Deskonexioa kolokan
Hasi zuen bezala bukatu du 2015. urtea independentismo katalanak. Duela hamabi hilabete azaroaren 9ko kontsultaren arrakastarekin zer egin ez zekiela zebilen. Orain, ordea, irailaren 27ko bi milioi botoak dira irtenbide bila dabiltzanak.
Iraila oso luzea izan da Katalunian. Bukatu ez den hilabetea dela esan daiteke, prozesuak arrastaka ekarri duena urte bukaera arte. Izan ere, iragan irailaren 27an gelditu zen denbora Katalunian, independentismoak ia bi milioi boto lortu zituen hauteskunde egun hartan. Junts pel Si eta CUPen arteko ezinezko akordioak markatu du azken hiruhilekoa. Déjà vu sentsazioa saihestezina da, hasi zen bezala bukatu baita 2015. urtea. Azaroaren 9ko kontsultaren arrakastarekin zer egin jakin gabe hasi zen urtea, Convergenciak eta Esquerrak hauteskundeak deitzeko ados jartzeko modua aurkitu gabe. Eta irailaren 27ko emaitzarekin berdin. Oraingoan Junts pel Si eta CUP dira independentismoak inoiz lortutako emaitza onenekin probetxuzko zerbait adosteko gai ez direnak. Laburpen gisa esan daiteke gauza asko mugitu direla Katalunian, azkenean leku berean bukatzeko.
Azaroaren 9ko kontsulta eta gero, Artur Mas presidenteak zerrenda bateratua exijitu zuen hauteskundeak berehala deitzeko, prozesuaren bide orriak agintzen zuen bezala. Oriol Junqueras ERCko buruak pultsua eutsi eta bozak independentismoaren zerrenda bateraturik gabe egitea defendatu zuen. Blokeoa martxoan konpondu zen, baina prezio garestia ordaindu behar izan zuen prozesuak: hauteskundeak azaroaren 9ko kontsultaren babesean egin ordez, irailera atzeratu ziren.
Akordioa Masek, Junquerasek eta erakunde independentistek sinatu zuten. Erakunde horiek, ANC Biltzar Nazional Katalanak, Omnium Culturalek eta AMI Independentziaren Aldeko Udalerrien Elkarteak, sustatu zuten ere orduz geroztik asko aipatu eta oraindik indarrean sartu ez den bide orria. Esquerrak eta Convergenciak sinatu zuten ere hemezortzi hilabetetan independentziara iristeko urratsak zehazten dituen testua. Oraingoz soilik paperean existitzen den bide orri hori Estatu berriko konstituzioa onartzeko erreferendum batekin bukatzen da.
Sei hilabeteko luzapenarekin izanda ere, behin prozesuaren etorkizun hurbila argituta, hauteskunde ziklo hirukoitzaren lehenengo etapan murgildu zen Katalunia: udal hauteskundeak. Orokorrean independentismoa garaile atera arren (CDCk eta ERCk emaitza oso antzekoak lortu zituzten), maiatzaren 25eko bozek Katalunian utzi zuten titular nagusia Bartzelonan Ada Colauk lortutako garaipena izan zen. Podemosen eta ICV-EUiAren babesarekin, baina alderdien kontrolik gabe, Barcelona en Comu hautagaitzak Bartzelonako Udala lapurtu zion Convergenciari, bide batez Kataluniako hiriburua ezkerrera biratuz. Abenduaren 20ko Espainiako hauteskunde orokorrek baieztatu duten abisua izan zen maiatzekoa independentismoarentzat: erabakitzeko eskubidea sutsuki defendatu baina estatu berria eraikitzea garbi ez duen ezkerrak pisu handia dauka oraindik Katalunian.
Horrela iritsi zen uda, irailaren 27rako iragarritako hauteskundeen deialdia Masek noiz sinatuko zain. Baina ezer ez da erraza izan aurten prozesuari dagokionez. Uniorekin osatutako CiU federazioa behingoz bertan behera utzi eta gero, Masek zerrenda bateratuaren proposamena berreskuratu zuen ezustekoan, inork jada espero ez zuenean. Ez zegoen Junquerasekin sinatutako aurreakordioan, baina hauteskundeak aurreratzeko eskumena presidentearena da soilik, eta Masek gogor jokatu zuen pribilegio horrekin. Hauteskundeak, zerrenda bateratuaren truke. Hitz batean, nahiago bada: xantaia.
