21 MAY. 2016 analisia Bangladesh: Zatiketen zatiketa Bi zatiketaren ondorio da Bangladesh: britainiarrek Indian bultzatu zutenarena eta Pakistan estatu berriarena. Bada, egun bizi duen krisi politikoak eta jihadisten presioak herrialdearen zatiketa areagotu egin dute Dabid LAZKANOITURBURU Munduko zortzigarren herrialderik populatuena den arren (160 milioi biztanle inguru), guztiz ezezaguna dugu ia-ia Bangladesh. Noizean behin agertzen da komunikabideetan, bertako fabrika edo tailerren bat erre eta bertan lanean, esklabotza egoeran hobeto esanda, zeudenak kiskalita hil direla azaltzen duen berria. Izan ere, azken urteetan Bangladeshek lekukoa hartu die Txinari eta Indiari eta munduko jantzi eta jostailu fabrika bilakatu da. Posible da soinean duzun kamiseta edo zure seme-alabaren jostailu hori bangladeshtar langile batek baldintza ezin okerragoetan egin izana, lau sosen truke, gau eta egun lanean arituz inolako segurtasunik gabe. Hala ere, beste mota bateko bi gertaera albiste bilakatu dira egunotan, eta, hasiera baten batak bestearekin zerikusirik ez duen arren, biek Bangladeshen Estatuak bere sorreratik bizi duen krisi politikoa areagotu egin dezakete. Eta hori ez da kontu makala gehiengo musulmana duten herrien artean Bangladesh munduko hirugarrena dela kontuan hartzen badugu. Alde batetik, gero eta ugariagoak dira islamaren ikuspegi ankerrenak etsaitzat dituen ekintzaile zibil eta ordezkari erlijiosoen aurkako erasoak. Azken biktima monje budista bat izan da, eta, gainerako guztiak bezala, matxete-kolpeka erail dute ezezagun batzuek. Bestetik, Jamaat-e-Islami alderdi islamistako buruzagia, Motiur Rahman Nizami, urkatu egin zuten aurreko astean, Bangladeshek Pakistanetik aldendu eta independentzia lortu zuen gudan gerra krimenak bultzatu izanagatik kondenatuta. Islama ala jihada Jamaat-e-Islam Bangladesheko alderdirik handiena da, eta, nolabait, arabiar herrialdeetako Anaia Musulmanekin alderatu daiteke. Oposizioko lehen alderdia izanik, legez kanpo dago eta bere milaka kide eta agintari kartzelan daude. Azken hilabeteetako eraso odoltsuei dagokienez, Ansarullah Bangla Team talde jihadista atzean egon daitekeela uste dute adituek. Talde hori Estatu Islamikoaren (ISIS) aginduetara jarri da. Ohikoa den bezala, eta mundu osoan darabilten lehia jihadista krudelaren beste kapitulu batean, bai ISIS berak eta baita Al-Qaedak ere, kasu honetan sareak Indiako kontinentean duen Ansar al-Islam sukurtsalaren bitartez, bere gain hartu ditu eraso odoltsuak, bakoitzak bere aldetik. Gobernuak, ostera, batetik bere lurraldea kontrolpean duela eta bertan ez dagoela ez ISISik ez eta Al-Qaedarik dio, eta, bestetik, oposizioa kriminalizatu nahian, erasoen atzean Jamaat-e-Islami eta Bangladesheko Alderdi Abertzalea (BNP) daudela errepikatzen du etengabe. Izan ere, atentatuok, giroa nahasteaz gain, Gobernuan den Awami Liga alderdi sekularrak islamismoaren aurka daraman gerra indartu egiten dute. Erasoak 2013an hasi ziren, hasieran «blogari ateoen» aurka. Iaz erasoak areagotu egin ziren eta dagoeneko hogei bat pertsona erail dituzte, tartean atzerritarrak eta erlijio gutxituen jarraitzaileak. Apiriletik hona zazpi erasoren berri eman du Gobernuak. Mong Shwe U Chak monje budista bere odolean itota aurkitu zuten atzo zortzi. Aurretik antzeko eraso bortitzetan erail zituzten Julhas Mannan eta Mahbub Tonoi Bangladesheko LGTB (Lesbiana, gay, transexual eta bisexualak) komunitateko ekintzaileak, Nazimuddin Samad ekintzaile laikoa, Rezaul Karim Siddique irakaslea, agintari sufi bat eta jostun hindu bat. Aditu batzuen ustez, litekeena da krimen batzuen atzean beste arrazoi batzuk egotea –Shahidullah agintari sufiaren kasuan lur batzuen jabegoaren inguruko liskarra legoke–, baina ukaezina da laikoak, ateoak, eta gutxiengo erlijiosoen, sozialen edota etnikoen defendatzaileak jomugan direla Bangladeshen. Dozenaka blogarik herrialdetik ihes egin behar izan dute azken urteotan. Hasieratik oker Egun biztanleen %1 baino ez da hindua Bangladeshen (2 milioi lagun inguru), baina ez da beti horrela