02 MAY. 2015 EREIN BEHARREKO HAZIAK Hamar egun Brasilgo Via Campesinarekin Lehen sektoreari gehiegi begiratu gabe bizi denak ere badaki kuadrillako pare bati otar bidez ortutik zuzenean ekartzen dizkiotela barazkiak. Esnearen inguruan egon diren gatazken berri ere izango zuen akaso. Edo konturatu da labela duen tomatea harria baino gogorrago egoten dela normalean. Begia gehiago zorroztuko balu, ordea, bertako nekazari askok apustua egin duela ere ikusiko luke, eta harrituta geldituko litzateke apustu horren dimentsio politiko eta eraldatzaileaz, akaso. Horretara eraman gaituzte EHNE-Bizkaia, Bizilur eta Etxaldek Brasilera, begia zorroztera. Antxoka Agirre Gehiegi begiratu gabe bizi den horrek labela duen tomatea baztertu eta «en rama» deritzona –Eroskin erosi badu «sortakoa» ere jar dezake txarteltxoan– erosiko du hurrengoan, bigunagoa, baina zaporerik gabea izan arren. Eta hurrengoan «Raf» motakoa, jateko modukoa, baina haragirik gabea, edo «Cherry» hori, tomatetik bezainbeste mahatsetik duena. Eta pentsatuko du, agian, ez dela tomate garaia, baina «aizu, tomaterik gabeko entsalada bat, hori ez da fundamentua» esango dio bere buruari. Izan daiteke gehiegi begiratu gabe bizitzea hautatu duelako, edo beste interes batzuk dituelako, edo ezarrita dauden kontsumo ohituren indarragatik, edo nekazaritza ekologikoarena burges txikien moda mistiko bat iruditzen zaiolako, edo topikoetatik haratago iristeko tarterik hartu ez duelako, baina ez dio buelta gehiago emango kontuari. Begiak zorroztuko balitu, ordea, ikusiko luke apirilaren 17an Nekazarien Borrokaren Eguna izan dela munduan, eta elikadura burujabetzaren alde egiten dela borroka hori. Edo AEBak eta Europar Batasuna euren arteko merkataritza liberalizatzeko TTIP akordioa ari direla fintzen; sekretuak direla negoziazioak, eurodiputatuei ere ez zaiela aitortzen dokumentazio hori publiko egin eta zabaltzeko aukera, baina, aldi berean, multinazionalek euren tokia dutela mahaian. Negoziazio horien barruan, egunotan Europar Batasunak 19 transgenikoren komertzializazioa baimendu duela ere irakurriko luke, agian. Edo, jakingo luke 2017an Euskal Herrian ospatuko dela Via Campesinaren mundu mailako Konferentzia. Via Campesina izena ezaguna suertatuko zaio akaso, baina izana kontu lausoagoa irudituko zaio ziurrenik. Ez du jakingo munduko mugimendu sozial handiena dela, Afrikako, Amerikako, Europako eta Asiako 73 herrialdeko eta 164 erakundeko (tartean EHNE-Bizkaia; jatorriaz, Basque Country/Spain dio VCren webguneak) 200 milioi nekazari, abeltzain eta artzain biltzen dituena. «Hiru mugimendu bakarrik daude mundu mailan antolatzea lortu dutenak: kapitalismoa, Eliza eta Via Campesina», entzun dugu hainbat aldiz egunotan Brasilen. Aurtengo irailean Emakumeen Mundu Martxa Euskal Herritik pasako da. 2016an Europako kultur hiriburu izango da Donostia. Eta 2017an munduko nekazarien bilgune bihurtuko da Euskal Herria. Bada zerbait. Via Campesinaren apustua 1993an sortu zen Via Campesina. Urte hartan mundu mailako arantzelen arauketarako GATT akordioak gauzatu ziren, nekazaritza politikarako eredu neoliberala eta produkzio eredu industriala globalizatzeko pausu garrantzitsu izan zirenak, eta nekazariak konturatu ziren negoziazio haietan ere euren ahotsa ez zela entzun. Antolatzeari ekin zioten eta, elkarlanean eta borroka asko eginez, gutxinaka Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundea (FAO) edo Giza Eskubideen Kontseilua bezalako mundu mailako erakundeen eztabaidatan erreferente bat izatea lortu dute. Bide horretan guztian mugimendu anitza eta egituraketa horizontalekoa eratu du Via Campesinak, eta mundu mailako sei Konferentzia antolatu gaurdaino: 1993an, Mons (Belgika); 1996an, Tlaxcalan (Mexiko); 2000, Bangalore (India); 2004, Sao Paolo (Brasil), 2008, Maputo (Mozambike) eta 2013, Jakarta (Indonesia). 