Fisioa aukeratzeko aholkuak
Aurreko batean fisioterapeutok gure etsai (profesional) amorratuenetatik ere zerbait ikas dezakegula idatzi nuen. Gaurkoan, berriz, itua geure buruan jarri nahiko nuke; ez suizidatu nahi dudalako, jakina! Korporatibismoaren babesa gozoa da, baina esakerak dioen bezala, «zenbait lagunekin etsaiak ere sobran daude» eta, nire ustez, fisioterapiaren etxea garbitzeak ez dio inori kalterik egingo. Horregatik, gaurkoan, gure lan eremua hobetu dezaketen hiru irizpide etiko azpimarratu nahi ditut; bide batez, irakurtzen ari zaretenei fisioterapeuta bat aukeratzen lagunduko dizuetenak, beharra duzuenean.
Askotan egiten diguten galdera da, ea halako herritan “fisio on bat” ezagutzen ote dugun. Honi galiziar-erako erantzuna eman diezaiokegu: zer da fisio ona izatea? Nik argi dut nire irizpide profesionala, baina kontuan har dezagun osagileen ontasuna neurtzeko erabiltzen diren zenbait irizpide ez direla batere fidagarriak. Adibidez: paziente asko dituela, eta hiru hilabete barru arte ezin dizula txandarik eman? Kontsulta bakoitzeko asko kobratzen duela? Urlia eta Sendia famatuak bertara joaten direla?... Horrek berez, ezer gutxi frogatzen du (ez bada jendeak ardiak bezala mugitzeko duen joera) eta gehienetan kalitatearekin zerikusi gutxi duten motiboengatik. Horren ordez, fisioterapeuta bat aukeratzerako orduan, Nacho Fabiani lankideak proposatutako lau galderei erantzuna bilatzea gomendatzen dizuet. Bat: kolegiatua al dago? Bi: Datu Babesaren Legea bete al du? Hiru: tratamendua azaldu al dizu? Lau: eguneratua al dago (jardunaldiak, ikastaroak, literatura zientifikoa)? Erantzun txiki hauek nahikoa dira profesional egokia aukeratu duzula ziurtatzeko.
Esperientziari dagokionez, ez du merezi asko kezkatzeak. Gehiago esango nuke: osasun arloan, terapeuta batek lanean daramatzan urteek eta bere kalitate mailak ez dute zertan proportzio zuzenean garatu (gehienetan, kontrakoa gertatzen da). Hori dela eta, hasierako galderara itzuliz, askotan ematen dudan erantzun bizkorra hauxe izaten da: ez baduzu inor ezagutzen, aukera ezazu gazteena; lanerako gogo gehiena izango du, eta gutxien kobratuko dizu.
Gure profesioan dugun beste ajea “extrusismoarena” da. Luis Torija lankideak asmatutako neologismo hau erabili dut, azken urteetako egoera kezkagarria modu bikainean izendatzen baitu: lehendik jasaten dugun intrusismoan ez bezala (non legez kanpoko osagileek fisioterapeuton eremua inbaditzen duten), oraingoan gure lankideak dira beste osagileen eremuak inbaditzen hasi direnak: elikadura, psikologia, immunologia... baita albaitaritza ere!
Hau ez da arazoa, behar diren ikasketak burutuz gero (batzuetan horrela baita), bai ostera arlo terapeutiko horiek fisioterapia izenaren pean “saldu” nahi direnean. Bistan da azken urteetan fisioak asko ugaritu garela, eta lana aurkitzea ez da jada guretzat lehen bezain erraza; baina honek ez du justifikatzen publikoa nahastea, fisioterapia ez dena fisioterapia bezala salduz.
Amaitzeko, auzi zaharberritu bat. Zer bultzatu behar dugu fisioterapeutok, osasuna ala gaixotasuna? Galdera inozoa dirudi, baina ez da horrela: ingelesez disease mongering esaten zaion jarrera ustela ohikoa baita osagileen artean. Alegia: normaltzat har daitezkeen osasun egoerekin (artrosia, postura...) pazientea beldurtzea gure klinikara sarriago etor dadin. Hau ere auzi etikoa da: pazienteen dependentzia bultzatzeak lana ziurta diezaguke (ez osagileoi bakarrik: baita gadget ekoizleei, farmazia industriari...) baina medikuntzaren oinarri hipokratikoak kolokan jarrita.
Osasuna eta autosufizientzia bultzatuz, berriz, pazienteari bere gorputzaren uhalak hartzen erakusten zaio eta terapeuta bigarren planoan gelditzen da, protagonista izatetik laguntzaile hutsa izatera pasatuz. Egoera hau, bistan da, ez zaio asko gustatuko osagilearen egoari; baina nik behintzat, nahiago dut jendea guregana ekartzen duena konfiantza izatea, beldurra barik. •
www.abante.eus