12 DIC. 2015 IKUSMIRA MERKEL, DEABRUA ALA AINGERUA? 2015eko urteko pertsonaia izendatu du “Times” aldizkariak Angela Merkel Alemaniako kantzilerra. Nancy Gibbs AEBetan argitaratzen den aldizkariaren edizio arduradunak Europak izan dituen erronkei aurre egiteko Merkelek erakutsi omen duen «ausardia» goraipatu du. Ausardia, ordea, ez da berez ona ala txarra, ezta politikan ere. Gibbs berak Greziako zorraren auzian zein Ukrainiako krisian Errusiarekin Merkelek izandako jarrera «irmoa» aldarrikatu du batetik, baina, bestetik, errefuxiatuen auzian azaldu duen gizatasuna ere nabarmendu du. Merkelen zein aurpegirekin geratzen gara, beraz? Zerrendan Al-Bagdadi Estatu Islamikoaren kalifaren eta Donald Trump AEBetako magnate eta politikariaren aurretik geratu denarekin bai, noski. Zeresanik ez Merkel 1938an “Times” berak urteko pertsonaia izendatutako beste “alemaniar” batekin alderatzen badugu: Adolf Hitler genozida. Bere aurretik izendapena jaso duten hiru emakumeak Windsorko dukesa, Ingalaterrako Elizabeth II.a eta “Cory” Aquino politikari filipinarra direla kontuan hartuta, ordea, ez dirudi arazoa Merkelengan dagoenik, “Times” aldizkariarengan baizik. Dabid LAZKANOITURBURU