GAUR8 - mila leiho zabalik
Entrevista
Maryam S. Ahmad, Nouf Al Hamly, SMARA HAMANA

Emakume musulmanak: janzkerak, rolak eta feminismoa

Pakistaneko familia du Maryam S. Ahmadek (25 urte), Bostonen (AEB) jaioa da eta nerabezaroan familiarekin Saudi Arabiara bizitzera joan zen. Oso erlijiosoa da eta «hijab» buruko zapia darama, baina bere burua feministatzat du eta bere ama Pakistanen emakumeen alde egin duen akademiko erlijiosoa da. Nouf Al Hamly (30 urte) Abu Dhabin jaio (Arabiar Emirerri Batuak), hazi eta hezia da, eta New Yorkeko Unibertsitateko harreman publikoetako arduraduna da. «Abaya» izeneko soineko beltza janzten du, nahi duelako. Aljeriarra da Smara Hamana informatikaria (36 urte), baina luzaroan Erresuma Batuan eta Frantzian bizi izan da. Musulmana da hura ere, baina ez du bere burua estaltzen.

Maryam S. Ahmadek (25 urte), Bostonen (AEB) jaioa da. (GAUR8)

Buruko zapi edo «hijab» delakoaren inguruan eraiki da askotan Mendebaldean emakume musulmanaren irudia. Janzkerak ez duela emakume musulmana definitzen nabarmendu nahi dute Saudi Arabian bizi diren hiru emakume gazte hauek. Zapalkuntzaren eta aukeratzeko gaitasunaren inguruan sortutako zenbait «uste okerri» buruz aritu dira, eta islama eta feminismoa bateragarriak ote diren hausnartu dute. Arrazoi pertsonalak direla-eta, Nouf Al Hamly-k eta Smara Hamara-k ez dute euren irudirik erakutsi nahi izan.

Zein da emakume musulmanen egoera edo rola gaur egun (lana, familia, independentzia...)? Azken urteotan zer bilakaera izan duela esango zenukete?

Smara Hamana: Ezin da emakume musulmanez hitz egin denak zaku berean sartuta. Bakoitzaren jatorriaren araberakoa da norberaren rola; herrialdeak, kulturak eta tradizioak eragina izan dezakete. Afganistango landa guneko emakumeek ez dituzte Aljeria, Beirut edo Arabiar Emirerri Batuetako emakumeen bizi baldintza berak. Lehenengoek ez dute oinarrizko eskubiderik; aldiz, hiri handietako edo mendebaldartutako eremuetako emakumeek beste edozein emakumek duen bizi maila dute, musulmana izan ala ez.

Nouf Al Hamly: Emakume musulmanen egoera gaur egun euren gizartearen araberakoa dela esango nuke. Ekialde Hurbilari buruz ari garenean, jende askok uste du emakume musulmanen egoera dogma erlijiosoari oso lotutakoa dela. Neurri batean egia da, baina eragin handiena duen faktorea kulturala da. Ekialde Hurbileko gizarte gehienetan erlijioaren eta kulturaren arteko muga lausoa den arren, esango nuke paradigma kulturaren alderantz ari dela aldatzen.

Horiek horrela, nire iritziz, Ekialde Hurbileko emakume musulmanen egoera hobetu egin da egungo gizartean. Emakume gehiago dago politikan, enpresetan, eskulangintzan; lehen gizonen presentzia absolutua zen beste hainbat arlotan. Emakume gazteak atzerrira jotzen eta maila handiko hezkuntza jasotzen ari dira, batez ere Mendebaldeko herrialdeetan, kultura kontraste itzelarekin eta modu independentean bizitzen ikasiz.

Maryam S. Ahmad: Orain dela 1.400 urte emakume musulmanak nolakoak ziren erakusten duen adibide argia da profetaren emaztea, Khadija. Enpresaria zen, emakume indartsua, elokuentea eta adimen handikoa. Mahoma profeta baino hogei urte nagusiagoa zen, eta berak hautatu zuen profetarekin ezkontzea. Ezkondu ondoren ez zuen lana utzi eta ez zen etxean geratu, kontrakoa baizik. Profeta zen etxeko lanak egiten zituena eta Khadijari negozioan laguntzen ziona.