izan. Britainia Handiak 1947an bultzatutako Indiako zatiketa gertatu zenean, irizpide erlijiosoa inposatu zen. Mendebaldeko eskualde musulmanak eta Ekialdeko Bengala Indiatik aldendu zituzten eta Pakistaneko Estatua sortu zen. Tarik Ali adituak argi du bere diagnostikoa. «Dena gaizki hasi zen», dio gupidarik gabe “Pakistan, el duelo” liburuan. Eta ez bakarrik Punjab eta Bengalan sikh, musulman eta hinduen arteko liskar eta pogrom odoltsuetan bi milioi pertsona inguru hil zirelako. Mohamed Ali Jinnah Liga Musulmanaren agintariak uste zuen estatu musulman baten parte izatera pasatuta Punjabeko eta Bengalako eskualdeak ez zirela zatituko. Bietan musulmanak eta hinduak erdi eta erdi izanik (Mendebaldeko Punjaben soilik ziren gehiengoa musulmanak), edonork aurreikus zezakeen hango sikh eta hinduek ez zutela onartuko Ali Jinnah berak eta bere jarraitzaileek onartu ez zutena, beste gehiengo erlijioso baten menpean bizitzea, alegia. Indiako Liga Musulmanak ez zuen sekula pentsatu bere ametsa, estatu musulman batena, errealitate bihurtuko zenik. Izan ere, mehatxu bezala erabiltzen zuen Britainia Handiaren aurrean India aske baten bermea ziurtatzeko. Baina, horra hor non, 1947ko abuztuaren 14an, Pakistan izeneko estatu berriarekin esnatu zen ustekabean mundua. Inprobisazioa nagusi izan zen lehen egunetik bertatik. “Pakistan” hitza bera asmatu zuenak ere Punjab, Afganistan, Kaxmir eta Sindh herrialdeen lehen hizkiak hartu zituen kontuan antza, baina Bangladesh eta Balutxistanen “Ba” izenean sartzea “ahaztu” omen zitzaion... Amesgaiztoa Jinnah «aberriaren aitak» ez zuen denborarik izan Pakistanen ametsa amesgaizto bihurtzen ikusteko, 1948ko irailean zendu baitzen. Hala ere, sorreran bertan zuen proiektuak akatsa. Eta ez bakarrik geografikoki zatituta zegoelako. Egungo Pakistan Mendebaldeko Pakistan zen orduan; Bangladesh, berriz, Ekialdeko Pakistan. Bien artean 1.000 milia baino gehiago zeuden, India Pakistanenen etsai historikoaren lurraldean gainera. Jinnah laikoa zen eta ez zuen erlijioan oinarritutako estaturik nahi. Baina bera eta bere jarraitzaileak ez ziren gauza izan herri mugimendu politiko sendo bat eratzeko. Ondorioz, militarren eta burokraten menpe gelditu zen Pakistan, eta, erlijio musulmana, inolako burubiderik ez zuen herrialdea nolabait gorpuzten saiatzeko erabili zen ia-ia hasieratik. 1958an Pakistanek bizi izan duen diktadura sorta luzeko lehena etorri zen, Ayub Khan jeneralaren eskutik (eta Washingtonen laguntzarekin, nola ez). Egoera erabat gaiztotu zen, bai hegoaldeko bai ekialdeko “pakistandarrentzat”. Kolonialismo bikoitza Ekialdeko Pakistan Bangladesheko ekialdea baino ez zen, eta, mendebaldea, Kalkuta hiriarekin, India barnean gelditu zen. Zatiketaren ondoren bertako dendari eta lurjabeek Bangladesheko mendebaldera ihes egin zuten, milioika hindurekin batera. Ekialdeko Pakistanen hinduak 10 milioi ziren herrialdeak independentzia eskuratu zuenean. Pakistandarren %60, berriz, bengaliarrak ziren (60-70 milioi inguru). Gehienak musulmanak izanagatik, hizkuntza, ohitura, elikatzeko era... propioak zituzten, eta hasiera-hasieratik sumatu zuten Indiako zatiketak kolonialismo baten ordez (britainiarra) beste bat (Mendebaldeko Pakistanena) ekarriko zuela. Ez zuten, gainera, asko itxaron beharrik izan. 1948an, Pakistan sortu eta urtebete eskasera, urdua herrialdeko hizkuntza ofizial bakar bezala inposatu zuen Karatxiko Gobernuak. Inposizio horren aurkako bengaliarren protestek 1956an atzera egitera behartu zuten Gobernua eta Awami Liga alderdiari sekulako indarra eman zioten. Zalantzarik gabe, Bangladeshen independentziarako lehen urrats gisa kontsidera daitezke. Baina ez zen linguistikoa Bangladeshek pairatzen zuen inposizio bakarra. Zatiketan bertako aberatsek utzitako leku eta ondasunak bereganatu egin zituzten Mendebaldeko Pakistango burokrata eta militarrek. Egoera ekonomikoa eta soziala gero eta okerragoa zen ekialdeko “pakistandarrentzat”, baina baita mendebaldekoentzat ere. Protestak eta gose grebak ugaldu egin ziren 1968an eta 1969an, eta, militarrek