50eko hamarkadan AEBetan “Iraultza Berdea” izenarekin sortu zen eredua da egun nagusi, oinarri nagusiak mekanizazioa, berrikuntza teknologikoa, ongarri kimiko eta toxikoen erabilera intentsiboa, errendimendu altuko aldaeren garapen bioteknologikoa, monolaborantza eta espezializazioa dituena. Via Campesinak salatzen duenez, eredu honekin munduko biztanleria elikatzeko behar denaren %150 ekoizten den arren, inoiz baino gehiago dira gose direnak, 900 milioi pertsona, eta horien artean, hirutik bi nekazariak dira. Lurren kontzentrazioa ere salatzen du aukera duen bakoitzean, multinazionalek urtero 10 milioi hektarea bereganatzen dituztela azpimarratuz; munduko lurren %65 euren esku dagoela dagoeneko. Montalbo, Sygenta, Nestlé, Bunge, Bayer, Dupont edo Cargill bezalako izenak dituzten lurjabe hauen helburua ez da “Iraultza Berdeak” aldarrikatzen zuen bezala garapena bermatzea eta gosea desagerraraztea, dirua egitea baizik, eta dirua herrialde txiroetan merkeago ekoitziz eta aberatsetan garesti salduz egiten dute. Horrek hegoaldeko gosea areagotzea dakar, nekazariek elikatzeko erabiltzen zituzten lurrak esportaziorako monolaborantza bihurtzen baitituzte (Brasilgo kasuan %538ko hazkundea 1990tik 2008ra, esaterako). Era berean, iparraldeko ekoizpenek lehiakortasuna galtzea dakar, eta bertako nekazaritzak, bestelako hainbat enpresekin gertatu den bezala, deslokalizazio prozesua jasatea. Erabakiak, herritarren esku Nekazari mugimenduak multinazionalek eta maioristek hazien, ongarrien eta toxikoen ekoizpena monopolizatzeko bidean direla salatzen du, halaber, eta transgenikoen garapena dela horretarako azken pausua (Bigarren Iraultza Berdea deitzen diote aldekoek). Edo sustatzen diren monolaborantzek biodibertsitatea (20 urtean munduan 150 milioi hektarea baso suntsitu dira, esaterako) ez ezik, tokian tokiko nekazaritza kultura eta bizimodua ere suntsitzen dituela. Eredu alternatiboa proposatzen du Via Campesinak, proposatu eta egunez egun praktikara eraman, 200 milioi nekazari txiki eta ertain horien eskutik. Elikadura burujabetza deritzo eredu honi, eta lehen aldiz FAOk 1996an antolatu zuen Erromako Elikaduraren Munduko Goi Bileran aurkeztu zen teorizazioa du oinarri. Honela, azpimarratzen da elikaduraren eta elikagaien ekoizpenari eta kontsumoari dagozkion erabakiak herritarren esku behar dutela, eta nagusiki ekoizle nahiz kontsumitzaileak izan behar direla erabaki subjektu, multinazionalak edo enpresa handiak beharrean (Bolivian, Nepalen, Malin eta Senegalen Konstituzioan jaso dute kontzeptua). Erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeaz gain, apustu jakin bat ere egiten da: tokian tokiko elikagaien ekoizpen ekologikoa eta gertuko kontsumoa lehenetsi behar dira, egiteko modu horiek behar den produkzio mailara iristeko gai direlako, eta merkeagoak, osasuntsuagoak (Brasilen 5,2 kilo toxiko ei dira urtean biztanle bakoitzak irensten dituenak), iraunkorragoak eta ingurugiroa, aniztasun kulturala eta nekazarien duintasuna areago errespetatzen dutenak direnez. Hamar egun Brasilen Apirilaren 8tik 19ra, Etxalde, EHNE-Bizkaia, Bizilur eta