Beste adibide bat jartzearren, tituluak ematen hasi zen lehen unibertsitate modernoa ez zen Oxford edo Cambridge izan, Al Qarawiyyin-eko Unibertsitatea baizik. K.o. 859. urtean sortua izan zen Fatima Al Fihri emakume musulmanaren eskutik, Marokoko Abbasid Kalifatoan. Ondorioz, uste dut emakume musulmanen gaur egungo egoera orain dela 1.400 urte zuten berbera dela. «Alaba, ahizpa, emazte, ama, irakasle eta gizarteko kide trebea», horrela deskribatzen du euren rola islamak, Koranaren bidez. Erlijio honen jarraitzaile diren emakume musulmanek adibide horri jarraitzen diote: boteretsuak dira, gupidatsuak, uste sendokoak eta erabakiak hartzeko gai direnak.

Feministatzat al duzue zeuen burua?

S.H.: Bai, musulmana izateak eta nire erlijio eta profetari jarraitzeak feminista baino ezin nazake egin.

N.A.H.: Ez, ez dut neure burua feministatzat, ez dudalako inoiz muturretan pentsatzen. Horrez gain, ez naiz hazi emakumeari bere eskubideak kendu dizkion gizarte batean, ondorioz, ez dut inoiz beharrik izan emakume izate hutsarengatik kendu dizkidaten eskubideengatik borrokatzeko. Neure burua ez etiketatzen saiatzen naiz. Feminista batzuek dituzten uste eta printzipio batzuk izan ditzaket, baina horiek giza eskubideetan sinesten duen edonorenak ere izan daitezke.

M.S.A.: Feministatzat dut neure burua, hitzaren zentzu guztietan.

Zer da feminismoa, zuen iritziz?

S.H.: Nire ustez, feminismoa gizateriaren ongizateari ekarpena egitea da, benetako emakumea izanda; hau da, emakume izatearekin pozik egotea. Gure egungo gizarteak presio larregi jartzen du emakumeengan, karrera, etxe eta gorputz perfektua izan dezaten.

N.A.H.: Nire iritziz, feminismoa emakumeentzat gizarteko arlo ezberdinetan eskubide berdintasuna lortzeko mugimendua da. Helburua emakumeak ahalduntzea eta gizonen pareko ahotsa ematea da. Muturreko egoera batzuetan, modu negatiboan interpretatu daiteke hori.

M.S.A.: Gizon zein emakumeek eskubide eta aukera berdintasuna izatea hezkuntzan, lanean, errespetuan, harremanetan... Noizbait, oinarrizko printzipio hau kolokan ikusten badut, nire eskubideengatik borrokatuko naiz.

Feminismoa eta erlijioa bateragarriak direla esango al zenukete?

S.H.: Islam originala erlijio feminista da. Koranean bertan emakumea goresten duten eta adibide gisa jartzen duten hainbat bertso daude. Emakume historikoen figura boteretsuekin hazi naiz, profetaren emazte Khadija edo Ama Birjina kasu.

N.A.H.: Historian zehar emakume ezagun sendoak izan ditugu, baita islamiar gizarte modernoan ere. Baina ez dut uste feminismoa eta erlijioa bateragarriak direnik. Islamari buruz soilik hitz egin dezaket, baina nire ustez, ez litzateke egon beharko feminismoaren edo antzeko mugimenduen beharrik erlijioen baitan. Islamak –modu egokian ulertu eta praktikan jarriz gero– ez dio emakumeari bere eskubiderik kentzen.

M.S.A.: Bai. Begien aurrean izan dudan adibiderik argiena nire amarena izan da. Pakistango emakume akademiko erlijioso gutxietako bat da eta mundu osoan zehar ibili da hitzaldiak ematen (Pakistanen hainbat eskualdetan, Britainia Handian, AEBetan, Kanadan eta Ekialde Hurbilean) duela hainbat hamarkadatik hona. Islameko irakaspenen bidez emakumeei jarraibideak ematen dizkie, eta gai/arazo sozialak lantzen ditu: emakumeen aurkako indarkeria kasu.

Gure amak erlijioko irakaspenen bitartez sustatzen du feminismoa. Izan ere, nik dakidala, gure erlijioa feminista da. Beraz, ez nintzateke geratuko feminismoa eta erlijioa bateragarriak direla esatean, are urrunago joango nintzateke, feminismoa gure erlijioaren bidez sustatzen dugula ere esango nuke.

Mendebaldean izandako esperientzia kontuan izanda, zein uste duzue dela emakume musulmanen egoerari buruz egon daitekeen uste oker handiena?

N.A.H.: Erresuma Batuan hiru urtez bizi izan naiz, nire Zientzietako lizentziatura lortzeko, baina Mendebaldera hainbat urtez bidaiatu izan dut. Emakume musulmanen gaineko uste oker handiena esango nuke orokorra dela mundu mailan: zapalkuntza. Emakumeenganako txarto ulertua, ordea, beste uste oker batetik dator, batez ere islamak emakumeak tratatzen dituen moduagatik. Hala ere, nik nabaritu izan dut, batzuetan, emakume musulmanak euren parekoengatik gehiago izan direla epaituak Mendebaldeko gizartearengandik baino.

