Maider Iantzi
IKUSMIRA

KORRIKA, OPARIAK EMAN BEHARREAN JASO EGITEN DITUEN OLENTZERO

Zuia eta Añanan barna, euskaldun aunitzek hain gutxi ezagutzen ditugun Arabako lur hauetan idatzia da testu hau. Elurretan noizbehinka, eguzkiak kukuren bat egiten duela besteetan, galtza motzetan ari dira lasterka korrikalariak, nongoak diren nabaritu dadin.

Mendilerro zurien azpitik, etxe ederren ondotik, paraje izugarrien barrenetik eta, hoberena, zoro zoragarriekin batera joaki da Korrika aitzinera. Hala izendatu ditu furgonetan animatzaile lanetan dabilen Iratik: «Badakizue momenturen batean, Euskal Herriko txokoren batean zoro kuadrilla bat dabilela lasterka? Zoro horiek zoragarriak dira eta momentu honetan zuek zarete». Hala konkistatu ditu denak.

Gehienetan jende andanak zabaltzen du euskararen aldeko mezua, bertzetan talde ttipiagoek, eta hauekin giro intimoagoa izaten da. Elkarrizketak eta jolasak sortzen dira furgonetako kideen eta lasterkarien artean, ostatu batean elkar topatu eta ezagutuko balute bezala, edo desberdin, badutelako, elkar ezagutu aitzinetik ere, lotura berezi bat. Horren seinale dira bide osoan zehar jendeak elkarri ematen dizkion animoak: txaloka, eskuarekin agur eginez, irribarre keinu batekin, muxuak botaz...

Prentsa taldean komentatu dugu Korrikako petoa jantzi eta edozein herritara ailegatzean, berri onak zabaltzera datorren Olentzero sentitzen garela. Desberdintasun batekin: Olentzero honek, eman beharrean, jaso egiten ditu opariak: txokolate beroa bizkotxoekin Larraurin, patxarana Lodosan, madalenak Tuteran, gazta Anizen... pasatzen den orduan pasatzen dela, denetan zerbait. Umeek eurek egindako petoak oparitzen dizkiote, eta aitatxi-amatxiek dirua eskaini. Ostatuan hamabi ogitarteko eskatu eta ez dizkiote kobratzen, eta Aiarako Menagarai herrian, Mendieta Etxean, etxean baino hobeki jan eta atseden hartu du deus ordaindu gabe. Korrika sorreratik ezagutzen duen Barakaldoko emakume batek oroitu duenez, garai batean elizako kanpaiak ere jotzen zituzten lasterketa pasatzean.

Bihar arte, zoro zoragarriak! Milesker.