20 JUN. 2015 HIZKUNTZA-EKOLOGIA Euskarak ere ekosistema osasuntsua behar du, bizirik iraungo badu Hizkuntzak ez dira berez jaio, bizi eta hiltzen. Inguratzen dituen ekosistemak edo komunitateak huts egiten dielako desagertzen dira; ez direlako betetzen hizkuntza batek bizirauteko eta iraunkorra izateko behar dituen baldintzak. Hizkuntza-ekologiaren ideia hari horri tiraka jarri zen mahai gainean, eta badauka nondik tira egin. Amagoia Mujika Telleria Hizkuntza ekologiaren ideia Einar Haugen hizkuntzalari estatubatuarrak jarri zuen mahai gainean, 1972. urtearen bueltan. Ordurako, Haugen abisu ematen hasia zen munduko hizkuntzen galera izugarria gertatuko zela gauzak aldatzen ez baldin baziren. Ekologia bide propioa egiten eta jendartean onarpen handia lortzen hasia zen. Haugenek ekologiak ibilitako bide horretako proposamen interesgarriak ekarri zituen hizkuntza aniztasunaren alorrera. Hizkuntza eta ekologia lotzen dituen paradigma horren arabera, hizkuntzak bere ingurumen naturalarekin duen harremana begiratu eta zaindu egin behar da; alegia, hizkuntza bere ekosisteman ulertu behar da. Eta hizkuntzaren ekosistema hiztun komunitateak osatzen du, inguratzen duen jendarteak. Hari horretatik tiraka, espezie bizidunek ekosistema osasuntsuak behar dituzten bezala, hizkuntzek ere ekosistema osasuntsuak behar dituzte. Bestetik, hizkuntzak harremanetan daudenean sortzen diren talkak ere arretaz begiratzen ditu hizkuntza-ekologiak. Izan ere, askotan hizkuntza boteretsuak hizkuntza txikiagoa zapaltzen du, eta horrek kalte handiak dakartza. Horren aurrean, hizkuntzen arteko harreman ekologikoak defendatzen ditu aipatu- tako paradigmak. Baina hizkuntza-ekologiak, batez ere, galdera potolo bat jartzen du mahai gainean: nola da posible naturarekin hain kezkatuta dagoen jendartea hain axolagabea –eta, batzuetan, krudela– izatea berak sortu dituen hizkuntzekin? Izan ere, hizkuntzak ez dira berez jaio, bizi eta hiltzen. Inguratzen dituen ekosistemak edo komunitateak huts egiten dielako desagertzen dira; ez direlako betetzen hizkuntza batek bizirauteko eta iraunkorra izateko behar dituen baldintzak. Eta ingurumenean dagoen aniztasuna zaintzea bezain garrantzitsua da hizkuntzen aniztasuna zaintzea. Datuak serio hartzeko modukoak dira. Munduan 6.500 hizkuntza inguru hitz egiten dira, baina erdia baino gehiago galtzeko bidean daude. Egoerak ez dira orekatuak, ez dira justuak eta errealitate horien aurrean «herritar aktiboak» izatea eskatzen du hizkuntza-ekologiak. Baina nola egiten da hori? Zein balio etiko erabiltzen dira horretarako? Soziolinguistika Klusterrak azaldu dizkio GAUR8ri balio etiko horietako batzuk: Aniztasuna Aniztasunak jendarteari etorkizunaren aurrean egokitzeko gaitasuna ematen dio. Zenbat eta anitzagoak izan gizarteak, orduan eta aukera gehiago izango dituzte etorkizunari aurre egiteko. Horrek esan nahi du hizkuntza guztiek balio unibertsal berbera dutela; ez da zilegi esatea hizkuntza batzuek besteek baino balio handiagoa dutela, egokiagoak direla, politagoak direla, gaur egun moldatzeko gaitasun handiagoa dutela... Hizkuntza guztiek balio unibertsal berbera daukate. Era berean, horrek hizkuntzen arteko hierarkiak alde batera utzi beharra ekartzen du. Gizartean, administrazioan, botere publikoetan eta