06 JUN. 2015 BEIJINGETIK 20 URTERA Emakumeen ahalduntzeak gizadia ahalduntzen duelako Beijingeko Emakumearen Konferentziatik hogei urtera, Nazio Batuak Emakumeak 2015eko garapen agenda lantzen ari da. Eskubideak gauzatzea helburu, ekonomiak eraldatzeko beharra jartzen du lehen lerroan. Kalean, berriz, emakumeek politiken aldaketan ahotsa eta eragina izan nahi dute, eskubide unibertsalak bermatzeko boterea. Nerea GOTI Hogei urte igaro dira jada Beijingo Emakumearen Konferentzia izan zenetik, eta, hala, bilkura hartatik hona munduan gertatu denaren ebaluazioa egin nahi izan dute estatuek, Nazio Batuek, mugimendu feministak, gizarte mugimenduek... Ingurura begira, emakumeen egoeraren gainean egindako azterketa horrek emaitza eta ñabardura ezberdin asko utzi ditu, baina, betiere, hausnarketa global komun baten baitan: aurrerapausoak izan dira, bai, baina oraindik ere bide luze-luzea dago aurretik, baita aldaketarako erresistentzia ugari ere. Nazio Batuak Emakumeak erakundeak dioenez, Beijingo Ekintza Plataformak bizitzaren arlo guztietan irudikatu zuen genero berdintasuna, baina, aldiz, ez dago egitasmo hori bete duen herrialderik. Duela hogei urte estatuei ezarri zitzaizkien etxeko lanen artean lehentasuna zuen emakumeek eremu guztietan jasaten duten indarkeria ezabatzeak. Orduan zehaztutako lan ildoen artean, emakumeen pobreziari eta osasun arazoei aurre egitearen beharra ere agertzen zen, baita komunikabideetan eta erabaki eremuetan emakumeen ahotsa indartzeko deia ere, besteak beste. Hogei urteren bueltako hausnarketa global honetan, Emakundek ahots bi elkarren aurrean jarri ditu orain gutxi Bilbon, Beijingeko biltzarretik bi hamarkadara emakumeek munduan bizi duten egoera aztertzeko: Begoña Lasagabaster Nazio Batuak Emakumeak-eko Politika Dibisioko zuzendaria eta Begoña San Jose Parte-hartze eta Berdintasunerako Emakumeen Elkarteen koordinatzailea eta Politika Feministako Forumeko kidea. Garapenerako gizarte politikak Hausnarketa orokor bat utzi zuen Lasagabasterrek Bilbon: «Bigarren Mundu Gerraren ostetik inoiz baino aberatsagoa baina baita ezberdinagoa ere da mundua». Horren adibideak jarri zituen: hezkuntzara heltzeko inoiz baino aukera gehiago dituzte emakumeek, baina eurenak dira txarren ordaindutako lanpostuak edota lan baldintza txarrenak. Duela hogei urte Beijingen emakumeenganako indarkeria ezabatzeko neurriak eskatu ziren. Lasagabasterrek gogora ekarri zuen Osasunaren Mundu Erakundeak adierazitakoa: emakumeekiko indarkeria mundu mailako «pandemia» da. Indarkeriaren argazki horretan, 2014. urtea «oso latza» izan zela nabarmendu zuen, eta emakumeen aurkako muturreko jarrerak dituzten Boko Haram bezalako mugimenduak edo mundu mailako gatazkak aipatu zituen. Nazio Batuek Emakumeak-ek argitaratu duen “Emakumeen garapena munduan” izeneko txostenaz ere hitz egin zuen Bilbon Lasagabasterrek. Sarreran bertan, funtsezko ideia bat luzatzen du txostenak: “Ekonomiak eraldatu eskubideak gauzatzeko”. Finean, gizarte politikak eta politika ekonomikoak batera joatearen beharra planteatzen du azterketak, lehentasunak hiru arlotan finkatuz: emakumeentzako lan duinak, genero ikuspegiko gizarte politikak eta eskubideetan oinarritutako politika makroekonomikoak. Txostenak planteatzen duenez, ordaindutako lana emakumeen berdintasunaren zutabe nagusia da. Hori bai, emakumeen eta gizonen artean ordaindu gabeko zaintza lanak partekatzea, emakumeek aisialdirako eta heziketarako astia izatea, emakumeek bizitza