Amagoia Mujika Telleria
Entrevista
KOLDO ZUAZO
Hizkuntzalaria eta euskaltzain urgazlea

«Euskararen meritua euskalkiek XXI. mendera arte bizirik irautea da, eta, aurrera egiteko, bizirik dagoen horri eutsi behar diogu»

Koldo Zuazo hizkuntzalaria eta euskaltzain urgazlea da eta urte luzeak daramatza euskara ikertzen eta, bereziki, euskalkiak ikertzen. Joan den astean aurkeztu zuen Euskalkiak.eus ataria, kezkatuta ikusten duelako nola ari diren euskalkiak galtzen.

Zergatik sortu duzue Euskalkiak.eus ataria?

Azken urteotan ahalegin handia egin da euskara idatzian, euskara kultura hizkuntza egiteko ahaleginean, baina, aldiz, ahozko hizkera baztertuta utzi dugu. Garrantzitsua da Durangoko Azokan ez dakit zenbat titulu berri ateratzea eta ez dakit zenbat tesi egitea euskararen inguruan, baina zer lortzen dugu gero hiztunaren jarduna, lagun artekoa, erdarazkoa baldin bada? Euskalkia da webguneko izarra, baina bestelako kontuak ere hartzen ditu kontuan; ahozkotasuna, orokorrean.

Euskarak ez omen du biziraungo euskalkirik gabe.

Edozein hizkuntza bizirik dagoen bitartean dialektoak sortzen dira. Dialektoak dira bizitasunaren seinale, gure eguneroko bizitzan erabiltzen ditugun hizkerak. Ematen du hemen euskara batua atera nahi izan dugula aurrera, gainera, euskara batu jaso bat; ez hori bakarrik, beste adierazpen moldeak baztertuta utzi ditugula dirudi. Horren ondorioa izaten da hiztunak maiz euskaratik ihes egiten duela bere maitasuna edo haserrea adierazi nahi duenean, esaterako. Guk euskaraz bizi ahal izateko aukerak eman nahi dizkiogu jendeari, gauza guztietarako euskara izan dezan.

Euskara batua haurrei goizegi eta azkarregi sartzen ote zaien kezka agertu duzu.

Baietz uste dut. Argi daukat eskoletan euskara batua erakutsi behar dela, azken batean euskara batua da euskaldun guztiok erraz komunikatzeko daukagun tresna eta jakin egin behar da. Baina ikusten dut euskara batua goizegi sartzen dela, haurrak hiru edo lau urte dituenerako, eta ikasketa hori samurrago eta normalago egin behar dela uste dut. Esaterako, haurra irakurtzen eta idazten hasten denean has daitezke euskara batua ikusten, edo telebistaren bitartez, udalekuetan... Betiere saihetsi behar duguna da umeak beren euskararekin konplexua izatea, beren euskalkia euskara batua baino okerragoa dela pentsatzea. Beraiena ondo ikus dezatela, eta baita besteena ere. Euskararen aniztasuna ikus dezatela.

Non eta nola erabili euskalkia?

Herri euskaldunetan, lagun arteko jardunetan... Faltan ikusten dudan beste gauza bat da euskalkiak entzun egiten ditugula baina ez ditugula ikusten. Hizkuntzak ikusi egin behar dira. Ez dut esaten edozein gauza euskalkian idatzi behar dugunik, baina herri euskaldunetan jubilatuentzako ibilaldi bat antolatzen denean, edo gazteentzako mus txapelketa bat antolatzen denean, edo futbol txapelketa bat... horrelako oharrak bertako euskalkian egin beharko genituzke. Beste gauza bat da, esaterako, Bilboko metroko sarreran jarri beharreko oharra; argi dago hori euskara batuan jarri behar dela mundu guztiko euskaldunek irakurtzeko modukoa izan behar duelako.

Teknologia berriei begira; Whatsapp aplikazioa bera, esaterako, euskalkiarentzat toki ona izan daiteke, ezta?

Zalantzarik gabe. Lagun arteko mezuak dira eta ez dituzu euskara batuan idatziko, ezta? Gainera, ahozkotik gertuago daude idatzizkotik baino.

Erakundeetatik zer egiten da euskalkien alde?

Nik uste inork ez duela egiten euskalkien alde. Beti esaten dugu euskararen meritua dela bizirik irautea XXI. mendera arte, baina euskalkiak dira bizirik iraun dutenak, eta, hizkuntza hau aurrera atera nahi badugu, bizirik dagoen horretan oinarritu beharko dugu. Askotan indarra jartzen dugu XVI. mendeko idazleek idatzi zutena ikasi nahian eta ez dugu aintzat hartzen egun egiten dena. Sarri hitz berriak asmatzen ditugu eta ez gara ohartzen hitzak baditugula. Hitz horien bila joan behar dugu eta hor daude, hiztunen ahotan.

Zuk esana da hitz berri horietako batzuek euskara martziano bihurtzen dutela, beste planeta batekoa.