aginduta, Ayub Khanek amore eman eta Yahya Khanek, jenerala berau ere, ordezkatu zuen. Rawalpindin eta Dakhan, Lahoren eta Chittagongen protestek ez zuten etenik izan eta agintari berriak hauteskundeak deitu behar izan zituen. Garai hartan ezkerrak eta komunistek nahiko indar zuten Ekialdeko Pakistanen, batez ere maoistek, baina akats izugarria egin zuten. Izan ere, Ayub Khanek Txinarekin harremanak sendotu zituen, eta, ondorioz, bere diktadura «antiinperialistatzat» jo zuten. Horrek Awami Liga zentro-eskuineko alderdiaren esku utzi zuen bangladeshtarren subiranotasunaren aldeko aldarria. Horrela bada, 1971ko hauteskundeetan Ekialdeko Pakistani zegozkion 169 eserlekuetatik 167 eskuratu zituen Awami Ligak eta Pakistaneko Parlamentuan gehiengoa lortu zuen. Beraz, Pakistango gobernua osatzea zegokion. Militarrek, baita Zulfiqar Ali Bhuttok gidatzen zuen Mendebaldeko Pakistango lehen indarrak ere, ez zuten egoera onartu. “Gu hemen gaude, zu han zaude” leloa erabili zuen gerora Pakistango presidente izango zen Bhuttok, 1977an estatu kolpe batek kargutik kendu eta exekutatu zuena. Mezuaren destinatzaile zuzena Awami Ligako buruzagi Mujibur Rahman xekea zen. Mezuarekin, Armadak Ekialdeko Bangladeshen aurka gerra egiteko baimena zuela ulertu zuen xekeak berehala. Awami Ligak ez zuen ordura arte independentzia aldarrikapenik egin eta bere programak, Sei Puntuak, autonomia politikoa eta ekonomikoa aldarrikatzen zituen, «Pakistan akordio konstituzional baten bidez batuta mantendu eta Bangladesh naxalite komunisten eskuetan ez erortzeko». Kontuak kontu, Pakistanen apustu militarrak zatiketaren osteko zatiketa saihestu baino bultzatu egin zuen. «Jinnahren Pakistan 1971ko martxoaren 26an hil zen, Ekialdeko Bangladeshen odolustuta», dio Tarik Alik. Egun hartan, Rahman xekea atxilotu egin zuten militarrek, baina ez bera bakarrik: hauteskundeetan emaitza oso kaskarrak lortu zituen Jamaat-e-Islami alderdiko kideek osatutako zerrendan oinarrituta ehunka abertzale eta ezkerreko intelektual torturatu eta erail zituzten. “Argiaren bila” izenarekin bataiatu zuen Pakistango Armadak operazioa, baina, iluna ez ezik, desastre hutsa ere izan zen. Erasoak Bangladesheko independentzia gerra ekarri zuen, eta, Pakistango militarrak, gerrillen kontraerasoen aurrean, hinduak hiltzen hasi ziren. 10 milioi inguru ziren eta ehunka mila biktima izan zirela diote adituek. Zifrak ikaragarriak dira. Izan ere, 1979an Ekialdeko Bangladeshek pairatu zuen lurrikarak eragin zituen 200.000 hildakoak huskeria ematen dute 1971ko martxotik abendura bitartean gerrak utzi zuen hondamendiaren aldean: milioi bat hildako, bi milioi etxe suntsituta, hogei milioi desplazatu eta errefuxiatu Indian. Iragana eta oraina Gerra egoera baliatu eta mendebaldeko bengaliarrek independentzia eta komunismoa aldarrikatzeko erabiliko zutelakoan, Indiako Armada gerran sartu zen eta bi aste baino ez zituen behar izan Pakistanen errendizioa lortzeko. 45 urte igaro dira, baina garai hartako zauriek odoletan jarraitzen dute. Mujibur Rahmane Bangladeshen independentziaren aitaren alaba, Sheij Hasina lehen ministroa, islamisten aurka gogor ari da eta islamistok Pakistanekiko izandako konplizitate politikoa eta askoren ustez «kriminala» erabiltzen ari da bere boterea sendotzeko asmoz. Rahman Nizami ministro ohi eta agintari islamistarekin batera jada bost dira azken urteotan urkatu dituzten Jamaat-e-Islami alderdiaren buruzagiak, hau da, Gobernuak Bangladesheko Krimenen Nazioarteko Auzitegia 2010ean martxan jarri zuenetik. Amnesty International gobernuz kanpoko erakundeak auzitegi horren partzialtasuna salatu izan du eta kondenatutako islamistak urkatzearen aurka azaldu da. Indiako Zatiketa traumatikoa oso izan zen eta etorkizun gutxiko estatu baten sorrera, Pakistanena, eragin zuen. Pakistan beraren zatiketa eragin zuten bertako agintariek Ekialdeko Bangladeshi eraso egitean. Bangladesh bera errotik zatituta da egun, bere historia odoltsua barneratu ezinik. Eta koktel arriskutsu horretan jihadistak lehen lerroan jarri dira. Zatiketaren zatiketa.