18 JUN. 2016 SEXU NORTASUNA Askotan jazarpenaren biktima izan diren transgeneroak, eskubideen aldeko lanean Pertsona transexualen bizi baldintzak asko aldatzen dira munduko leku batetik bestera. Askotan egurra eta jazarpena besterik ezagutu ez dituzten gizakiok eskubide esanguratsuak eskuratu dituzte leku batzuetan, Europan eta AEBetan batez ere, beste batzuetan atzera egiten duten bitartean. Última actualización: 18 JUN. 2016 - 00:28h joseangel.oria@gaur8.info Datu ofizial gutxi eta ezjakintasunetik sortutako zurrumurru gehiegi. Horixe litzateke pertsona transgenero, transexual edo transen inguruan dugun errealitatea. Izan ere, herrialde askotan ezkutatu egin behar dute beren sexu nortasuna eta horrela ez dago datu fidagarririk biltzerik. Auzi honetan erabili beharreko terminologiaren inguruko eztabaida ere zabalik dago oraindik. France Presse agentziak egin berri duen txosten baten arabera, transgenres hitza litzateke egokiena frantsesez, transgender ingelesez eta transgenero gaztelaniaz. Aipatu txostenak dio transexual hitza gero eta gutxiago erabiltzen dela, baina erabiltzen da oraindik. Trans hitzak ere bere espazioa lortu du, eta laburrena denez, hemendik urte batzuetara horixe nagusitu daiteke. Ikusi egin behar. Sufrimendua Amagoia Mujikak honela esplikatu zuen zer den transexuala izatea GAUR8n bertan, otsailaren 6ko alean: «Jaiotzeko orduan genitalei begira zehazten da pertsonen sexu identitatea. Batzuetan, baina, inposatutakoa eta benetako identitatea ez datoz bat». Aingeru Mayor sexologoarekin egindako elkarrizketa hartan garbi geratu zen sufrimendu iturri dela zakila duen neska edo alua duen mutila izatea: «Transexualitate egoeran dauden pertsonen suizidio saiakera tasa %41 ingurukoa da. Bistaratzen ari den errealitatea da, urte luzez ezkutuegi gorde dena eta modu aldrebesean ulertu». AEBetan orain bost urte egin zen ikerketa aipagarri baten arabera, herrialde erraldoi hartako populazioaren %0,3 inguru transgeneroa da. Oraindik populazio handiagoa duen Indian egin diren kalkuluen arabera, bertako 500.000 lagun inguru daude egoera horretan, 2014ko errolda abiapuntutzat hartuta. Transgenero izateko ez da beharrezkoa ez inolako tratamendurik jasotzea ez ebakuntza egitea. Aluarekin jaiotako mutila gizon transgeneroa izango litzateke, eta zakilarekin jaiotako neska, emakume transgeneroa. Sexu nortasuna sexu joerarekin nahastea oso ohikoa da oraindik ere, baina adituek nabarmentzen dute emakume transgenero batek edozein joera sexual izan dezakeela: homosexuala, heterosexuala ala bisexuala izan daiteke. Gauza bera esan daiteke gizonen inguruan. Hori bai, trans pertsonen eskubideen aldeko ekintzaileei ez zaie batere gustatzen «sexu aldaketa» espresioa, ebakuntzari buruz aritzeko. Diote pertsona horiek gorputza egokitu nahi dutela benetan diren errealitatera, ez direna aldatu. Nahiago dute «sexu erreasignazio prozesuaz» hitz egin. Zaharkitutako legeak AEBetako kazetari lesbiana eta gayen elkartearen arabera, pertsona transgenero bat bere ezaugarri fisiko eta sexualak aldatzeko prozesuan sartuta dagoenean, «trantsizioan» edo «trantsituan» dago. Trantsitu horrek ez du derrigorrez ebakuntza edo hormona tratamendurik eskatzen, kasu batzuetan nahikoa izaten baita gizaki horren ingurukoei gertatzen ari dena, edo gertatu dena, azaltzea: izen edo estatus aldaketa, esaterako. Beste arloetan gertatzen den moduan, pertsona transgeneroen baldintzak izugarri aldatzen dira herrialde batetik bestera. Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundeak egindako txosten batean jasotakoaren arabera, 80 herrialdetan harreman homosexualak izatea edo LGBT komunitatearen eskubideak defenditzea zigortuta dago: kasu batzuetan, gainera, heriotza zigorrarekin. AEBetan dituzte egun legerik aurreratuenak, baina estatu bakoitzak bere ezaugarri propioak ditu. Europar Batasunari dagokionez, Europako Parlamentuak 1989an onartutako ebazpen baten arabera, transgeneroak baztertzea debekatuta dago, baina 28 herrialdeetako 13tan baino ez dago espresuki debekatuta talde honen aurkako indarkeria, Transgender Europe elkarteak emandako datuen arabera. Indiako bilakaera Indian ere asko aurreratu dute gai honen inguruan. Ikasketekin jarraitzeko edo lana aurkitzeko arazo asko izaten dituztenez, trans asko kalean bizi dira, baldintza penagarrietan, eta kasu askotan sexu langile bihurtzea beste erremediorik ez dute izaten. Niten Chandra Odisha estatuko Gizarte Segurantza Departamenduko idazkariak esplikatu du bertako Gobernuak apirilean egin zuen ikerketa baten arabera, transexualen arazoek gora egin dutela azken bolada honetan. Pertsona horien bizitza hobetu nahian, transexualei gizarte zerbitzuak eskaintzea erabaki dute, neurri hori hartzen duen Indiako lehen estatua izateko. AEBetan lege aurreratuak dituzte, baina zaharkitutako eskemak buruan dituzten herritar asko da oraindik, komun publikoen erabileraren inguruan izan berri den debate zitalak erakutsi duenez. Thomas Coughlinek zortzi urte daramatza psikoterapeuta lanean eta azken urteotan Washingtonen izan den bilakaera ikusi ahal izan du: bazter guztietako ateak itxita edukitzetik, osasun sistema publikoaren babesa eta pertsona ezagunenen laguntza izatera pasa dira. «30 urte nituen neure trantsizioa egin nuenean», kontatu du orain 53 urte dituen transak. Diru arazorik ez izateak erraztu zizkion gauzak. Gurasoek ere ondo hartu zuten trantsitua. Orain bi urte ezkondu zen frantsesa irakasten duen emakume batekin. Obamaren neurriak Whitman-Walker Health gobernuz kanpoko erakundearen zentro batean egiten du lan orain Coughlinek. Datu ofizialik ez dagoen arren, berak gauzak aldatzen ari direla garbi ikusten du: 2008an 200 trans iritsi ziren zentrora laguntza eske, eta aurten jada 1.200 heldu dira. Hain aldaketa ikusgarriak badu zerikusirik Barack Obamaren Gobernuak abian jarritako neurri batzuekin. Medicaid osasun sistema publikoak (pobreenei laguntzen die) 2014az geroztik ordaintzen ditu ebakuntzak eta tratamenduak, eta, horren eraginez, gero eta herritar gehiago hurbiltzen zaizkie. Thomas Coughlinek nabarmentzen du pertsona ezagun batzuen ekarpenak transgeneroei emandako animoa. Caitlyn Jenner aipatzen du: 1970eko hamarkadan Olinpiar Jokoetako dekatloi txapelduna izan zen, Bruce izeneko gizona zenean. 2015ean kameren aurrean emakume bihurtu zen. «Horrek sekulako eragina izan zuen trans pertsonek beren burua onar zezaten, eta gainerakoek transak onar zitzaten», esan du. Baina Ipar Carolinan kontrako bidea hartu dute. Martxoan onartu zuten lege baten arabera, emakume transexual batek gizonezkoen komuna erabili behar du nahitaez. «Nire bezeroekin hitz egin dut horrelako legeek beraiengan eragiten duten beldurrari eta zirrara emozionalari buruz. Baita etorkizunean izango duten eraginaz ere, edo AEBetan era askean mugitzeko transexualei geratuko zaizkien aukeren inguruan». Bera eta emaztea Ipar Carolinara joaten ziren udan oporretara, baina aurten beste lekuren batera joango dira, ez baitute oporretan baztertuta sentitu nahi. Etxetik noiz irten kalkulatu Komuna erabiltzeko arazoak izateak asko baldintzatu dezake edonoren bizitza. Arthur Brown 16 urteko mutila Chicagokoa da. Bere gelako ikasle gehienek merkataritza guneetan ordu asko egiten dituzte, baina aluarekin jaiotako mutilak bestelako kalkuluak egin behar izaten ditu: «Etxetik noiz irten ondo kalkulatzen dut, leku publikoren batean komunera joan beharrik ez