Oier Gorosabel - @Txikillana
Fisioterapeuta eta osteopata

Saihetsetako traumatismoak

Animaliok liburu irekiak gara, eta benetan interesgarria da hautaketa naturalak eboluzioan zehar gizakia nola aldatu duen ikustea: belarriak mugitzeko muskuluek, koxis hezurreko buztanaren arrastoek, gure ilearen banaketak... gure espeziearen bilakaerari buruz berba egiten digute. Gure gorputzeko egitura guztiek beren funtzioa dutela esan daiteke, eta, gaur egungo bizimoduagatik ez bada ere, gure arbasoenagatik uler ditzakegu. Horrela gertatzen da saihetsekin ere: bizkarrezur dortsalean aurki ditzakegun 24 hezur, eskuin-ezker ornoen eta esternoi hezurraren artean hedatzen direnak.

Saihetsen funtzio nagusia erraz uler daiteke: gorputzeko organo garrantzitsuenetakoak (birikak eta bihotza) babesteko armadura naturala osatzea. Hezurrezko kaxa honek erresistentzia eta malgutasuna uztartzen ditu, eta hezur guztiek duten elastikotasuna nabarmenagoa da saihetsetan. Begira ezazue bestela arkumea jaten duzuen hurrengoan: saihetsa bi eskuekin hartu eta espiralean okertu ahal izango duzue, hautsi gabe. Banan-banan hartuta horrela bada, atera kontuak zer izango den alde bakoitzean hamabi saihets bata bestearen gainean jartzen baditugu: bularreko kaxak bizkarreko mugimendu guztietara egokitzeko ahalmena izango du, barruko organoen martxa oztopatu gabe. Kuriositate bezala, pertsona askok lepo eta gerrian saihets atrofiatu txikiak dituzte; lehen esan dugun bezala, gizakiak eboluzioaren oroigarriak ditu: kasu honetan, gizaki batzuek gure aitzindari narrastien oroigarriok dituzte (narrastiek ia bizkarrezur osoan dituzte saihetsak).

Saihetsak ez daude solte, noski; giltzadura txikiak dituzte, atzetik ornoekin eta aurretik esternoiarekin lotzen dituztenak. Gainera, haien artean muskulu desberdinak daude; eremu zabalena interkostalek estalitakoa da, saihets hezur luzeak elkarren artean lotzen dituzten muskuluak. Hiru geruza dituzte, haien artean nerbioak eta zainak pasatzeko lekuarekin. Era horretan, saihetsen kaxak hauspoaren itxura hartzen du, eta ibili ere horrelaxe dabil: sorbalda inguruko muskuluek tiratuta harrotzen da, eta, grabitatearekin eta interkostal txikien indarrarekin, berriz, itxi egiten da. Mugimendu horren eraginez hartzen eta botatzen du haizea gure biriketako akordeoiak.

Behin hau guztia jakinda, erantzun diezaiokegu orain dela aste batzuk Snoid jaunak egin zigun galdera modukoari: «Ey, @Txikillana: aste honetan saihetsetako kolpeez idatziko duzu? #buah Doministikuekin izarrak ikusten... #kabendish». Snoid agurgarria: kontuan har ezazu saihetsak birikak eta bihotza babesteko lehen lerroa direla; txoke egiteko diseinatuta daude, beraz. Saihetsen malgutasunak kolpeen indarra xurgatzen du, eta hausten direnean ere babesteko ahalmena manten dezakete. Jakina: horrek azpian dagoen pleura (birikak estaltzen dituen mintz gogorra) narritatuko du eta hortik dator saihetsetako traumatismoetan igartzen dugun min zorrotza eta arnas hartzeko ezina. Modu horretan, gorputzak atseden hartzera gonbidatzen gaitu: bestela lesioa areagotzeko arriskua izango genuke-eta (saihets ertzek pleura zulatuta).

Sintomak larri xamarrak badira ere, lasai egon zaitezke irakurle maitea: saihetsetako kolpeek ez ohi dute inolako ondoriorik uzten. Hausturek ere tratamendu berezirik ez dute behar izaten: lehen asteetako mina gainditutakoan, bi edo hiru zatitan puskatutako saihetsak bere babes-funtzioa berdin-berdin beteko du aurrerantzean. Lehen asteotan garrantzitsua izango da analgesia on bat egitea (medikuak agindutako botika guztiak hartzea), eta, nahi izanez gero, fisioterapiaren bitartez, arnas aparatuaren funtzionamendu egokia hobetzea. Gero, hausturaren ertzak leundu ahala, mina desagertuko da, eta, saihetsak berriz itsatsiko ez badira ere, beren babes funtzioa ongi beteko dute; horretarako diseinatuta daude. •

www.abante.eus