Eztabaida berriz parez pare irekita, CUPek bere proposamena jarri zuen mahai gainean: politikaririk gabeko zerrenda independentista bakarra, hauteskundeak benetan plebiszitu bihurtzeko. Eta sei hilabete geroago boz konstituziogileak, alderdi bakoitza bere zerrendarekin. Esquerrak ontzat jo zuen proposamena, eta Omnium Culturalen inkesta zabal batek, independentismoarentzako formula mesedegarriena balitz bezala aurkeztu. Baina Masek ez zuen ideia erosi eta aztertu gabe baztertu zuen proposamena, Jordi Sanchez ANCko presidente berriaren laguntzarekin. CUP negoziazio mahaitik altxatu zen; Esquerrak, aldiz, Masen formula onartu zuen azken momentuan, hauteskunde deialdia bermatzeko modu bakarra baitzen. Horrela jaio zen Junts pel Si, ERCko, CDCko eta gizarte zibileko pertsona independente ugarik osatutako hautagaitza. Zerrendaburu bezala Raül Romeva ICV-EUiA eurodiputatu ohia, eta, bere ondoan, ANCko eta Omniumeko presidente ohiak: Carme Forcadell eta Muriel Casals. Mas laugarren postuan, eta, Junqueras, bosgarrenean. Hori bai, Masek jarraitu zuen presidentegai izaten.
Behin abuztuko parentesia igarota, I27ko kanpainak hasiera berezia izan zuen indar independentistentzat: Diada. Aurreko hiru urteetako intentsitatea apur bat galduta ere, ANCk eta Omniumek ehunka mila lagun elkartu zituzten Bartzelonako Meridiana etorbidean, hauteskundeetan gehiengo independentista zabala eskatzeko. Independentismoak propio egin zuen profil baxuko kanpaina, Junts pel Si-k gehienbat, parte hartze handiak hauteskundeetan kalte egin ziezaiokeela jakitun. Kanpaina zikina izan zen, aldiz, unionismoarena. Beldurra, Convergenciaren ustelkeria eta argumentu etnizista neurririk gabe erabili zituzten PPk, Ciutadansek, PSCk eta Catalunya Si que es Pot-ek (Podemos eta ICV-EUiAk osatutako koalizioa, oraingo honetan Colauren babesik gabe).
Presioen gainetik, 4.130.196 katalanek hartu zuten parte hauteskundeetan. Diputatu kopuruan independentismoa izan zen garaile nabarmena, Junts pel Si-k (1.628.714 boto) eta CUPek (337.794) 72 diputatu batu zituzten eta. Botoetan, aldiz, %47,8an gelditu ziren. Hauteskundeak irabazi zituen beraz independentismoak, baina ez plebiszitua. Eserlekuen banaketak are gehiago nahastu zuen agertokia: JxSi-k 62 lortu zituen eta CUPek 10. Unionistek 63. Hau da, Masek gobernatzeko ez du CUPen abstentzioarekin aski, gutxienez bere bi boto behar ditu.
Egoera horrekin bukatu zen irailaren 27a, eta egoera berdin-berdinarekin bukatu da urtea. Tartean, JxSi eta CUPen arteko tirabirez betetako hiru hilabete. Convergenciak eta Esquerrak ez dute mahai gainean Masena ez den izen bat onartzen presidente moduan, eta CUPek ez du onartzen Mas gobernuburu gisa, orain arte behintzat. Programan horri buruz hitz erdirik jaso ez arren, kanpainan hamaika aldiz esan zuten ez zutela Mas inbestituko, eta bere horretan eusten diote hitzari.
JxSi-k mahai gainean jarri du jada bere azken eskaintza: Mas presidentetza kontseiluko buru, gizarterako larrialdi plan xume baina bideragarri bat, eta, gehienbat, Parlamentuak azaroaren 9an onartutako deskonexio adierazpena indarrean jartzeko konpromisoa. Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzitako adierazpena da Parlamentuak adostutakoa. Beraz, JxSi-k Espainiako Justizia desobeditzeko konpromisoa hartuko luke legealdia martxan jarriz gero.
Eztabaidak CUPen barnean sortzen duen banaketa ikusita, behin betikoa izan behar zuen erabakia hartzeko asanblada nazionala egin zuen alderdi independentistak joan den abenduaren 27an Sabadellen. Akordioaren alde, Poble Lliure erakundeko kideak, prozesua bizirik mantentzeko inbestiduraren alde bi boto eman daitezkeela defendatzen dutenak. Kontra, Endavant erakundekoak, Mas inolaz ere inbestitzea onartzen ez dutenak. Gidoilari umoretsuenak ere aurreikusi ezin zezakeen azken bozketa batean 1.515 boto lortu zituzten akordioaren aldekoek eta beste 1.515 boto kontrakoek. Berdinketa. Agonia astebete luzatu eta azkenean gaur, urtarrilak 3, CUPeko Kontseilu Politikoak hartuko du erabakia.
Azkenean akordioa onartzen badute, datorren astean bertan eginen du Parlamentuak osoko bilkura inbestidura bozkatu eta prozesua berpizten saiatzeko. CUPek akordioa baztertuz gero, urtarrilaren 10ean, automatikoki, Masek hauteskunde deialdia sinatu beharko du. Unionismo osoak eskatzen ditu jada martxoaren 6an egingo liratekeen hauteskunde berriak. Lehenik eta behin Podemosek, abenduaren 20ko hauteskunde orokorrak irabazi zituen alderdiak. Kasu honetan bai, Colauren babesarekin.