12 DIC. 2015 Dagoena dago eta aurre egin behar zaio Mikel Zubimendi Kolpez kolpe, kanpotik kolpe andana etorri dira hauteskunde kanpaina honetara. Argentinan, Macriren garaipenarekin, bat; Venezuelan, bolivartarren porrotarekin, muturrekoa; Frantzian, Le Penen markarekin, kolpe gogorra; Katalunian, ez atzera ez aurrera horrekin, nerbioak dantzan, ulermena zeropetik eta kezkak barra-barra. Mundua auzo dugula kontuan hartuz, ez dira, ez, nolanahikoak. Ezkerreko abertzaleontzat morala ahuldu eta animoak jota uzten dituzten berriak dira, kutsakorra den fenomenoa. Tira, hori da dagoena, eta ez dagoen tokitik ateratzerik ez dagoenez, dagoenarekin egin behar da aurrera. Horiek kanpotik datozenak, barrutik hartutako kolpeak ere ez direlako makalak. Saltsa bada, haserre logikoa. Eta ez da gutxiagorako, iragan astean herri honetan sekula ikusi gabea ikusi baikenuen; hots, ustez amnistiaren aldeko mugimendu bat dena dozena erdi minkide, sei euskal preso «gezurtiak», «komunikabide sarraskijaleen bazka emaileak» direla esaten ikusi genuen, Pariskoa «lotsaren epaiketa» zela esaten, eta horrek hautsak harrotu ditu. Sinestea kosta egiten zait, ezagutzen ditudalako hor dabiltzan batzuk, eta estimatzen dut bakanen bat edo beste ere, baina kideak publikoki hala tratatzea, amnistiaren izenean... Seguru nago haiek ere eskandalizatu dituela. Aitortuko dute ala ez, baina, intimitatean, seguru baietz. Arduragabekeriaren monumentua den prentsa ohar penagarriak baino askoz gehiago kezkatzen nau, hori bai, horren atzean igartzen den kulturak. Amnistiarena aparkatu eta orain abstentzioa hartu dute palanka. Zilegi da abstentzioa defendatzea, nola ez, baina onargarria ez dena abstentzioa defendatzeko «lapurtzen duena lapurra den bezala» hauteskundeotan EH Bildu bozkatuko dutenak «españolito» deitzea da; are larriago «vota si, vota no, vota blanco... votas a Franco» eta halako leloekin ibiltzea. EH Bilduko boto-emaileak, gure jendea, espainol, frankista eta tonu horretako akusazio larriekin anonimotasunetik salatzeak ez du izenik. Eta hola dabiltzanak erretratatzen ditu. Pariseko seiak «gezurti», EH Bildu botatuko dugunok «españolito», Arnaldo Otegi «likidazionista», Rafa Larreina «homofobo atzerakoi»... Zer da hori guztia? Zer bilatzen da jarrera horiekin? Lagunak egitea? Amnistiaren alde indarrak biltzea? Ez al da inor aterako txikimundu horretan arrazonamendu sendo bat eskaini eta maila emango duenik? Izan ere, hori bada, hitz horiek adierazten dutena, dagoen maila, sentzilloki, mailarik ez dago. Oker dabiltza, oso. Ekuazioa erraztu egin beharko lukete. Eta dibortzio zibilizatu batera jo. Presoak zatiketa politiko baterako erabiltzeke, amnistiaren edo abstentzioaren jantziekin tximinoa janzteke, biluztu egin beharko lirateke. Aurpegia eman, siglak hartu (eta ez herriaren ondare diren Amnistiaren Aldeko Batzordeen edo KAS blokearen iruditeria eta tipografia patrimonializatu), proposamen politiko bat taxutu, borobildu buruan eta gogoan duten operazioa eta atera daitezela politikaren plaza publikora, kontraesanen lokatzetara, denok bezala jokatzera. Eta daudela lasai, bakea emanez, kanpoko kolpeak eta barrukoak kiroltasunez enkajatuz eta kostuak onartuz arrastoan segituko baitugu. Gustura asko eta konbentzimendu osoz bozkatuko ditugu gureak. Katea eten ez dadin, independentzia ardatz, erruberari eraginez. Beti-beti eta beteki. • Daudela lasai, bakea emanez, arrastoan segituko baitugu. Gustura asko eta konbentzimendu osoz bozkatuko ditugu gureak. Katea eten ez dadin, independentzia ardatz, erruberari eraginez. Beti-beti eta beteki