Androiden monopolioaz
Teknologien sektoreak beti erakutsi du monopoliorako joera. 1969an IBM izan zen, uneko hardware eta software guztia kontrolatzen omen zuelako. Ameriketako Estatu Batuetako Monopolioaren Aurkako Agentziak salatu zuen eta hamahiru urteko prozesu juridikoa izan zen. Azkenean, atzera bota zen eta ez zen IBMren aurkako sententziarik izan. Baina agerian geratu zen, lehen aldiz, teknologien sektorearen izaera.
2001ean Microsoften txanda izan zen. Honek ere salaketa jaso zuen. Ordurako, Microsoftek, ordenagailu pertsonalen eremua dominatuta zeukan. Erabat dominatuta: oso konplikatua zen Windows gabeko ordenagailu pertsonal bat aurkitu eta erostea.
Gaur egun, joera monopolistikoa Androiden eskutik doa (Google, alegia). Androidek dominatzen du smartphoneen eremua. Eta smartphoneak dira, hain zuzen, informaziora iristeko gailu edo plataformarik erabilienak. Androidek merkatuko kuotaren %80 eskuratu du. Apple izan daiteke bere lehiakide nagusia, iOS sistemarekin, baina ez du merkatuko %20 ere konkistatu. Gainontzeko aukerak hondarrak dira, Windows Phone tartean delarik merkatuaren %1,7 eskuratuta. Staya Nadella, Microsofteko zuzendari exekutiboak berak aitortzen du: «Windows Phone sostengaezina da».
Smartphoneen kasuan, gainera, sistema eragilea kontrolatzeak, aplikazioen «denda» kontrolatzea dakar berarekin. Alegia, sistema eragilea kontrolatzen duenak ezartzen ditu arauak, eta berak erabakitzen du zein aplikazio eskainiko diren bere «dendan». Hortaz, Android gainean funtzionatzen duten smartphone horietan guztietan, Play Store dendan zer eta nola eskainiko den Google berak erabakitzen du. Hortaz, nahiko balu, atea itxiko lieke zenbait aplikazio edo enpresari. Eta, testuinguru horretan, gainontzeko enpresak, aplikazioak garatzen dituztenak, Google berarekiko erabat menpekoak dira.
Menpekotasun horrek sortzen duen panikotik, Facebook alternatiba berriak ikertzen hasi da, Google enpresari aurrea hartuz, badaezpada, inoiz Play Storean bere aplikazioak ez eskaintzeko erabakia hartzen badu ere (Whatsapp, Instagram eta Facebook bera, besteak beste: https://en.wikipedia.org/wiki/List_of_mergers_and_acquisitions_by_Facebook).
Berez, ez du agertoki erreal bat ematen eta Googlek erabaki hori nekez hartuko lukeela dirudi (Facebook eta Google arteko gerra deklarazio bat izango litzateke, ezta?). Baina Googlek jada blokeatu ditu zenbait aplikazio, Play Storeko atea itxiz. Tartean dira, besteak beste, “publizitatearen blokeorako” aplikazioak (bere negozio-eredua auzitan jartzen dutenak). Eta erabaki horiek, kontrol erakustaldi horrek, menpekotasun horren gaineko beldurrak areagotzen ditu. Eta ez dago enpresarik, besteen menpeko izan nahi duenik.
Microsoftek, zegokionean, bere burua defendatu zuen, adieraziz, munduko erabiltzaileek masiboki desiratzen zuten sistema eragilea sortzea ezin zela salaketa baten oinarria izan. Egun, Googlek, antzerako zerbait dio: Androiden merkatu kuota dominantea ikerketa askoren fruitu dela, horrek balio erantsi handiagoko proposamenak egiteko aukera eskaintzen diola, eta ez dela mehatxu bat, mugikorren ekosistemaren garapena hobetzeko lagungarri dela baizik.
Izenak izen, monopoliorako joera berriz ere errepikatu da. Eta modu bikoitzean gainera. Google bilatzaileak merkatuaren %90 kontrolatzen du Europan eta Androidek %80 mundu mailan. Iazko apirilean Europako Batzordeak salaketa jarri zion bilatzaileari, posizio dominante horretatik, bilatzailearen emaitzak bere komenentziara erakusteagatik. Eta Androiden gaineko ikerketa ere zabalduko zuela adierazi zion erraldoi amerikarrari. Ea zertara iristen den.
Teknologien sektoreak monopoliorako joera izan du beti. Baina horren aurka egin diren saiakera guztiek, ez dute emaitza positiborik ekarri oraingoz. Ea. •