Brasilgo Via Campesinaren ekimenez, eta Lakuaren Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Nazioarteko Garapenerako Lankidetza Zuzendaritzaren eta Europar Batasunaren finantziazioarekin, euskal ordezkari zenbait Brasilen egon gara elikadura burujabetzaren inguruan garatu dituzten esperientzia batzuk ezagutzen. Euskal Herriko baserritarren mugimenduko ordezkariak (EHNE-Bizkaia eta Etxalde), sindikatuetakoak (ELA eta LAB), instituzionalak (Udalbiltza, Ezkio-Itsasoko alkatea, Bilboko zinegotzi bat, Gipuzkoako Foru Aldundia), eskualde eta udal garapen agentzietako ordezkariak eta teknikariak (Mutrikuko Udaleko Tokiko Garapena, Urola Garaiko Garapen Agentzia, Tolosako Tolomendi Landa Garapeneko Agentzia, eta Aramaio eta Gatzagako proiektuak), mugimendu sozialak (Bilgune Feminista, Ernai eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta), EHUko irakasleak ( Soziologia eta Kazetaritza Sailetatik) eta Bizilurreko kideak joan gara taldean. 17 lagun, ordezkaturiko erakundeak edo proiektuak baino pertsona gutxiago, gastuak kontrolatu eta emaitza biderkatzaile bat lortu nahian. Diziplina anitzeko taldea, nork bere alorrean ekarpentxoa egiteko xedearekin, anitza, baina batez ere animosoa, hartutako neke-lanak gorabehera, beti prest azaldu dena. Brasil, herrialde bat baino, kontinente bat da. 200 milioi biztanle ditu eta 8,5 miloi kilometro koadro. Antolatzaileek banatu diguten gidan jasotzen denez 28 alderdi politikok dute ordezkaritza bertako Ganbera Legegilean; mugimendu sozial eta sindikatuen zerrenda are luzeagoa da, eta nekazaritzarekin zerikusia duten plan, programa nahiz erakunde publikoen izen eta akronimoek bi letra zopa egiteko ematen dute. Ez da lan erraza, bada, bertako errealitatearen irudi osatu eta zehatz bat eskaintzea, baina antolatzaileek ahalegina egin dute, baita lortu ere, programa benetan potente bat lotuz. Mugimenduetako ordezkariak, sindikatuetakoak, ordezkari instituzionalak, establimendu zein kanpamenduetako jendea, kooperatibistak, ingeniariak eta teknikariak, unibertsitateko irakasleak eta ikasleak, etab. Hamar egunetan hemezortzi hitzaldi izan ditugu; bakoitzean, batezbestean, hiruzpalau hizlariren azalpenak entzun, galderak egin eta eztabaidatzeko tartearekin. Esperientzia zenbait bisitatzeko aukera ere egon da, teoria adibide praktikoekin osatzeko: MSTk eraikiriko Florestan, Fernandez eskola, Sao Paulo ondoan; azoka ekologikoa, Porto Alegren; arroz organikoa lantzen duen kooperatiba, Dorado do Sulen; arroz eta barazki organikoak lantzen dituzten establimenduak, Nova Santa Ritan eta Viamaon; lurrak okupatu dituen kanpamendua, Passo Fundon; ogia lantzen duen emakume nekazarien kooperatiba txikia, Sagrada Familian; hazi kreolak ekoiztera bideraturiko kooperatiba, Sao Miguel do Oesten; nekazari feministen komunitatearekin bazkaria eta bazkalondoa, Quilombon; Biogasa ekoizten duen komunitatea, Itaparangan; mugimendu feministak eraikiriko formazio zentroa, Chapecon; Universidade Federal Frontera do Sulera bisita, Chapecon baita ere; edota Sao Pauloko Udaletxera eginiko bisita. Toki guztietan hartu gaituzte etxean bezala, eta toki bakoitzean sekulako bizipozarekin partekatu dute euren esperientzia. Honela, informazio baliagarri mordoa jaso dugu, dela Euskal Herrira ekar litezkeen praktika edo ideiak direlako, dela norberarentzat baliagarriak diren istorio, emozio edo grinak eskaini dizkigutelako. Brasil, herrialde bat baino, kontinente bat da, eta batetik besterako distantziak ez dira geurean bezalakoak. Batez ere hegoaldeko hiru estatutan bakarrik ibili garen arren (26 dauzka Brasilek), eta tartean bi barne hegaldi egon badira ere, ordu mordoa joan dira mikrobusean, Christian eta Paolo handiak gidari genituela, atzera eta aurrera. Eta ordu hauek ere ez dira alferrik galdu. Lo kuluxka batzuk egiteko ez ezik, elkarren berri jakiteko eta brasildarrengandik jasotako informazio tonak elkarrekin barneratzeko aukera polita ere izan dira. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta; PNAEaren moduko zerbait Euskal Herriko eskoletako jangeletan aplikatu ote litekeen; TIPPak Europako haragi ekoizleen amaiera ekarri dezakeela; arrautzen barra kodeetan ekoizteko moduaz jasotzen den informazioari buruzkoak; norbaitek etxeko ortuan landaturiko senda belarrak; horiek hizpide. «Camponeses, camponesas ¡Viva San Fermin!». Txiste txarrak egin eta adar-jotzerako ere ez da aukerarik galdu, noski. Beste askorako tarterik ez da egon; churrasqueria bat edo beste, mate dezente, gaucho ikuskizun bat, delegazioko kideren batek oso gertutik ikusi zuena zartailu eta guzti, “A Vida No Sul” telebista saioak egin zigun elkarrizketa, bertako kuadrilla handi baten urtebetetze afaritzar surrealista (besteak beste musika bandak Clavelitos jo zuen euskaldunon ohoretan), caipirinharen bat, barruan trago bat hartzen ari ginela Sao Pauloko poliziak itxi zuen diskoteka bat ere bai (ez genuen ulertu zergatik izan zen, baina ez zen gure errua izan) eta portugesez ikasitako hitz gutxi batzuk (nekazaria-campones, elkarlana-parceria...). Maletan ekarritakoak Hazi kreolak ekarri ditugu maletan. Debekatuta dago baina MPAkoek Sao Miguel do Oesteko hazitegian oparituriko hazi poltsatxoek arazorik gabe pasa dituzte aduanak. Eta paper, informe, programa, liburu eta liburuxka mordoa ere ekarri dugu, kiloka, Brasilgo esperientzien berri ematen dutenak; hauek ere hazi kreolak neurri batean. Euskal Herrian baliagarriak izan daitezkeenen artean nekazaritza mugimenduak eraikiriko aliantzak izan dira interes gehien piztu dutenak. Instituzioekin gauzatu dena, esaterako: PAA eta PNAE programak. Lehenengoaren bidez, gobernuek nekazariei zuzenean erosten dizkiete gero jangela publikoetan (ospitaleak, espetxeak, Elikagaien Bankua eta abar) kontsumitzen diren produktuak. Bigarrenak, aldiz, ikastetxe publikoetako jangeletan kontsumitzen diren elikagaien %30 inguruko nekazariek ekoitzitakoak izan behar direla dio. Ezagutu ditugun mugimenduetako kideen testigantzak bat datoz; ez daude konforme Lularen eta Dilma Rousseffen PTak gauzatu dituen politikekin. Agindutakoa ez dutela bete diote, nekazaritza ekologikoari baino askoz ere babes erabakigarriagoa eman zaiola nekazaritza industrialari, programa hauek ere ez dutela behar bezala funtzionatzen… Baina denak bat datoz programa horien garrantzi handia aitortzerakoan (nekazarien pobrezia tasa %40tik %30era jaitsi da PTren gobernuekin), eta jarrera kritiko batekin bada ere, gobernuari euren babesa ematen diote eskuinaren erasoen aurrean (azken aldian militarren esku-hartzea eskatzera ere iritsia da eskuin hori hainbat mobilizaziotan). Garatu duten beste aliantza garrantzitsu bat landaren eta hiriaren artekoa izan da. Central Única dos Traballhadoreseko (CUT) Jairok laburbildu digu oinarrian dagoen filosofia: «Elikadura, osasunari eragiten dion neurrian, ez da bakarrik nekazariei eragiten dien kontu bat. Bestalde, nekazarien borroka, euren lan indarretik bizi direnez, langile