28 MAY. 2016 IKUSMIRA ITXARON, BAINA ETSI GABE... ETA ITXARON GABE Izaga, Xabier Ezetz diote... edo baietz. Beharbada, itxaroteko. Ezetz, ez dela bigarren eskuko telebisten eskaintza. Baietz, hautestontziak herritarrentzat direla, haien hautua, nahia jasotzeko ontziak. Eta itxaroteko, baina ez betiko, ekainaren 5era arte baizik, itxarotea ez baita etsitzea. Aitzitik, itxaropenik ez dagoenean ez da itxaroten. Astebetetsu barru estatu burujabe bateko herritar izan nahi duten esateko aukera izango dute 16 urtetik gorako goierritarrek. Lagun ugarik gogotik lan egin dute inguruko demokraziek eman ohi ez duten aukera beren herrikideei eskaintzeko. Goierritik urrun, legearen izenean, galdeketa horrek ez duela ezertarako balio esango dute. Euren baimenik gabe ez duela ezertxo balio. Baina bai, balio izango du. Beheko argazkian, hautestontziak erabiltzeko argibideak agertzen dira, eta, batez ere, hautestontzietan erabakitakoa gauzatzeko modua. Elkarrekin. Eta itxaronez, herritarren nahia bete arte... urrunetik baimena irits dadin itxaron gabe. Xabier Izaga Gonzalez