NATOko 1.300 soldadu gerra marrazten Bardean
Bardea izan daiteke ezkontzako argazkiak ateratzeko parajea. Amaitzen ez den edertasun patxadatsua magalean hartzen duen natur parkeak balioko luke beti perfektuegiak diren argazki horiek ateratzeko.
Bardea izan daiteke artzainen paradisu isila. Betikoa den lanbidea betirako modukoa izan daitekeela sinistarazten du Bardeak, ameskeriak eta ilusioak aise kabitzen baitira lurralde zabal horretan.
Baina Bardea Espainiako Armadaren tiro poligonoa ere bada, Estatuan benetako armak erabiltzen dituzten toki bakarra. Espainiako Armadak Bardea bonbardatzen du gerrarako entrenatzeko. Eta hala gertatzen da 1951. urtetik, inguruko udaletara diru zakuak bidalita erosten baitute isiltasuna eta otzantasuna. Egunotan NATOren azken hamarkadako ariketa militarrik handienak egiten ari dira bertan. 1.300 soldadu inguru gerrarako prestatzen.
Hobe lukete, badaezpada, bakerako prestatzea eta entrenatzea. Halako batean gainera etorriko zaie bakea eta ez dute ideia zipitzik izango zer-nolako maniobrak egin.