klase osoaren borroka ere bada. Eta eredu neoliberalari kontrajartzen zaion eredu bat lantzen ari direnez, hor gure elkartasun osoa izango dute». Rio Grande do Sul estatuan 140.000 afiliatu dituen metalaren sailean dihardu buruzagi beterano honek eta esplikatu digu sindikalista eta nekazariak elkarrekin joaten direla fabrikaz fabrika elikadura burujabetzaren bertuteez informatzera, eta gero Hitzarmen Kolektiboan lantegiko jantokirako nekazariei zuzenean erosteko klausula bat eskatzen dutela. «Kontsumoa ekintza eraldatzaile bihurtzen du horrek; sistema sistemaren barrutik aldatzeko modu bat da, nekazariek proposatzen dutenak dimentsio politiko oso garbia baitu», gaineratu du Jairok. Ez da nekazarien eta langileen artean adostu den akordio bakarra. “Plataforma Operaria E Camponesa Da Energia” delakoak, hamahiru sindikatuz eta Via Campesinako mugimenduez osatuta dagoenak, proiektu energetiko herrikoi bat proposatu du, mundu mailako interes geopolitikoen arabera dantzarazitako esparru horretan (CIA, Frantzia eta Txina aipatu dizkigute, besteak beste) Brasilen energia burujabetza aldarrikatzeko. Prestakuntzari ematen dioten garrantzia da interesgarria suertatu zaigun beste alderdi bat. Prestakuntza teknikoari dagokionez, sekulako ahalegina ari dira egiten. Irakaskuntza ofizialak ez du nekazaritza industriala baino irakasten, eta eskola sare bat osatu dute, nekazarien jakintza tradizionala berreskuratu, irakatsi eta ikerketzen hasia dena. Prestakuntza ideologikoari ematen dioten garrantzia da, ordea, deigarriena iruditu zaiguna. Florestan, Fernandez eskola da harribitxi distiratsuena: mugimenduetako agintariak politikan trebatzeko sortua, boluntarioen lanaz eraiki eta Brasilgo nahiz nazioarteko elkartasunari esker finantzatua, unibertsitate campus txiki bat hainbeste da tamainan eta erreferente bihurtu da munduko mugimendu sozialentzat. Pedagogia bat ere garatu dute propio, ikastordu magistralei bezainbesteko garrantzia ematen diona komunitatean bizi beharreko esperientziari. Sortu duten eskola-sare osoan eskaintzen dute prestakuntza politiko hori, euren pedagogia aplikatuz, eta hegoaldeko mugimendu sozialen borrokaren fruitu gisa ulertzen den Universidade Federal Frontera do Sulen ere, duela bost urte jarri zuten martxan, sei campusen bitartez. Prestakuntza horren emaitza bistakoa da han eta hemen hartu gaituzten mugimenduaren buruzagiek erakutsitako gaitasunean, baina baita kanpamenduetako plastiko beltzaren azpian bizi direnen artean edo kooperatibarik xumeenean lanean ari direnen artean ere. Denek dute kolektibo baten baitako izatearen kontzientzia, borroka kolektiboaren nondik norakoaren ideia garbi bat, koiuntura politikoaren irakurketa partekatu bat… Klase borroka, kapitalaren erasoak, erresistentziaren duintasuna, eta abar, gurean akaso usatuegiak diruditen kontzeptuak bizi bizirik hautematen dira euren gogoan. Hain zuzen ere, gehiegi begiratu gabe bizi den horrek aipa dezake Euskal Herria ez dela Brasil, hango egoera sozioekonomikoa eta hemengoa oso ezberdinak direla, bateko eta besteko mugimendu sozialen neurriak ere ezin direla parekatu. Ez zaio arrazoirik faltako, baina begia zorroztuko balu, hemen ere dezenteko saltsa dagoela usaindu ahalko luke. Jakingo luke Europan ahora daramatzagun jakiek 4.000 kilometro egiten dituztela batezbestean, edo Euskal Herrian kontsumitzen diren barazkien %4 baino ez direla ekoizten bertan. Eta nabarituko luke bertako ekoizle eta kontsumitzaileak hasiak