esparru guztietan oso garbia da hizkuntzen arteko hierarkia. Eta hizkuntza ekologiaren ikuspegitik, hierarkiak alde batera utzi behar dira. Berdintasuna Izenak batzuetan despistatu egiten duen arren, berdintasunari buruz hitz egitean ez da esaten denak berdin tratatu behar direnik. Kasik, alderantziz: egoera desberdinetan dauden hizkuntzak berdin tratatzea ez da zilegi, ez da berdintasuna, hori injustiziatik gertuago dago. «Beraz, egoera desorekatuan dauden kasuetan, neurriak hartu behar dira aukera berdinak izan ditzaten, bai gizakiek bai hizkuntzek». Hau printzipio garrantzitsua da, guztiei eragiten dielako; bai hizkuntza handiak hitz egiten dituztenei, baita egoera ahulagoan dauden hizkuntzak hitz egiten dituztenei ere. «Oso garrantzitsua da, jende guztiak konturatu behar duelako zilegi dela neurriak jartzea aukera berdinak izateko. Neurri positiboak, sustatzaileak, orekatzaileak... Diskriminazio positiboa deiturikoa, hainbat esparrutan egiten dena, hizkuntzen arlora ekartzea ezinbestekoa da». Ekologian badira horrelako neurrien adibide ugari; gune bat galtzeko arriskuan dagoenean, egoera oso kaskarrean dagoenean, hori babesteko eta sustatzeko neurriak hartzen dira. Elkartasuna Elkartasunak egoera ahulean dagoenaren aurrean nolabaiteko jarrera bat agintzen du, bestearenganako enpatia. «Hau oso garrantzitsua da hizkuntza indartsuagoak eta ahulagoak elkarrekin ekosistema berean daudenean. Egoera horietan, pertsonen arteko sentimenduak eta enpatiak aktibatu beharra dago. Elkartasuna da egoera desberdina bizi dutenen arteko soka hori, eta indartsuagoen eta ahulagoen aktibazioa eskatzen du, bi aldeena». Hizkuntza indartsuagoa, baliabide ekonomiko handiak dituena, sustrai sendoak dituena bestea baino gehiago dela pentsatzea pentsaera okerra da, hizkuntza-ekologiaren arabera. Erantzukizuna Norbanakoak jendartearen aurrean erantzukizun bat dauka. Eta hori hizkuntzaren esparrura ere ekarri behar da. «Norberaren eskubidearen eta hizkuntzen etorkizunaren arteko oreka bat topatu behar da. Hori konpromiso bat da, ekologiatik datorren konpromisoa». Subsidiaritate printzipioa Bertakoak egin dezakeena ez dezala kanpoko batek egin. Bertako hizkuntzak egin dezakeena ez dezala beste indartsuago batek edo kanpoko batek egin. Honek, finean, tokian tokikoa aldarrikatzen du. Bertakoa garatzea eta bertakoa nazioartekotzea. Pentsamendu lokalaren filosofia dago honetan. «Honek sendotu egiten du gure ardura txikitik handira». Zuhurtzia «Oso balio arduratsua da. Etorkizunari eskaintza bat egin behar diogu, guk jaso genuen bezala, hizkuntza besteei eman behar diegu. Erantzukizun hori daukagu. Eta horregatik, hartzen ditugun erabakiek zuhurrak izan behar dute. Hurrengoek ez dezatela pentsa guk hartutako neurriek hankaz gora jarri dutela beren etorkizuna. Ez baldin badakigu hartuko ditugun neurriek kaltea edo onura dakarten, kontuz. Zuhurtzia etorkizuneko belaunaldien aurrean». Horrek iraunkortasunaren kontzeptuaren inguruan jira eta buelta ibiltzea eskatzen du, sakontzea eta egoki erabiltzea. DiKoma eta ekolingua, solasaldia eta iritzi trukea bultzatzeko karta jokoa Hizkuntza-ekologiaz ari garenean zertaz ari garen jakitea, horren inguruko diskurtsoak osatzea eta horiek sozializatzea garrantzitsua izan daiteke euskararen biziraupen eta