M.S.A.: Esango nuke txarto ulertua gure janzkeraren aukeraketaren gainekoa dela. Ez dugula aukeratzen uste dute, edo horrela janztera behartuta gaudela, ez dugula bestelako bizitza estilorik ezagutzen, ikuspegi estukoak, kontserbadoreak edota zapalduak garela. Baina geure burua estaltzen dugunean modu iraunkorrean oroitarazten diogu munduari nor garen eta nola aukeratu dugun bizitzea. Izan ere, islama gure bizitzeko modua da, ez da erlijio kontua soilik. Koranean edozertarako jarraibideak datoz, eta janzkera kodea horren baitan dago. Musulman gisa, ezin dugu aukeratu gure erlijiotik zer jarraitu nahi dugun eta zer ez. Baina garrantzitsua iruditzen zait nabarmentzea ez dela fede itsua. Geure kasa pentsatzeko eta aukeratzeko gaitasuna dugu, eta Koranak horixe bera agintzen digu, gure aukerak eta ekintzak zalantzan jartzea. Jarraitzen dugunaren atzean dagoen logika ulertzen dugu; dagokion legearen jatorria eta arrazoiketa ikasten ditugu. Koraneko bertsoak gertakari jakinetan daude oinarrituta.

Mendebaldean belo osoa («abaya», «nikab» edo «burka») janztea emakumearen zapalkuntza gisa ikusten da. Zer deritzozue ikuspuntu horri?

S.H.: Guztiok nahi duguna janzteko askatasuna izan beharko genukeela uste dut, gizartean egokia eta errespetuzkoa den heinean. Belo osoa ez zait iruditzen zapalkuntza bat denik. Batez ere komunikabideek sortutako uste okerra dela uste dut.

N.A.H.: Egia da beloa eta abaya zapalkuntza zeinu gisa ikusiak direla. Nire ustez, uste oker hori emakumeek horiek zergatik janzten dituzten ez ulertzetik dator. Batzuetan arrotz ikusten diren gauza txikiak, gauza ezagunekin konparatzean, buruak asoziazioak egiten ditu hobeto ulertzen saiatzeko. Txarto ulertuak sortzen dira horrela.

M.S.A.: Justu kontrakoa da. Mendebaldean abaya, beloa zein buruko zapia janzten duena emakume sendoa da, bere burua kanpoan horrela erakusteko ausardia duena. Gogoratu ez dela batere erraza emakume horrek pairatzen duen etsaitasuna, jazarpena eta diskriminazioa. Nork ez du nahi izan gizartean onartua? Nork nahi du ‘atentzio negatiboa’ erakarri bere gain? Ez hori bakarrik, badaude musulman ezjakinak buruko zapia eramaten duten emakume musulmanak kritikatzen dituztenak hijaba ez janzteagatik. Edota beste muturrean, nahikoa moderatu edo liberala ez izatea leporatzen diotenak hori janzteagatik. Nire ustez, iritzi bi horiek errealitatetik urrun daude, erlijioaren inguruko ulermen ezaren ondorioz. Erlijio gupidatsu hau benetan ulertzen dutenek sinesten dute islama emakumea askatu zuen erlijioa dela.

Zer ordezkatzen du zapi edo jantzi mota bakoitzak? Kutsu erlijiosoa baino ez dute ala tradizio kulturalei lotutakoak ere badira?

S.H.: Jantzi gehienak tradizio erlijiosoetatik datozen interpretazio kulturalak dira, baina kontzeptu originala bera da. Erlijio guztiek apaltasuna eskatzen dute emakume eta gizonentzat. Ezin dut emakume musulman guztien izenean hitz egin; izan ere, pertsona bakoitzak egiten dituen gauzak egiteko arrazoi ezberdinak izan ditzake. Batzuek euren burua adierazteko erabil dezakete janzkera, besteek moda kontuengatik...

N.A.H.: Ez dago gida bat belo edo jantzi mota bakoitzak zer esan nahi duen esaten duena. Ideia orokorra da abayak eta beloak apaltasuna ordezkatzen dutela. Hori jantziaren alderdi erlijiosoa litzateke: emakumea horrela jantzita ez da objektu bilakatzen eta bere izaera fisikoaz harago hartzen da kontuan. Nire iritziz, apaltasun hori beloa edo abaya jantzi gabe ere lor daiteke. Horregatik, abaya, erlijioaren eragina eduki arren, tradizio kulturalei lotuago dago. Orokorrean, emakume musulmanen janzkerak umiltasuna eta euren kultura eta erlijioarekiko errespetua ordezkatzen du. Baina ahalduntzea ere ordezkatzen duela pentsatzen dut.

