GAUR8 - mila leiho zabalik
Entrevista
Isabel Otxoa
Etxeko langileen elkarteko bozeramailea eta EHU-ko irakaslea

«Kasuen %80an etxeko langilea bakarrik bizi da zaintzen duen pertsonarekin, egun askotan beste inorekin ardura partekatu gabe»


Eustatek 1993tik 2013ra urtera bitartean denboraren erabilera nola eta zertan aldatu den ikertu du. Bistan geratu denez, hogei urteotan orokorrean gutxitu egin da herritarrek etxeko lanetara eta zaintzara bideratzen duten denbora, bai lan batzuk egiteari utzi dietelako eta baita lan horiek maiz esternalizatuak izan direlako ere. Alegia, etxe askotan beste pertsona bat kontratatzen da etxeko lanak eta zaintza lanak egin ditzan. Baina, zein baldintzatan egiten da hori?

Etxeko Langileen Elkarteak urtero ematen du argitara etxeko langileen egoera erakusten duen txostena. Bertako bozeramailea den Isabel Otxoak nabarmendu dizkigu 2015. urteko datuen argi-itzalak. «Onerako aldaketa batzuk daude, asteburuko legezko atsedena izaten duten barneko langileen kopurua igo egin da; astean 24 orduko atsedena baino gutxiago dutenak gutxitu egin dira; soldata gero eta gehiago bankutik ordaintzen ari da barneko langileen kasuan eta Gizarte Segurantzan izena emanda daudenen kopurua igo egin da iaztik», hasi da argiak nabarmentzen.

Baina, alderdi ilunagoak ere jaso ditu txostenak, «barneko langileen ia %79k astean 60 ordu baino gehiago lan egiten dituzte; heren batek ez dute inoiz egun libre oso bat izaten; % 85ek ez dute dagokien soldata jasotzen eta soldata dokumentatu gabe jasotzen duten eguneko langileen kopurua igo egin da», segitu du Isabel Otxoak.

Bertan jaiotako gehienak, orduka lanean

Etxeko langileak duela hiru urte hasi ziren legeak derrigortuta Gizarte Segurantzan kotizatzen eta panorama hobetu egin da, nahiz eta artean badauden konpondu beharreko egoera korapilatsuagoak. «Gure datuek diote barneko langileen artean gero eta gutxiago direla Gizarte Segurantzarik gabe ari direnak. Hala gertatzen denean maiz paperik gabe daudelako izaten da. Familia batzuek hori baliatzen dute lan baldintza bidegabeak inposatzeko; langileari sinestarazten diote paperak lortzen lagunduko diotela lan kontratu formala eskainita, baina batzuetan garaia heltzen denean ez dute agindutakoa betetzen. Eguneko langileen artean, Gizarte Segurantzan izena emanda daudenen portzentajea igo egin da eta hori 2012ko lege aldaketarekin dago lotuta. Hala ere, oraindik orain askok murgildutako ekonomian jarraitzen dute; haien artean gehiengoa hemen jaiotako emakumeak dira. Ez dugu ahaztu behar migratzaileak ez direnen artean % 83 ordukako lanetan ari dela», agertu du.

Etxeko lanetan ari direnen artean, barneko langileen gehiengo zabala migratzailea da, familia kanpoan duena. «Baina badira hemen familia duten pertsona migratzaileak, familia asteburuetan bakarrik ikusten dutenak». Lakuaren 2011ko maiatzeko ikerketa baten arabera, egunez aritzen diren etxeko langileen bi herenak bertan jaiotako emakumeak dira. «Esango nuke etxeko langileen artean haiek ikustezinenak direla. Krisia dela eta hemengo emakume askok ordukako etxeko enplegura jo dute», gaineratu du.

Atsedena izateko eskubidea ere maiz urratzen dela salatu dute elkartetik. «Asteburuei begira, barneko langileen %23k ez dute izaten astean inongo atsedenik eta %27k ez dute 24 ordu jarraiko atsedenik izaten. Eguneko atsedenari begira, %33k ez dute inongo atsedenik izaten. Gauen egoerak, gainera, iruzkin berezia merezi du, asko direlako egunez eta gauez lan egitera behartuta daudenak, gaixo dauden pertsonak zaintzen dituztenak kasu».

Egiten dituzten lanei erreparatuta, eguneko langileen %30 etxeen garbiketan aritzen dira eta, gainontzekoak, haurrak eta adinekoak zaintzen. Barneko langileen kasuan, %91k adineko pertsonak zaintzen ditu, horietako asko mendekotasun egoera larrian daudenak.

2015. urteak utzitako datuak mahai gainean jarrita, Etxeko Langileen Elkarteak garbi dauka zeintzuk diren aurrera begirako erronketako batzuk; «erronka nagusia gobernuaren parte hartzea da. Jaurlaritzak dituen eskuduntzen barruan Lan Ikuskaritza, Lanbide, Osakidetza eta Osalan daude. Lan Ikuskaritzak egoera tamalgarri asko kontrolatu beharko lituzke, baina aurkezten zaizkion salaketei ez die jaramon handiegirik egiten. Lanbidek ez ditu oraindik Parlamentuko ebazpenak bete, alegia, ez du ezer egin etxeko enpleguan bitartekari eraginkorra eta nagusia izateko. Osakidetzak ez du bermatzen etxeko langileen lan istripuak istriputzat hartzea eta ez gaixotasun arrunt gisa (gaur egun gertatzen den moduan). Osalanen erantzunaren zain gaude, beraiekin birritan bildu gara etxeko langileen lan osasun baldintzak bermatzeko neurriak har ditzaten. Esan bezala, mendekotasun egoeran dauden pertsonen zaintzan ari dira, inongo lan arriskuen prebentzio neurririk gabe. Handik datoz sorbalda, beso eta eskuetako lesioak, eta baita lesio psikikoak ere. Azken horiek atsedenik gabeko jardueratik eratortzen dira; kontuan hartu behar da kasuen %80an etxeko langilea bakarrik bizi dela zaintzen duen pertsonarekin, egunean zehar askotan beste inorekin ardura partekatu gabe», nabarmendu du Isabel Otxoak.