19 MAR. 2016 IKUSMIRA BIZI OSOA BORROKAN EMANDA, ORAIN EZ DU AMORE EMANGO Dabid LAZKANOITURBURU Bernie Sanders du izena, 74 urte ditu eta bizi osoa eman du borrokan egungo AEBetan izugarrizko iraultza suposatuko lukeen sozialismo demokratikoaren alde, gaztaroan Liberty Union Party alderdi antiinperialistan, gero Burlingtongo alkatetzan eta azkenik Vermont estatuko senatari demokrata bezala. Hillary Clinton alderdiaren hautagai kutunaren aurka primarioetan aurkeztea erabaki zuenean inork ez zuen sosik ematen «aitonaren» alde. Hasiera-hasieran eman zuen, ordea, lehen ustekabea, New Hampshiren; «astearte erraldoian» Michiganen lortutako garaipenak langile zurien artean duen oihartzuna berretsi zuen. Aste honetan, ordea, gutxiengo beltzak eta latinoak zeresan handia duten hegoaldeko estatuetan galtzeaz gain, espero ez zuen kolpe latza jaso du Ohion. Lasterketa, baina, luzea da, Sandersek ez baitu amore emateko asmorik. Diskurtso sozialista kanpaina demokrataren ardatz bihurtuz historia egin du. Historia egiten ari da.