M.S.A.: Abaya, beloa edo nikaba ez dira ‘derrigorrezkoak’ islamiar irakaspenen arabera. Erlijioak gainetik adierazten du estalita egon behar diren gorputz atal batzuentzako irizpidea, awrah bezala ezagutzen direnak. Emakumeen kasuan, gizonezkoen aurrean daudenean, bere gorputza eta ilea dira (aurpegia, eskuak eta oinak izan ezik). Aldiz, beste irizpide bat dago awrah-rentzat emakumeen aurrean egonez gero.

Nikab edo aurpegiko beloaren kontzeptua Koraneko bertso baten bidez sortu zen. Alak profetaren emazteak aukeratu zituen aurpegian beloa jartzeko. Kontuan izan agindu hori eurentzat baino ez zela izan. Halaber, feminismoa kontuan izanda, azpimarratu beharra dago gizonek jarraitu beharreko awrah bat ere sortu zuela Jainkoak: euren begirada jaitsi behar dute. Beraz, emakumeei begiratzen dieten gizon musulmanek lehen agindu bati desobeditzen diote.

Zuek abaya edo hijaba janzten duzue? Zer dela-eta?

S.H.: Nik ez dut abaya edo zapia jartzen, baina uste dut nahiko modu apalean janzten naizela. Hijabaren definizioa ez da jantzia soilik, hori zati bat da, baina garrantzitsuena pertsona umila eta xumea izatea da.

N.A.H.: Nik abaya janzten dut, baina hijaba ez. Sheila (burua estaltzen duen zapi solte beltza) janzten dut jendaurrean, baina arrazoi kulturalak direla-eta bakarrik. Ez naiz Muhajjaba ez dudalako nire ilea estaltzen. Ez dut hijaba janzten arrazoi pertsonalengatik, dena dela, abaya eta sheila erabiltzen ditut nire janzkeran, neure kultura ordezkatzea gustuko dudalako. Horrez gain, politak direla iruditzen zait!

M.S.A.: Bai, hijaba janzten dut. Norberaren aukera pertsonala da eta, erlijioa ondo ulertu ondoren eta azterketa sakon baten ostean, bizimodu hori niretzako hartu dut.

Lekuaren arabera aldatu egiten duzue janzkera? Zehazki, atzerrira joatean, herrialde ez musulmanetara, zapia edo hijaba erabiltzen duzue? Horri lotutako estigma edo konnotazioren bat dagoela esango zenukete?

S.H.: Batzuetan nire janzkera aldatzen dut, baina ez arrazoi erlijiosoengatik. Erresuma Batuan bizi nintzenean, ez zidan askorik ardura; izan ere, bertako gizartea toleranteagoa da. Bestalde, Frantziako gizarteak, eta zehazki, Pariseko biztanleek jendea bere itxuragatik epaitzen dute (horregatik uste dut daudela arazoak emakumeek beloa janztearen kontuarekin), eta ezberdinak direnak ez dira onartuak.

N.A.H: Bai, nire janzkera aldatu egiten dut lekuaren arabera. Kontuan izaten dut pertsonen eta gizartearen sentikortasuna, eta horren arabera janzten saiatzen naiz. Musulmanak ez diren herrialdeetara joaten naizenean ez daramat abaya soinean, dena dela, modu xumean janzten naiz. Guk Mendebaldeko moda daramagu soinean abayaren azpitik eta atzerrira joatean batzuek jendaurrean ere erakusten dugu. Egokia den heinean, eta jendearen sentikortasuna iraintzen ez duen artean, aske gara edozeren bitartez nahi duguna adierazteko.

M.S.A.: Nik ez dut nire janzkera aldatzen atzerrira noanean. Zalantzarik gabe honen inguruan estigma bat dagoela iruditzen zait, bistakoa da. Buruko zapia erabiltzen dut nire balioak erakusteko, nire erlijioaz eta bere irakaspenez harro nagoela adierazteko. Ez naiz lotsatzen eta, feminista moduan, uste dut nahi beste estaltzeko eskubidea dudala, beste edozein emakumek desestaltzeko duen eskubide bera. Nola jantzi nahi dugun aukeratzeko askatasuna dugu.