izateko». Pertsona transgenero batzuek etxetik kanpo ez jan eta ez edatea erabakitzen dute, komunera joan beharrik ez izateko. Beste batzuek komunak sexuaren arabera bereizten ez dituzten lekuak aukeratzen dituzte. Brownek «familientzako» komunak dituzten lekuak ditu gustuko, baina kasuren batean oso gaizki hartu dute gainerako erabiltzaileek. Jennifer Leininger Chicagoko Lurie Umeen Erietxeko medikuak esplikatu du egoera horrek infekzioak eta bestelako osasun arazoak eragiten dizkiela gazte transgeneroei. Erietxe berean egiten du lan Robert Garofalok: «Askotan baimen bereziren bat idatzi behar izaten dut nire paziente transgeneroentzat, komunera sartzean Polizia etortzen bazaie erabil dezaten». Eskolako komunak Garofalok sekulako garrantzia ematen dio eskola segurtasunari: «Ezin dugu irakaskuntzaz, hazkundeaz edo garapen osasuntsuaz eztabaida egokirik egin, ikasle bat bere segurtasunagatik kezkatuta badago». Brown joaten den eskolak aipatzeko moduko ahaleginak egin ditu ikasle transgeneroen egoerara egokitzeko. Illinois estatuko Deerfield herrian dago bere institutua. Komun «neutroak» prestatu dituzte bera bezalako ikasleek arropa aldatzeko garaian arazorik izan ez dezaten: «Orain klasean kontzentratzea lortzen dut eta lehen bizirik nola atera beste konturik ez nuen buruan, ez daukat kezkatu beharrik gero gimnasiora joan behar dudala-eta». Beste leku batzuetan, berriz, atzera doaz. Amerikako Estatuen Erakundeak Santo Domingo Dominikar Errepublikako hiriburuan egin berri du bere batzarra (Orlandoko atentatuaren egun berean). Minutu bateko isilunearekin gaitzetsi zuten sarraskia, baina aldi berean pertsona transgeneroak baztertu zituzten bilera egin zuten hoteleko segurtasun arduradunek: emakume transei komuna erabiltzea saihestu zieten. Eskubideak babestu beharrean... Malaysiako ekintzaile transgenero baten borrokaldi luzea Nisha Ayubek Malaysian komunitate transgeneroak bizi duen kalbarioa jasan behar izan zuen: mespretxua, indarkeria, atxiloketak eta espetxean jasandako eraso sexuala. «Benetako gizon» bihurtu zedin giltzaperatu zuten. Egun 37 urte dituen emakume transgenero hau bi aldiz ahalegindu da bere buruaz beste egiten. Gehiengo musulmana duen herrialdean, jaiotzan genitalen arabera ezarritako sexua eta benetako nortasuna bat ez etortzea ez da batera erraza; hala, transexualen aurkako errepresioak erabat suntsituta zeukan Ayub. Transgenero ekintzailearen arabera, herrialdeko lege zorrotzen eraginez, gero eta eskari gehiago iristen dira bere elkartera, eta gero eta bazterketa gehiago jasan behar izaten dute. «Ez eskubiderik ez duintasunik izango ez bazenu bezala tratatzen zaituzte», adierazi dio AFP agentziari. Amorrua alde batera uztea lortu zuenean, LGBT lesbiana, gay, bisexual eta transexualen eskubideen aldeko ekintzaile bihurtu zen Nisha Ayub. Orain dela hiru hilabete, martxoan, International Women of Courage izeneko saria ematen dioten lehendabiziko emakume transgeneroa bihurtu zen. Sari hori AEBetako Estatu Departamenduak ematen du munduko «emakumerik ausartenak» nabarmentzeko. Gona nasai bat eta mahuka luzeko alkandora jantzita agertu da hitzordura. Ekintzaile musulmanak esplikatu digu bere etxean baztertu egiten zutela, joera sexualen eraginez. 