagun, herri berekoak, betiko lagunak, baina, aisialdia ulertzeko modu ezberdina dutenez, bi mundu paralelo bizi izan dituztenak musikari, janzkerari... dagokionez.

Bai, dikotomia kultural handia egon da hemen, mundu paralelo bi, baita kale berean ere. Durangon gertatzen zen, batzuk Euskal Rock Erradikalarekin lortutako tabernetan soilik mugitzen ziren, eta, besteak, gainontzeko tabernetatik; hori luzaroan gertatu da. Ideologiaren arabera, musika mota bat entzuten zen eta hori oso lotuta zegoen estetika jakin bati.Hori oso modu bitxian aldatu da azken hamarkadan. Euskal Rock Erradikalari lotutako tabernak desagertu egin dira eta txosnetan ere oso aldaketa garrantzitsua eman da: orain musika komertziala programatzen dute. Tesian aipatu moduan, une batean “herri bat, musika bat, baita txarra bada ere” ideia nagusitu zen, eta hori jada ez da gertatzen, edo gutxiago gertatzen da. Lehen, gehienetan, estetikagatik jakingo zenuen zer musika entzuten zuen eta zer pentsatzen zuen bakoitzak. Argi zegoen nor zen pijoa, nor borroka, nor punka… Egun, ez. Oliba Gorria taldekoak elkarrizketatu nituen batean eta zera kontatu zidaten: manifestaldi batean neska batzuk pegatinak jartzen ikusi eta harrituta geratu ziren Ernaikoak zirela ohartzean, itxuragatik ez zutelako inoiz horrela zenik pentsatuko.

Txosnetan izandako aldaketa nabarmentzen duzu. Zergatik?

Oso aldaketa nabarmena izan da, neurri batean ia-ia behartuta eman dena. Garai batean txosnaguneek indarra galdu zen, batez ere Bilbon. Borroka sutsua egon zen Udalarekin eta hautu politikoa egin zuen txosna batzordeak: musika komertziala sartzea. Arrakasta izan zuten, gainera, hori ukaezina da. Areatzako esparrua mantentzea lortu zuten. Eredua, gerora, zabaldu egin zen beste herrietara. Edozein musika mota entzun dezakezu orain txosna batean, eta edonor joan daiteke, nahiz eta rockeroa ez izan. Horri esker, txosnaguneen hegemonia mantentzea lortu da. Hori bai, esparrua mantentzea lortu bada ere, alde kulturala sakrifikatu egin da. Kontraesan bat ematen da, hala ere, DJekin. Gaur egun, oraindik ere zaila da DJ bat txosna batean ikustea, gaztetxeetan bai, baina ez txosnetan. Uda honetan apur bat gehiago ikusi dira. Bilboko txosnetan Las Tea Party bezalakoak izaten dira, baina, oro har, errazagoa da reggeaton musikara jotzea eta kito.

Krisiak zer paper jokatu du izandako aldaketotan?

Baten batek galdetu zidan Podemos alderdiaren soinu banda zein den. Bada, ez dago, egungo mugimenduek ez dute soinu bandarik. Aurreko hamarkadetan, aldiz, beti egon dira. Euskal komunitate nazionalista piztu zenean soinu banda bat izan zen: Euskal Kantagintza Berria. Gero, aurreko krisia etorri zenean, punka izan zen soinu banda gatazka gogortu zenean, rocka, hardcorea eta autogestioa. Aldiz, egungo aldarrikapenek ez dute soinu bandarik, eta, egonez gero, popari lotuta egongo zen. Gatazka ez da amaitu, baina bide politikoetatik bideratu da. Gizartean gauzak besteen esku uzteko joera nagusitu da; “besteek egin dezatela eta gu goazen ondo pasatzera, disfrutatzera”. Gatazkak modu material eta zuzenean planteatzen dira, eta identitate kolektibo berriak aldarrikapen materialen inguruan ematen dira. Seguruenik punkak frustrazioa, amorrua, islatzen zuen; bataila politikoak galduagatik, borroka kulturala geratzen zen. Egun, bai Euskal Herrian bai Estatu espainolean, amorrua dago, baina, aldi berean, baita itxaropen pixka bat ere: elkartu gara plaza batean, beste fase batean sartu gara, bide politikoetan... Ez da gatazka adierazi behar, gatazka bideratzeko bide politikoak daude; bada, punkaren garaian, justu kontrakoa gertatzen zen.

Bitxia da, horrez gain, krisiak musikagintzan izan duen eragina, batez ere kontzertuetan. Azken lau urteetan behera egin dute nabarmen, asko bertan behera geratu dira eta aisialdi ohiturak ere aldatu egin dira; gazteek jada ez dute poteorik egiten, ez dira kontzertuetara joaten, lokaletan geratzen dira edaten, eta, agian, azken orduan irteten dira eta joaten dira Fever bezalako aretoetara. Nahiago dute sarrera ordaindu eta festa horretan egotea kontzertu bat ordaintzea baino; jaialdi handi batera, agian, joango dira, juerga handia dagoelako, baina ez bestela. Hori gertatu da esparru guztietan. Kafe antzokietan igarri da kontzertuek behera egin dutela, Fever bezalako lekuetan ere igartzen da; hasieran nahi zutena egiten zutela eta egun hilean musika elektronikoko saio bat egin eta beste asteburu guztietan musika komertziala sartu behar dutela esaten da.

Bestalde, badirudi emakumeek presentzia irabazi dutela euskal musikan.

Oso minoritarioa da oraindik ere. DJen artean, adibidez, oso gutxi dira neskak; daudenak, hori bai, leku guztietan daude. Las Tea Party ia jai guztietan izan dira aurten. Rap munduan ere oso neska gutxi daude. Rock munduan, bai, pixka bat gehiago daude. Euskal Rock Erradikala bera oso “matxitoa” izan zen. Hala eta guztiz ere, neskak egon ziren, ez asko baina hor zeuden Tahures Zurdos, Vulpes... Agertoki aurrean jartzeko posea eta rockak landu duen pose eta moduak oso “matxitoak” izan dira. Beraz, sartzen ziren neskek rol hori hartu behar zuten edo kontrako rola jokatu. Sexismoa eta sexofobia ere neurri batean eman direla ezin da ukatu. Kostatzen da, baina leku batzuetan, Basauriko gaztetxean adibidez, saiatzen dira nesken taldeak sartzen, egon badaudelako, baina... Gernikako Astran ere saiatzen dira performatibitate “matxito” hori baztertzen. Agertoki gainean neskak ikustea zaila bada, gainera, are zailagoa da beste arlo batzuetan; soinu teknikarien artean ez dago neskarik. Hor Ned-ekoak zerbait apurtzaile, probokatiboa egiten saiatu ziren garai batean, Euskal Rock Erradikaleko tabernetara reggaeton musika eramanez, eta, Katalin Minerrek artikulu batean esaten zuen bezala, «gu saiatu ginen hori egiten modu probokatzaile batean, eta, derrepente, konturatu gara jada txosna denetan reggaetona sartu dela autokritika edo gogoetarik gabe».