direla eredu aldaketarako pausuak ematen. Gu behintzat errezelo horrekin etorri gara Brasildik; askoren arteko elkarlana eta elkartasuna direla medio, elikadura burujabetzan bide polita egin daiteke Euskal Herrian ere. ETXEKOAK Apirilaren 10etik 17ra Argentinan Coordinadora Latinoamericana de Organizaciones del Campo (CLOC) delakoaren hiru urtean behineko Biltzar Nagusia burutu da. Brasilgo Via Campesinako hainbat eta hainbat buruzagi joan da bertara, baita gure esperientziaren antolakuntzan aritu diren MST, MAB, MPA eta MMCko kideak ere, eta komentatu izan digute horrek zailtasunak eragin dizkiela gure ordezkaritzari behar bezalako harrera egiteko. Guk ez dugu nabaritu. Movimento dos Trabalhadores Rurais Sem Terra (MST) 1984ean sortu zen eta miloi eta erdi kide ditu egun, horietatik 150.000 familia kanpamenduetan eta beste 380.000 asentamenduetan bizi direlarik. Kanpamenduak latifundista baten lurrak okupatu dituzten nekazari komunitateak dira. Plastiko beltzez estalitako txabolatan bizi dira, okupatutako lurra lantzetik, antolakuntza komunitario batekin, epaile baten aginduak bertatik bota ditzaketenaren mehatxupean. Asentamenduak, aldiz, legeztaturiko kanpamenduak dira, Brasilgo konstituzioak lurrek bere funtzio soziala bete ezean, alegia produzitu ezean, desjabetu egin daitezkeela dioenez, epaileek hainbatetan usufruktuan ematen baitizkiete okupatzaileei. Gune hauetan bizitakoak izan dira hamar egunotako esperientzia hunkigarrienak: Passo Fundoko “Terra e Vidan” kanpamenduan, polizia egun batetik bestera etorriko zitzaiela jakin berri bazuten ere, bertako 80 familiek ez zuten etsitzeko asmorik; Nova Santa Ritako asentamenduan, euren egoera legeztatu arte kanpamendu batetik bestera bizi izandako lau urtetako odisea kontatu ziguten; edo Porto Alegreko azoka ekologikoan ogia oparitu harrotasunez bikote batek: «Kanpamenduetan bizi ginenean askotan ez genuen ahora eramateko ogirik ere, eta geure buruari zin egin genion egunen batean geuk ekoitzitako ogia salduko genuela». Movimento dos Atingidos por Barragens (MAB) Brasil munduko lehen potentzia da energia hidroelektrikoaren ekoizpenean, azken hamarkadetan dozenaka proiektu erraldoi gauzatu dituelarik. Proiektu horiek, ordea, milaka nekazariren lurrak suntsitu dituzte, eta baita dozenaka herri eta komunitate ere. Kaltetu horiek guztiak MABen antolatu dira azken bi hamarkadatan, lur berriak edo kalte-ordainak eskatzeko (normalean ez zaie deus eman), eta indarrean dagoen eredu energetikoaren gabeziak eta alternatibak proposatuaz. Itaparangan, esaterako, duela hamabost urte euren lurretan presa bat egitea aurreikusi zenetik ez dute deskantsurik hartu: mobilizazioak, elizarekin eta inguruko instituzioetako ordezkariekin bilera eta akordioak, sinadura bilketak, presarako proiektu txikiago baten diseinua… Euri ura eta eguzki-plakak euren zerri haztegiak hornitzeko, zerrien zimaurretik ateratzen duten biogas ekoizpena… Alemaniarren ondorengoak izanik alemanaren adiera zahar bat hitz eginaz (eta eskolan irakatsiaz) eta puntualtasun germaniarrarekin (gu ere oso presaka ibili gintuzten uneoro) egin dute hau guztia gainera. Movimento de Mulheres Camponesas (MMC) Duela 20 urtetik ari dira lanean, nagusi den ereduaren ondorio gordinenak jasaten dituen emakume nekazarien egoera hobetu nahian. Mugimenduen diskurtsoan eta zuzendaritza guneetan parekidetasunak dezenteko pisua lortu du, baina oraindik ere lan asko dago egiteko, frente ezberdinetan. Ondorioz