E. Arruti
IKUSMIRA

ZAPATA MESPRETXUAREN IKUR, ETA, EPAILEA, EPAITUA

Kultura arabiarrean existitzen den mespretxurik handienetarikoa da pertsona bati zapata bat jaurtitzea. Muntazer al Zaidi kazetari irakiarrak eman zion mundu mailako dimentsioa keinuari, orduko AEBetako presidente George W. Bushi bere zapata jaurti zionean, honek herrialde arabiarra inbaditu zuela-eta. Orduz geroztik, CUPeko David Fernandezi ere ikusi diogu keinua; Rodrigo Rato Bankiako lehendakari ohiari erakutsi zion zapata Kataluniako Legebiltzarrean, eta «gero arte, gangster» esanez agurtu zuen. Azkenekoz iragan astelehenean ikusi ditugu zapatak, Iruñean, Askapena erakunde internazionalistak Estatu espainiarra epaitzeko antolatutako ekimenean. «Ez zara inor euskal militanteak eta euskal internazionalismoa epaitzeko, zu zara erruduna», esan zioten Estatu espainiarrari, eta «herrien garaipena sufritzera» kondenatu zuten. Epailea epaitua izan zen, horrenbestez, eta zapatek Estatuko botere faktikoen aurpegiak kolpatu zituzten. E. ARRUTI