Ask.fm eta gaztetxoak
Ikasturte honetako deskubrimendu izan da Ask.fm. Banekien existitzen zela. Baina ez nuen uste gaztetxoek erabiliko zutenik. Aipagarria da, halere, adin bereko gaztetxoak izan arren, herriaren edo inguruaren araberakoa dela tresna honen erabilera, Beasainen bere erabilera oso zabaldua egon arren, Legazpin ezagutu ere ez zutelako egiten, esaterako. Hortaz, lagunen eta inguru sozialaren bitartez hasten dira, hastekotan, tresna hau erabiltzen.
Ask.fm sare sozial gisa sailka daiteke. Egun 70 milioi erabiltzaile ditu eta bederatzi hizkuntzatan dago eskuragarri, tartean gaztelania, frantsesa eta ingelesa. Bere ezaugarri nagusia anonimotasuna ahalbidetzen duela da. Anonimotasuna: galderak egiteko, ematen dizkiguten erantzunetan “Atsegin dut” adierazteko eta baita galderak jasotzeko ere. Galderak egitean, euren kontua aktibo mantentzen dute, jarraitzaile gehiago lortzen dituzte eta galdera gehiago jasotzen dituzte bueltan. Gurpil zoroa.
Horren bila doaz gaztetxoak sare sozial honetan: anonimotasunaren bila. Eta kuriosoa da, euren ingurukoei modu anonimoan galderak egiteko baliatzen baitute. Zergatik bilatzen dute anonimotasuna? Zer galdera mota egin nahi dituzte? Zergatik ez dituzte galdera horiek euren profiletik egiten, eurak nor diren ezkutatu gabe? Anonimotasuna bilatze horrek, helburu horrek berak, nekez eraman gaitzake tresna honen erabileraren onuretara. Anonimotasuna bilatzen bada, aurpegia emanez egin nahi ez den zerbait egiteko delako, besterik gabe. Izan grazia edo mina egiteko.
Horregatik, hain zuzen, birritan kritikatua eta salatua izan da Ask.fm, mezu iraingarriak, pedofilia kasuak eta, oro har, «ziberbullying»-erako erabiltzen delako. Erresuma Batuan, David Cameron berak Ask.fm sare soziala ixtea eskatu zuen, lau gaztetxok bere buruaz beste egin eta gero. Lau kasuetan, sare sozial horretan jasandako erasoak hartu dituzte oinarri. Cameronen eskariari erantzunez, Ask.fm sare sozialak seguritate politika aldatu zuen: batetik, “salatu” botoia aurrez baino nabarmenago jarriz; eta, bestetik, kontua sortzerakoan posta elektronikoko helbide bat eskatuz, erabiltzailearen IP helbidea lortzeko helburuarekin. Edozein kasutan, ez Ask.fm berak ez Amazonek (azken honen zerbitzarietan funtzionatzen du Ask.fm-ek) ez dute sare soziala ixteko erabakia aukera gisa ere aurreikusi. Enpresak dira, ezin dugu ahaztu. Zenbat axola ote zaie gaztetxoengan sortzen duten ezinegona.
Ildo beretik, axola al zaie telefonia operadoreei gaztetxoek smartphoneak nola erabiltzen dituzten? Zein da euren helburu bakarra, negozioarekin jarraitzea ez bada? Ez al dago marra gorririk? Ez al zaie ezer exijitu behar gaztetxoen osasunarekin jolasten duten enpresei? Nortzuk dira honen guztiaren arduradunak, instituzioak ez badira?
Ask.fm eta gisako sare sozialak irekita mantentzeko erabakia beren jabeen esku soilik uzteak amorratu egiten nau. Anonimotasuna entretenimenduarekin lotzen dute, jakina denean Internet eta anonimotasuna binomioa minari eskutik helduta datorrela. Sare sozialen erabileran, oro har, ez dut debekuaren alde egiten, erabilera arduratsuaren alde baizik. Eta erabilera arduratsua bermatzeko irizpideetan jartzen dut indarra, bai gaztetxoekin eta baita gurasoekin ere. Eta anonimotasuna inoiz ez da erabilera arduratsuaren parte izango. Hortaz, Ask.fm, zalantzarik gabe, salbuespen bat da eta ez dut, inola ere, bere erabilera gomendatzen: gaztetxoaren garapen sozial eta pertsonalean traba besterik ez duelako egingo. •