denetarik entzun eta ikusi ahal izan dugu. “As Camponesas” okindegi kooperatibako sei emakumeena bezalako istorio ederra kasu, lan eta borroka askoren ondoren hasieran kontra zuten ingurua, gertukoena behintzat, parekidetasunean heztera eta herriko emakumeen erreferentzia izatera eraman dituena. «Tratu txarrak jasotzen dituzten emakumeak gure okindegira etortzen dira babes eske», kontatzen dute. Edo Noeli Taborda, Chapecon hitzaldia eman zigun buruzagiarena,bezalako adierazpen garratzak: «Nekazaritza ekologikoa aldarrikatzen hasi ginenean ‘emakume kontutzat’ hartu zuen askok. Gero mugimendu guztia lerratu da apustu horretara. Edo ekintza bortitzekin hasi ginenean, Monsantoren laborategiak okupatzen eta abar, burugabekeria bat zela esan zuten askok, eta gero ikusi da oso eraginkorra izan zela. Aitzindariak izan gara emakumeak borroka honetan baina inoiz ez digute aitortu». Movimento dos Pequenos Agricultores (MPA) 1985etik 1995era Brasilen %20an murriztu zen familien nekazaritzarako baliaturiko lurren hedadura eta bost miloi lanpostu galdu ziren lehen sektorean. Hala ere, oraindik dezenteko pisua den sektore bat da (biztanlegoaren %15a, alegia, 30 milioi nekazari), eta azken hamarkadan, nekazaritza industrialak erabat bazterrean uzten zituela ikusita, MPAren inguruan antolatuta nekazaritza ekologikoaren aldeko apustu garbia egin dute nekazari txikiek. «Ez dugu multinazionalen edo enpresa handien soldatapeko langile bihurtu nahi, nekazariak gara, eta horri eutsi nahi diogu», azaldu digu Tairi Felipek. Nekazaritzaren duintasuna berreskuratzeko Programa integralaren azalpen bikaina egin digute, eta Sao Miguel do Oesteko hazitegi kooperatibaren esperientzia ere oso interesgarria izan da: inguruetako nekazarien haziak berreskuratzen dituzte, gobernuaren komertzializazio lizentziak lortzeko tramite guztiak egin, haziak transgenikoen kutsadurarik ez dutela ziurtatzeko teknologia bat garatu dute… «Nekazarien artean erabat berezkoa izan da ezagutza eta hazien elkar trukaketa. Galtzen hasia zegoen hori eta berriro aktibatzea lortu dugu», esplikatu digu Tairik. Gure euskal ordezkaritza laguntzen aritu da MPAko buruzagi gazte hau hamar egunotan, itzultzaile eta gidari lanetan, eta esan beharrik ere ez dago ezin hobeto egin duela. BIDE BERRIAK Iazko ekainean izenburu hori daraman dokumentala estreinatu zen Euskal Herrian. Dokumental bikaina da, elikadura burujabetzaren inguruan gurean gauzatu izan diren ekimenen berri eman eta hainbat ideia eta datu eskaintzen dituena: Bertako esne ustiategien %40 eta nekazaritza lurren zati handi bat galdu da azken 20 urteetan; bertako nekazaritza ustiategien %90ek ez du erreleborik; ekologikoarekin ezin da gaur-gaurkoz Euskal Herriak dituen elikadura beharren %100 ase, baina horrek behar du xede; topikoak dio ekologikoa ez dela jasangarria, baina ez da egia, eta instituzioak ere hasiak dira konturatzen; instituzioek lurrak erosi beharko lituzkete, edo bestela okupatzeari ekin beharko zaio; ekoizle eta kontsumitzaileen arteko komunikazioa berreskuratu beharra dago; ekoizle eta kontsumitzaileen arteko kooperatiba mistoak eratu beharko genituzke… Dokumentala, alde guztietatik begiratuta, oso ona da. Baina izenburuari egin dakioke ñabardurarik; elikadura burujabetzari dagokionez, bide berriez ari da, baina dokumentalean parte hartu dutenen zerrendari begiratu soil bat ematearekin jada hainbat pausu eman direla ikus daiteke: Arantzadi bizirik, Red Agroecológica de la Ribera, Euskal