GAUR8 - mila leiho zabalik
INDIA

Behekoenak garaile, ahalguztidunaren eta gizonen sindikatuen aurkako borrokan

Kerala Indiako hego-mendebaldeko estatuan gertatu denak dagoeneko badauzka artikuluak Wikipedia entziklopedian eta ingelesezko hedabide ugarik nabarmendu dute: 6.000 emakume ia analfabetok, Tata Group taldeko te konpainia ikaragarria makurrarazi dute, berrikuntzaz betetako borroka prozesu baten ondoren. Sindikatuak, jokoz kanpo.


Aparteko matxinada» deitu diote BBC telebista kate britainiarrean. «Garaipen hunkigarria», nabarmendu dute Wikipedian. New Delhiko sindikatuak Keralako te-biltzaileen garaipenak erabat nahastuta dauzkala esplikatu du IPS agentziak. Aldi berean, Indiako beste estatuetan, Assamen, Mendebaldeko Bengalan, Tamil Nadun eta Karnatakan, te-biltzaileak Keralara begira daude, han piztu duten sua nola berenganatu pentsatzen hasita.

Lissie Sunny txikia da historia honetako protagonistetako bat, hedabideetan ateratzea tokatu zaiona: goizeko zortzietan hasi eta ilundu arte lanean aritzeagatik 3,5 dolar inguru kobratzen ditu. Inoiz elkarrekin egon ez badira ere, ustezko ringeko beste muturrean Ciro Pallonji Mistry Tata Groupeko presidentea jarri behar da. Bere taldeak 62.500 milioi dolar fakturatzen ditu urtean eta “The Economist” aldizkariak esan du «Indiako eta Britainia Handiko industrialaririk garrantzitsuena» dela.

Aurrekari kezkagarriak

Pallonjiren arrakastaren arrazoien artean bere langileen soldatak murrizteko joera zegoen, eta kasu askotan legeak dioena bortxatzera iritsi izan dira bere konpainiak. Giza eskubideen aldeko institutuek egindako txostenek salatu izan dute Tata taldeko konpainiatan oso lan baldintza txarrak izaten direla, soldata txikiegiak, eta giza eskubideen bestelako bortxaketa larriak ere ematen direla. Te konpainiak lan arloko legedia etengabe urratzen du eta “The Guardian” egunkariak 2014an eskaini zuen dokumental batek salatu zuen Assam estatuko te-biltzaileei gutxieneko soldata baino gutxiago ordaintzen zaiela.

Txosten horiek deskribatzen duten egoeratik sortu zen Keralako emakumeen borroka eredugarria. Multinazional handi bati aurre egiteaz gain, herrialdean ikaragarria den matxismoaren erasoak ere jasan behar izan dituzte. Gizonak nagusi diren alderdi politiko eta sindikatuak alde batera utzi eta beren borroka egitera ausartu eta horrela egin dute.

Sustrai sakoneko fenomenoa

Keralako te-biltzaileek Kanan Devan Hills Plantations enpresaren sailetan egiten dute lan, hau da, Tata Groupeko Tetley Tea konpainiaren mendean dauden sailetan.

Emakume horien protesta abiarazi zuen txinparta, hobari moduan biltzaileek jasotzen zuten dirua ez emateko erabakia izan zen. Baina gatazkaren sustraiak askoz ere sakonagoak dira, begiraleek diotenez.

Justin Rowlatek Assameko te-biltzaileen egoera aztertu zuen orain hilabete batzuk. BBCko kazetariak esplikatu duenez, bertako bizi-baldintzak oso txarrak dira, eta, lan baldintzak, okerragoak. Soldatak, berriz, legediak onartzen duena baino txikiagoak. Horregatik, biltzaileen eta euren familien artean desnutrizio kasu ugari izaten dira; gaixotasunak ohikoak dira, kasu batzuetan heriotza eragiteraino. Gosearen astindu latza.

Keralako te-biltzaileak ez daude hobeto. Ohe bakarreko etxolatan bizi dira, komunik gabe eta hemen oinarrizkotzat jotzen ditugun ekipamendurik gabe. Assamekoek baino gehiago irabazten badute ere, egun osoa lanean aritzeagatik jasotzen dituzten 230 errupiak (3,5 dolar), Keralako gizon langile batek kobratzen duenaren erdia dira.

Irailean erabaki zuten emakumeek beren protestei hasiera ematea. Hobaria kobratzeaz gain, exijitzen zuten soldata igotzeko eta bizi-baldintzak hobetzeko. Ideia ez zitzaien batere gustatu sindikatuei, ustez te-biltzaileak ordezkatzen dituzten gizonez osatutako erakundeei. Emakumeek diote sindikatuetako buruak konpainiako zuzendaritzarekin bat eginda daudela, emakumeen eskubideak ukatzen dituztela eta lanposturik onenak gizonentzat gordetzen dituztela. Bestalde, Keralako biltzaileek ez dute ahaztu orain urte batzuk tearen nazioarteko salneurriak behera egin zuenean sindikatuetako gizonek beti lortu zutela lanpostuei eustea. Gainera, senarrek jarrera aldatu eta seme-alaben hezkuntzaz arduratu eta etxekoen beharrei erantzuten has daitezen lagundu beharrean, ezer ez egitea leporatzen diete sindikatuei, eta, ondorioz, gizon askok edan egiten dutela irabazitako dirua.

