UKATUTAKO DANBORREN TAUPADAK PILATUTA
Egun ezagutzen dugun Donostiako danborradan, 1980an atera zen lehen emakumea danborra jotzen, Kresalarekin. Haurren danborradan, berriz, hamarkada horren erdialdean eman zen aldaketa. Ordura arte neskek debekatuta zuten danborra jotzen ateratzea eta halako atrebentzia egitera ausartzen ziren eskolei diru laguntza kentzen zien Udalak. Hartara, neskatoak belarritakorik gabe eta ilea bilduta ateratzen ziren maiz, oharkabean pasatze aldera. Egoerari buelta eman nahian zebiltzan zenbait irakaslek, neskatoen debekua gehiegizkoa zela salatzeko, desfile erdira atera eta neskatoei ilea askatu zieten. Ilea aske dabiltza geroztik, nahiz eta artean baden zer askatu. Urteak pilatutako begiek ikusi dute danborrada aldatzen, baina oraindik asko ikusteko duenaren irrikaz hunkitzen dira Sarriegiren doinuekin, haiei ukatu dizkieten danborren taupadak pilatuta balituzte bezala.