06 JUN. 2015 IKUSMIRA BERRADISKIDETZEA FUTBOL ZELAIRA ERAMAN DUTE KUBAK ETA AEB-EK Aimar Etxeberria Korta Futbol partida bat baino askoz gehiago izan zen pasa den asteartean Kubako futbol selekzioak eta New Yorkeko Cosmos taldeak Habanako Pedro Marrero estadioan jokatutakoa. Lagunarteko partida izanagatik ere, pisu sinboliko eta historiko handia izan zuen. 37 urte ziren AEBetako futbol talde batek uhartea zapaltzen ez zuela. Baina Raul Castro Kubako presidenteak eta Barack Obama AEBetako bere homologoak duela bost hilabete bi herrialdeen arteko elkarrizketak berrabiatuko zituztela adierazi izanak ahalbidetu du talde estatubatuar bat Karibeko uhartera itzuli izana. Neurketak luxuzko ikusle bat ere izan zuen: Pele. Cosmos taldean amaitu zuen bere futbol ibilbide profesionala hiru Munduko Txapelketaren jabe den jokalari brasildarrak, eta Habanan jazo zen une historikoa bertatik bertara bizi nahi izan zuen. Neurketaren itzulerako partidaz hitz egiten da orain, baita “Granma” egunkari kubatarrean bertan ere. «Gaurtik aurrera edozer da posible», diote.