Batzuek bai. Niretzako adibide garbia da, esaterako, “ahalbidetu” hitza. Gaur egun barra-barra entzuten da. Duela urte batzuk “ekarri du” edo “etorri da” esango genuke. Esaterako, horrela esango genuke: “Masen dimisioak ekarri du gobernu berria osatzea” edo “Masen dimisioarekin etorri da gobernu berria”. Eta gaur egun barra-barra entzuten da, “Masen dimisioak ahalbidetu du gobernu berria osatzea”. “Ekarri” eta “etorri” euskaldun denok ulertzeko modukoak ziren eta bat-batean etorri da “ahalbidetu”, nahasgarriagoa dena. Eta horrek dakarrena da jendeari konplexua sortzea. Hitza entzun eta “zer da hori? Nik ez dakit euskaraz”, pentsatzea. Euskaldun denok ezagutzen eta erabiltzen ditugun hitzak ez erabiltzea akats bat dela iruditzen zait.

Akaso kostatu egiten da ahozkotik ekarritako hitzak eta joskerak modu formalagoan erabiltzea?

Batzuetan ez dugu euskalkia erabiltzen konplexuengatik, iruditzen zaigulako ahozko hori ez dela duina. Zergatik ez da izango duina? Beti jartzen dudan adibidea “uste” hitzarena da. “Uste” hori euskaldun denok erabiltzen dugu, Bizkaitik Zuberoara. “Iritzi” ere euskaldun askok erabiltzen dugu, ez denok, baina askok. Eta aldiz, “aburu”, ez du ia inork erabiltzen. Eta askotan, tertuliatan eta dabiltzanek, “ene aburuz” erabiltzen dute jasoagoa delakoan edo.

Euskara zapatak bezalakoa dela diozu, egoera bakoitzerako zapata mota bat eta euskara mota bat.

Gero eta zapata mota gehiago izan, hobe. Horrela edonora joan ahal izango gara; hondartzara, mendira, paseatzera... Eta galdetzen dutenean, zein da zapata klaserik onena? Ba ez dago bat bakarra, egoeraren araberakoa da. Haserre zaudenean hitz zatarrak eta larriak behar dituzu, eta, maitasuna adierazteko, hitz samurrak. Egoeraren arabera euskara bat edo bestea beharko duzu, ezta?

Euskara batuak, batua izanagatik, ez du berdina izan behar toki batean eta bestean, ezta?

Euskara batu bat izan behar dugu euskal telebistako albistegietarako, euskaldun denok entzuten ditugulako, edo zientzia liburuetarako, adibidez. Horietan beharrezkoa da estandar bat. Baina badira bestelako egoerak hizkuntza nazionalaren eta hizkuntza lokalaren artean aukeratzeko modua ematen dutenak. Eta hizkuntza lokala esaten dudanean ez naiz euskalkiaz ari, euskara batuaz ari naiz, baina tokian tokiko hitzak eta egiturak txertatuta, tokian tokiko euskara batua. Eta euskara batuak ematen ditu aukera horiek. Euskaltzaindiak berak esaten du euskal hitz guztiak euskara batua direla, eta baita egitura sintaktikoak ere.

Bost euskalki bereizi dituzue webgunean. Bonapartek zortzi bereizi zituen 1863-1969 bitartean. Euskalkiak murrizten eta berdintzen ari al dira?

Bai. Hitz berri asko komunak dira eta hori ona da, esan nahi baitu herria kohesionatzen ari dela eta hizkuntza ere kohesionatzen ari dela. Orain arte euskalki mordoa izan dugu, euskara baztertua egon delako administrazioan, hezkuntzan eta toki guztietan. Gaur egun, egoera aldatu egin denez gero, hizkuntza bera aldatzen joan da eta hori berez baikorra da. Kontua da bateratze hori askotan ez dela naturala izan, gauzak lasterregi egin ditugulako eta ez dugulako ondo ulertu euskara batua zer den. Pentsatu izan dugu hitz batzuk ez direla batua eta baztertu egin ditugu. Esaterako, bizkaitarrek pentsatu dute beren “jausi” ez dela batua eta “erori” erabili behar dela, eta hori ez da inolaz ere horrela.

Ez dugu ondo ulertu zer den euskara batua?

Badira bateratu diren gauza batzuk, aditzak edo deklinabideak, adibidez. Baina beste gauza asko libre utzi dira. Adibide bat jartzearren Bizkaian erabiltzen diren izenordain zenbait; “edonon”, “edonora”, “edonoiz”, “edonora”, “edonoren”... eta irakasleek-eta pentsatu izan dute hori ez dela euskara batua eta nornahi, noiznahi, nonahi eta horiek erabili behar direla. Eta zer den kontua, 60 urtetik gorako lagun batekin hizketan egon eta “edonon”, “edonoiz” horiek barra-barra erabiltzen dituela eta gazteen artean, berriz, ez dituzte horiek erabiltzen. Irakaskuntzan galdu egin dira forma horiek, inolako beharrik gabe.

Eta euskaldun berriak? Euskalkirik ez dutenak?

Euskaldun berriek badute euskalkia, hautsi beharreko mitoa da euskaldun berriek euskalkirik ez dutela esaten duena. Esan izan da euskara batua artifiziala dela, laborategikoa, eta ez da egia. Euskara batua erdialdeko euskalkian oinarrituta dago eta, beraz, euskara batua ikasi dutenak badute euskalkia, Gipuzkoakoa.