Herriko Laborantza Ganbera, Lurzaindia, Idoki, Basaburu, Zerain dezagun Fundazioa, Ekolapiko, Oiartzungo Urmendi Haur Eskola, Gernikako Azoka, Esnetik kooperatiba, EH Hazien Sarea, EHNE-Bizkaia, Via Campesina, Uribe Kostako Agroasanblada, Deustuko Kontsumo Sarea, Nekasare, Orduñako ekoizpen zerbitzua, Bedarbide Elkartea, Bizkaia Esnea, Karrantzako hiltegia, Laneko kooperatiba, Txaramela Pasta Ekologikoa, Euskal Herriko Laborarien Batasuna… Azpimarra berezia merezi dute dokumentalaren ekoizleek: Etxaldek eta Bizilurrek. Lehenengoa Hegoaldetik EHNE-Bizkaiak eta Iparraldetik Euskal Herriko Laboratza Ganberak (ELB) elikadura burujabetzaren alde eragiteko sortu duten mugimendua litzateke. Bigarrena GKE bat da, 2002an Urduñan elikadura burujabetzaren inguruan abiatu zen elikadura burujabetzako esperientziaren inguruan sortua, baina denborarekin eta hainbat lagunen pasioari esker, Via Campesinaren eta Zapatismoaren laguntzaile eta Euskal Herriko elikadura burujabetzarako estrategiaren elementu garrantzitsu bihurtu dena. Dokumental horretatik kanpo gelditu diren hainbat ekimen interesgarri ere badago, noski. Aramaion elikadura, energia eta burujabetza kulturalaren inguruan garatu den proiektua; Sopelako elikadura jasangarriko proiektua; Larrabetzun udal jangelen inguruan gauzatu dutena; Iparraldean Idokin edo Lurzaindian gauzatu dituztenak; Gatzagako gatzaren museoa berreskuratu duena; Bertatik Bertara proiektua; Nafarroako baratza ekologikoak, Errigora proiektua barne; BasHerria; Nekasarea; Arratiako agroasanblada; Ajangizko eta Ezkerraldeko Nekazal Garapenerako planak; han eta hemen sortu diren kontsumo taldeak... Eta formazioan ere eman dira pausu batzuk, UEU eta EHUren Hegoa Institutoa Nekazaritza Ekologikoaren inguruko ikasketak hasi baitira eskaintzen. Maila orokorragoan, ASSEH (Euskal Herriko Elikadura Burujabetzaren aldeko Eragileen Aliantza) ere eratu da, VSF, Emaus eta Mundubaten parte-hartzearekin, edota izaera guztietako 140tik gora eragilek sinatu duten Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren oinarrietan ere jasotzen da eredu aldaketa. Euskal Herrian biztanleriaren %3 baino ez da ari lehen sektorean, kontsumitzen diren elikagaien %5 ekoizten duen ‘Iparralde Globalaren’ baitan kokaturik gaude, eta ez daukagu Brasilen ikusi dugun bezalako giharrik, baina sarea ari da ehuntzen, askotarikoa, kontzientziatua, aktiboa, horizontala. 2017ra begira ere sortuko dira berriak. Elikadura burujabetzaren arabera, elikaduraren eta elikagaien ekoizpenari eta kontsumoari dagozkion erabakiek herritarren esku behar dute, ez multinazionalen esku 1993an sortu zen Via Campesina; arantzelen arauketarako mundu mailako GATT akordioek produkzio eredu industriala globalizatzea zekarten, eta horien kontra egiteko abiatu zen «Elikadurak, osasunari eragiten dion kontua denez, ez die nekazariei bakarrik eragiten. Eta nekazariak euren lan indarretik bizi direnez, euren borroka langile klase osoarena da» Egungo ekoizpen ereduak munduko biztanleria elikatzeko behar denaren %150 ekoizten duen arren, inoiz baino gehiago dira gose direnak, 900 milioi pertsona; eta hirutik bi nekazariak «Kontsumoa ekintza eraldatzaile bihurtzen du honek, sistema sistemaren barrutik aldatzeko modu bat, nekazariek proposatzen dutenak dimentsio politiko oso garbia baitu» Lula eta Dilma Rousseffen PTak gauzatu dituen politikekin ez daude oso pozik. Nekazaritza ekologikoari baino babes gehiago eman omen diote nekazaritza industrialari