Osasuna, euskara eta informatika
Askotan galdetu diot neure buruari: posible ote dira osasun txosten elebidunak? Edo, hobeto esanda, posible ote dira euskarazko osasun txostenak?
Gaur egunean, euskaldun guztiok dakigun bezala, Osakidetzak euskararekiko duen jarrera ez da inondik inora nahikoa. Eta zer esanik ez Osasunbidean edota Frantziako osasun sisteman dutena. Osasun langileei eskatzen dieten hizkuntza eskakizuna ez da nahikoa, eta horrela, langile asko eta asko ez direnez euskaldunak, anbulatorio edota ospitaleetako eguneroko komunikazioa erdarara bideratzen da.
Osasun txostenei begira, egoera are okerragoa da. Medikuek 10 minutu dituzte gaixo bakoitzarekin egoteko, eta, tarte horretan, gaixoari kasu egiteaz gain, osasun txostena idatzi ere egin behar dute. Denborarik ez osasun txostenak elebitan egiteko. Salbuespenak salbuespen, gure osasun sistemetan osasun txostenak erdara hutsean idazten dira gaur egun nagusiki, osasun langile elebakarren eraginez.
XXI. mende teknologiko honetan, baina, teknologiak ba ote du arazo soziolinguistiko horretan laguntzerik? Azken urteetan, itzultzaile automatikoak ikaragarri hobetu dira. Alabaina, hobekuntza hori ez da hain agerikoa elkarren artean oso desberdinak diren hizkuntzetan. Hau da, katalanaren eta gaztelaniaren arteko edo frantsesaren eta gaztelaniaren arteko itzultzaile automatikoen kalitatea oso onargarria bada ere, euskararen eta gaztelaniaren artekoa ezin da haiekin alderatu. Lehenengokoek oso itzulpen itxurosoak ematen dituzte, zuzenak askotan, eta ulergarriak besteetan. Googleren Translate tresna erabiltzea baino ez dago horretaz ohartzeko.
Dena dela, Googlerena ez da euskararako dagoen itzultzaile automatiko bakarra. Badira beste batzuk hobeto egiten dutenak, IXA taldearen Matxin edota Eusko Jaurlaritzaren Itzultzailea adibidez, baina ez dira nahikoa onak oraindik. Kalitatea hobetzeko, baliabide asko eta asko behar dira, eta gaur egunean ez ditugu eskura.
Aipatutako itzultzaile automatikoak erabilera orokorreko itzultzaileak dira. Hau da, edozein testu itzultzeko prestatuta daude. Baina, gaur egun, itzultzaile automatiko horiek domeinu jakin batera egokitzeko joera nabarmentzen ari da. Esate baterako, administrazioan idazten diren testuak eta bidaiei buruzko blog batean idazten diren testuak oso ezberdinak izango dira, bai terminologiaren aldetik eta baita esaldien konplexutasunaren aldetik ere. Berezitasun horietara egokitzen saiatzen dira domeinura egokitutako itzultzaile automatikoak.
Osasun txostenen mundura ekarrita, osasun langileek txostenetan erabiltzen duten hizkera oso espezifikoa da, eta oso aparteko ezaugarriak ditu: terminologia oso espezializatua, esaldi sinpleak, akronimoen ugaritasuna... Hortaz, domeinura egokitzeak abantaila asko izan arren, eta hori itzulpenen kalitatean asko nabarituko bada ere, litekeena da nahikoa ez izatea.
Izan ere, osasun txostenetan itzulpenak zuzenak izatea ezinbestekoa da, gaixoen osasunari buruz hitz egiten baitute. Horregatik, beste urrats bat ere beharrezkoa da kalitatezko itzulpenak bermatzeko: hizkuntza kontrolatua.
Hizkuntza kontrolatua hizkuntzaren baliabide guztiak ez erabiltzeari deritzogu, alegia, esaldi konplexuak ekidin eta sinpleak bakarrik erabiltzeari, anbiguotasuna ekiditeko terminologia jakin bat erabiltzeari...
Hizkuntza kontrolatuarekin, itzultzaile automatikoen zehaztasuna asko hobetzen da, eta, modu horretan, osasun txostenen itzulpen automatiko hobeak bermatuko genituzke. Are gehiago esango nuke: osasun langileek orain arte ez dituztenez txostenak euskaraz idatzi izan, ez dute ohiturarik errotuta, gaztelaniaz idazterakoan bezala. Horrela, errazagoa da hizkuntza kontrolatu bat erabiltzeko ohitura hartzea.
Oraindik posible ez bada ere, teknologiak gakoak eskaintzen dizkigu hemendik urte gutxira euskarazko eta gaztelaniazko osasun txostenak elebidunak errealitate bilakatzeko, betiere osasun langileek euskara erabiltzen badute, noski. Eta nork daki, akaso elebitan bakarrik ez, edozein hizkuntzatan ere itzuliak ikusteko aukera ere izango dugu. •