Islamaren gaineko ulermen ezak sortu du estaltzen den emakumea zapaldua delako ustea, ez islamak berak. Beraz, esango nuke islamari buruz sakonki ikertzea benetan lagungarria izango litzatekeela uste oker hori argitzeko. Estigma heziketaren bidez kendu ahal izango da, gutxika.

Jakingo duzuenez, Europako herrialde batzuetan (Frantzian, esaterako) burka edo nikab bezalako belo osoak toki publikoetan soinean eramatea debekatu dute, eta badirudi beste herrialde batzuek ere joera bera har dezaketela. Zer iritzi duzue debekuaren inguruan?

S.H.: Honi ikusten diodan zentzu bakarra segurtasun arrazoiak direla-eta izan daiteke.

N.A.H.: Testuinguruaren araberakoa dela uste dut nik. Pertsonalki ez dut ikusten egokia burka edo nikaba lantokietan erabiltzea; izan ere, ni ez naiz eroso sentitzen aurpegia ikusi ezin diodan norbaitekin hitz egitean. Ez nik ez nire senideek ez dugu nikaba erabiltzen, ondorioz, ni ez naiz nor zer egin beharko litzatekeen edo zer ez esateko. Ulertu dezaket Europako herrialde batzuen arrazoiketa, baina nire ustez gakoa hori gauzatzeko modua da. Nahiz eta hainbat emakumek nikabarekin euren sinesmen eta erlijioa ordezkatzen duten, uste dut posible dela oreka bat aurkitzea, euren identitateari eutsiz debekuak adierazpen askatasuna urra ez dezan. Baina hori nola lortu?

M.S.A.: Benetan espero dut Europako gainerako herrialdeek joera hori ez hartzea. Izan ere, herrialde garatuak, liberalak eta toleranteak ziren ustea nuen, erlijio eta jatorri guztietako jendea ondo hartzen zutenak eta bertara joaten zirenei eskubide eta aukera berak bermatzen zizkietenak. Adibide bat jartzearren, aipatu Italiako Roberto Maroni ministroak uko egin ziola bere herrialdean hijabaren erabilera debekatzeko legea sinatzeari, argudio hau erabiliz: «Ama Birjinak beloa darama bere irudi guztietan. Nola eskatu ahal didazue hijaba debekatzeko legea sina dezadan?». Adierazpen honi errespetu handia diot.

Mendebaldean, badago buruko zapia zein beloa janztea heziketa edo garapen faltarekin erlazionatzen duenik. Dena dela, «guztiz garatutako» gizarteetan ere emakumeek euren burua estaltzea aukeratzen dute batzuetan. Bi faktore horiek loturik daudela uste duzue?

S.H.: Norbera estaltzea ez da heziketa falta, inteligentzia eta heziketaren adierazle baino. Zenbat eta gutxiago estali emakumea, orduan eta gehiago epaitzen dute bere gorputzagatik, bere adimenagatik izan beharrean. Honek ez dio emakumearen egoerari laguntzen. Zoritxarrez, gizarte guztietan emakumeak gizonak baino gehiago izaten dira epaituak euren janzkera dela-eta; horrela estereotipoak sortzen dira eta komunikabideek estereotipo horiek eraikitzen jarraitzen dute. Emakume batek hitzaldi politiko sakon bat ematen badu minigona bat soinean duela, entzuleek (gizon zein emakumeek) ez dute mezua gogoratuko, janzkera baino. Ez da gauza bera gertatzen gizonen kasuan.

N.A.H.: Ez dut ulertzen gaur egun horrelako pentsamendu arkaikoak nondik datozen. Esan bezala, nire ustez hau aldatuz doa. Etorkizunean ez dut uste hijaba desagertuko denik, erlijioa ez baita desagertzen. Bilakaera bat izango duela uste dut, baina inola ere ez desagerpena.

M.S.A.: Pertsonen heziketa eta garapena eta hijabaren erabilera lotzen dituen galdera itxaroten ari nintzen. Ezagutzen duzu Tawakkul Karman? Karman Yemengo kazetaria da, politikaria eta, gainera, giza eskubideen aldeko lanean dihardu. Women Journalists Without Chains taldeko liderra ere bada. Kazetariek bere hijabari buruz galdetu ziotenean honakoa erantzun zuen: «Gizakia antzinako denboretan ia biluzik ibiltzen zen eta, bere adimena garatzen joan den heinean, arropa janzten hasi da. Gaur egun ni naizena eta nik soinean daramadanak gizakiak lortutako pentsamendu gorena ordezkatzen du, eta ez da atzerapausoa. Arropa berriro kentzea izango litzateke antzinako denboretara atzerapausoa». Nire egiten dut bere erantzuna.