maila egoki baterako gutxieneko diru-sarrerak izatea eta emakumeek tratu duina jasotzea ere bermatu behar du ordaindutako lanak. Nazio Batuen arabera, politika makroekonomikoak ezin dira inolaz ere generoaren ikuspegitik neutroak izan. «Helburu sozialak izan behar dituzte politika makroekonomikoek, enplegu duina sortu behar dute, zerbitzuetan eta gizarte transferentzietan inbertsioak gauzatzeko baliabideak bideratu behar dituzte. Erabaki makroekonomikoak hartzeko orduan gizarte zibilak benetako parte hartzea izateko bideak sortu behar dira, emakumeek barne». Eskubideak bai, bermeak? Begoña San Josek zenbait eskakizunetan zentratu zuen Bilbora ekarritako mezua. Lehenik eta behin, eskubideak unibertsalak ez badira pribilegioak direla nabarmendu zuen. Emakumeen berdintasunerako eskubidearen unibertsaltasunaren aurkako jarrera azken hogei urteotan areagotu egin dela adierazi zuen. Arrazoi kulturalak, tradizionalak eta erlijiosoak tarteko, emakumeei gizonei jartzen ez zaizkien murrizketak ezartzen ari dira «nortasun berezituak aitzaki». Horrekin batera, austeritate politikak ere aitzaki direla esan zuen, osasun arreta edo mendekotasunagatiko arreta bezalako eskubideen unibertsaltasuna kolokan delako uneotan. Emakumeen askatasunean eta emakumeek euren gorputzen gainean dituzten eskubideengan eragiten duten integrismoak ere izan zituen hizpide San Josek. Integrismo musulman eta katolikoarekin batera, baina, «integrismo ekonomikoa» ere kontuan hartu beharrekoa dela esan zuen. «Neoliberalismoa ez da bakarrik esaten dena, baizik eta gauza askoren aurrean isilik egotea», zehaztu zuen. San Joseren esanetan, «eskubideak ezertxo ere ez dira bermatuta ez badaude, boterea daukan norbaitek betearazten ez baditu». Zentzu horretan, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala eta berau garatzen duten hitzarmenak, CEDAW kasu, aipatu zituen. Izan ere, Nazio Batuek horiek babestea ez da nahikoa gero erakundearen baitan estatuetako gobernuek badituzte kontrolpean botere legegilea, exekutiboa eta judiziala. Nazioarteko Zigor Auzitegiak genozidioa, gizartearen aurkako krimenak eta gerra krimenak epaitzeko daukan gaitasuna ere izan zuen hizpide, eta, nabarmendu zuenez, «tamalez feministak ez ginen gai izan bortxaketak ere gerra krimentzat hartuak izan zitezen». Finean, planteatu zuenez, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala eta berau garatzen dituzten hitzarmenak betetzen direla ziurtatzeko mekanismo eraginkorrik ez dago. Estatuek jokatzen duten papera ere aipatu zuen San Josek. Salatu zuenez, estatuak kontuak ematera derrigortuta daude, baina «nahikoa dute gauzak ondo doazela esate hutsarekin». Eskubideen berme izan beharko litzatekeen NBE pertsona arruntetatik urrunegi dagoela komentatu zuen San Josek. Botere guztiak gobernuetan kontzentratzen direla eta gobernuz kanpoko erakundeen partaidetza bermatzeko bide estuak daudela salatu zuen, eta, testuinguru horretan, Hego Amerika eta Karibeko gobernuz kanpoko erakundeen lana nabarmendu nahi izan zuen. San Joseren esanetan, ezinbestekoa da gizarte erakundeen parte hartzea bermatzea, «eskubideetan sinesten dutelako edozein egoera eta baldintzaren gainetik». Gaurtik irailera bitarte Nazio Batuen biltzar nagusira begira egin beharreko «lan politiko mardula» ere ekarri zuen gogora, eta garapen jasangarriaren bidean emakumeek aurrez aurre duten erronka azpimarratu zuen, ekologismoaren eta feminismoaren arteko loturak sendotzearen beharrizana nabarmenduz.