26 DIC. 2015 IKUSMIRA Hauteskundeak eta mojak, zaharrak berri? Amagoia Mujika Hauteskundeetan botoa ematen agertzen diren mojen irudia klasiko bat bihurtu da. Irudi garaikide batean aspaldiko elementu bat agertzearen kontrastea izango da igual; janzkera berezi horrek hartzen duen presentzia akaso; moja batek bere botoa nori eta zertarako ematen dion jakiteko nahia beharbada... Eta? Mojak al dira irudi horretan aldatzen ez diren bakarrak? Mojak ez diren beste guztia hainbeste aldatu al da sufritu berri ditugun hauteskundeotan? Egia al da haizeak jite berria dakarrela? Jose Antonio Munilla Donostiako gotzainak, nola ez, bere iritzia eman du badaezpada: «Hauteskunde orokorrek utzitako emaitzak gaixo dagoen gizarte baten isla dira». Nonbait Munillarentzat iritzi aniztasuna ez da sintoma sanoa. Munillak esandakoak aparte utzita –aspaldi utzi genion borondatez sermoiak entzutera joateari–, ondo legoke hauteskunde hauetan mojak izatea klasikoa den elementu bakarra, eta Madril aldean haize berriak egiatakoak izatea. Eta, gurean, pixka batean klausurako bihurtu eta hausnartzera, ibili beharreko bidean fedea galdu gabe.