iraunkortasunari begira. Hala uste dute, behinik behin, Eusko Ikaskuntzak eta Soziolinguistika Klusterrak eta helburu horri begira garatu dute 2012-2014 urte bitartean DiKomA eta EkoLinguA solas-jokoaren proiektua. Jokoa udalerri mailan herritarrekin, taldeka, aritzeko pentsatuta dago, eta finean, hizkuntza-ekologiaren balio eta argudioen inguruko eztabaida sustatzea du helburu. Zertarako? «Hizkuntza komunitatea diskurtso mailan ahalmentzeko, indartzeko. Alegia, herritarren argudioak sendotzen laguntzeko, egunerokoan sortzen zaizkien egoera linguistikoei ahalik eta erantzun egokiena ematen laguntzeko», azaldu zuten solas-jokoaren aurkezpenean. Karta joko bat da, taldeka jokatzen da eta egoera linguistiko desberdinak jartzen ditu mahai gainean. Eta horien aurrean har daitezkeen jarrera desberdinak. Hizkuntza komunitateko era guztietako herritarrei zuzendutako jokoa da, 16 urtetik gorakoentzat, batez ere. Parte-hartzaileen arteko interakzioa bultzatzen duenez, taldeko kideek egiten dituzten ekarpenen sakontasun mailak mugatuko du gogoetaren tamaina eta norabidea. Koloretako karta batzuen bidez, jokalariei egoera desberdinak aurkezten dizkie jokoak. «Batzuek diote ez dagoela arrazoirik inork inor hizkuntza nagusi bat erabiltzera bultzatzeko. Ados zaude?». «Mundu gero eta globalago honetan, dozena bat hizkuntzarekin molda bagintezke, zertarako xahutu horrenbeste energia hizkuntza txikietan?». «Azaldu zer sentsazio sorrarazten dizun Katalunian katalanei katalanez hitz egiten entzuteak eta Asturiasen asturiera». «Aimar, 14 urte: Ikaslea naiz. Eta euskararena rollo hutsa da. Eskolan klase guztiak euskaraz, eta andereñoak plastada ematen euskaraz egiteko. Baina gelatik kanpo erdaraz egiten dugu denok, gure modura hitz egin dezakegulako...». «Joxe Manuel, 64 urte: Jubilatu berria naiz, baina ez euskararen aldeko borrokatik. Francoren garaian zapalkuntza gogorra sufritu genuelako, baina gero ere egurra jaso dugu: euskal egunkaria itxi, euskaldunak auzipetu... Euskalgintza beti dago erasoen beldur...». Eta koloretako kartek mahai gainean jarritako galdera, jarrera eta ideietatik abiatuta eztabaida sanoa bultzatzea da helburua, argudioak josten asmatzea eta herritarrek hizkuntza komunitate gisara behar dituzten baliabideak eskura jartzea. Solasaldia eta iritzi-truke lasaia, euskarak arnasa hartzeko eta bizirauteko beharrezkoa duen ekosistema sanoa ziurtatze aldera. Aniztasunak jendarteari etorkizunaren aurrean egokitzeko gaitasuna ematen dio. Zenbat eta gizarte anitzagoak izan, orduan eta aukera gehiago etorkizunari aurre egiteko Berdintasuna aipatzean ez da esaten denak berdin tratatu behar direnik; egoera desberdinetan dauden hizkuntzak berdin tratatzea ez da berdintasuna, injustizia akaso «Gaur egungo hizkuntzen egoera ez da berez etorri den zerbait, hizkuntza handietako komunitateek egindako ibilbide historiko baten ondorioa da, zapalkuntza baten ondorioa»«Hizkuntza ahulagoa hitz egiten dugunok oso kontziente izan behar dugu zein paper jokatzen dugun, aktibatu beharra daukagu. Baina, gainera, gure hizkuntza hitz egiten ez dutenen konplizitatea ezinbestekoa da»«Minoria guztiek asumitu beharra daukate parean daukaten egoera aldatzeko beharrezkoa dela etengabeko alerta egoeran egotea. Bestela, ez da ezer mugituko»