Konpainiaren egoitza nagusira doan errepidea okupatzea erabaki zuten hasiera batean, beren buruei esateko protesta antolatzeko gauza zirela. Inolako esperientzia sindikalik ez bazuten ere, hasi egin ziren. Emakumeak Bat Eginda (Pempilai Orumai) deitu zioten taldeari. Munnarko gune turistikoetara ere eraman zuten protesta, bertako merkataritza eta turismoa ia erabat geldiaraztea eraginez. Pankartetan irakur zitezkeen honako mezuak: “Tea bildu eta zakuak bizkarrean eramaten ditugu, zuek dirua eramaten duzuen bitartean”, edo “Gu latorrizko etxolatan bizi gara, eta, zuek, bungalow erosoetan”.

Sindikatuen aurkako mezuak aukeratu zituzten pankartetan idazteko. Sindikatuetako buruetako batzuk beraien manifestazio batera hurbildu zirenean, bidali egin zituzten. Kasu batean sandaliak eskuetan hartuta egin zieten mehatxu gonbidatu gabeko bisitariei. Sindikatuen eraikinaren aurrean zeuden mastak bota zituzten beste batean. Politikariak emakumeekin argazkia egitera etorri zitzaizkienean ere, izutu egin zituzten. Garbi zuten nahi zutena, ez zeuden bide hori uzteko moduan, laguntza eskainiz edonor etorrita ere.

Bederatzi egun

Te konpainiak harropuzkeriaz erantzun zuen lehen momentuan, baina bederatzi eguneko protesta eta negoziazio amaigabeen ondoren, aldatu egin zuen jarrera eta azkenean Keralako lehen ministroak zuzendutako elkarrizketa prozesuan konpainiak atzera egin zuen. %20ko hobaria berreskuratu zuten emakumeek, eta sindikatuak baztertuta geratu ziren, tripak jaten. Emakumeek negoziatutako akordioa sinatu beste erremediorik ez zuten izan.

Emakumeek borrokan jarraitzen dute. Soldata igoera beste mahai batean negoziatu behar dute, eta, sindikatuek, aurrea hartu nahian, 230 errupiako soldata 500era igotzea exijitzeko kanpaina jarri dute abian. Baina emakumeek beren kanpaina propioa abiarazi dute.

Hedabideek salatu dutenez, te-biltzaileek harrika egindako eraso bat jasan zuten protesta batean, eta sei manifestari zauritu zituzten. Baina ez dirudi borrokalari horien erabakia aldatuko dutenik. Sunnyk honako adierazpenak egin zizkion Catch atariari: «Galtzeko ezer ez dugu. Gosea eta sufrimendua geure bizimoduaren zati dira. Gosez hiltzeko arriskuak ere ez gaitu kezkatzen, baina ez dugu inoiz onartuko gu esplotatzea».

 

Eskemak haustera ohitutako «estatu komunista»

Kerala Indiako hego-mendebaldeko estatu bat da. 38.864 kilometro koadro eta 33.387.677 biztanle ditu. Hiriburua Trivandrum da.

Kerala Indiako estaturik aurreratuenetako bat da, herritarren garapen indizeei dagokienez. Ia analfabetorik ez dago bertan eta jaiotza tasa txikia du. Emakumeek ume bakarra izaten dute normalean. Keralak izan zuen Indiako lehenengo gobernu komunista, E. M. S. Namboodiripadek zuzendu zuena. CPI Indiako Alderdi Komunistak 1957ko hauteskundeak irabazi ondoren iritsi zen agintera, alderdia bat eginda zegoela. Keralakoa izan zen botoen bitartez agintea lortu zuen munduko lehen gobernu komunista. Komunistek bi hamarkada agintean egin eta gero, ezkerreko eta eskuineko koalizioak txandatu dira exekutiboan.

Indiako Gobernuak agintea deszentralizatzeko 1990eko hamarkadan abian jarritako planifikazio parte hartzaileko kanpaina beste inon baino gehiago garatu da Keralan, bertako gizartea bizi-bizirik dagoelako, komunistek aldaketak bultzatzeko helburua zutelako eta herritarrek kanpainarekin bat egitea erabaki zutelako. CIMAS Hiritartasunaren eta Ingurumenaren Behatokiko begiraleek diote Keralak garbi utzi duela garapen sozialak hazkunde ekonomikoa eragin dezakeela, betiko gidaliburuetan kontrakoari eusten bazaio ere.