2000n, 21 urte zituela, Polizia erlijiosoak atxilotu egin zuen. Trabestismoa debekatzen duen lege batean oinarrituta, xarian oinarritutako auzitegi batek (musulmanak nahastuta dauden gai erlijioso zibilak aztertzen dituenak) hiru hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zion. «Berriz benetako gizon musulman bat bihur nendin», azaldu du Ayubek, epaileak esan zituen hitzak gogora ekarriz. Kartzelara bidali zutenerako, «gizon izatetik emakume izatera doan trantsitua erabat» bukatuta zuela esan digu, gehiago zehaztu gabe, bere komunitateko pertsona askok egiten duten moduan, xehetasun horiek pribatutzat hartzen baititu. Hala ere, gizonezkoen espetxe batera eraman zuten. Nisha Ayubek ez du sekula ahaztuko kartzelako funtzionario batek gainerako presoen aurrean titiak erakustera behartu zuela. Behin, gainera, preso horietako batzuek felazioak egitera behartu zuten. HRW Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundeak 2014an egin zuen txosten batean esaten da Malaysia dela pertsona transgeneroentzat munduan dauden herrialderik txarrenetako bat. Nisha Ayubentzat egoera jasanezin hura gehiegi izan zen. Espetxean bertan aurrena, eta aske geratu eta gero ondoren, bere buruaz beste egiten saiatu zen. Esperientziak traumatizatuta zegoela, aldi txiki batez langile sexual ere izan zen. Eskubideen aldeko lanak atera zuen zulo hartatik. 2010ean Justice for Sisters erakundea sortzen lagundu zuen, transexualek jasaten duten jazarpena salatzen duen taldea alegia. Eta 2014an SEED fundazioa sortu zuen, pertsona transgeneroei eta baztertuta dauden beste taldeei laguntza emateko. Transexualei buruzko datu ofizialik ez dago Malaysian. Baina oso ohikoa da emakume transgeneroak jatetxeetan edo dendetan lanean ikustea, batez ere Kuala Lumpur hiriburuan. Emakume horiek beldurrez akabatzen bizi dira, edozein momentutan erasoren bat jasan baitezakete. Ayubek berak kontatu digu duela gutxi emakume horietako bati sekulako jipoia eman zion erasotzaileari 100 dolar inguruko isuna besterik ez diotela ezarri. Askotan, erasoen biktimek ez dute ezer salatzen, ez diote Poliziari hots egin nahi. Ayuben elkarteak norengana joan esaten die, salaketa egin gabe gera ez dadin. Ekintzailearen iritziz, transexualek Malaysian bizi duten egoera homosexualek jasaten dutena baino okerragoa da: «Zu izan zintezke gay edo lesbiana inor konturatu gabe. Baina normalean pertsona transgenero batek atentzioa deitzen du». Homosexualitatea ere zigortuta dago Malaysian: kartzela edo gorputz zigorra. AEBetako Estatu Departamentuak Nisha Ayuben ausardia saritu berri du. Baita bere «erabateko gizatasuna» ere. 2014an, gizonei emakumez janztea debekatzen zien lege islamiar baten aurkako protestaldietan, sekulako protagonismoa izan zuen. Ekintzaileek garaipen historikotzat jotako erabaki batean, Auzitegi Gorenak azkenean esan zuen lege hura «zapaltzaile eta krudela» zela. Baina horrelako jarrerak garesti ordaintzen dira Malaysian, transexualei buruzko muturreko iritzien eta jarreren aurka ezer egin nahi ez duen alderdi kontserbadore bat agintean duen herrialdean. Iaz kalean jipoitu zuten ezezagun batzuek, esaterako. Baina berak borrokari eutsi nahi dio. «Zergatik egon behar dut beldurtuta egia esateagatik?», galdetzen dio bere buruari. Etxe Zuriak bere saria eman eta berehala, Polizia islamiarra agertu zen Kuala Lumpurren transgeneroentzat dirua biltzen duen bulego batean. Agenteek utzi zuten kaosa ageri duen bideoak sekulako arrakasta izan zuen sare sozialetan. «Borroka ez da erraza izango», onartzen du. Dan Martin (Afp) Europako Parlamentuak 1989ko ebazpen batean transexualak baztertzea debekatu zuen, baina 13 estatutan baino ez dago espresuki debekatuta talde honen aurkako indarkeria Niten Chandra Indiako Odisha estatuko Gizarte Segurantzako idazkariak esan du Gobernuak apirilean egin zuen ikerketa baten arabera, transexualen arazoek gora egin dutela Minutu bateko isilunearekin gaitzetsi zuten Santo Domingon Orlandoko sarraskia, baina, aldi berean, emakume transgeneroei komuna erabiltzea eragotzi zieten AEBetan lege aurreratuak dituzte, baina zaharkitutako eskemak dituzten herritar asko ere bai, komun publikoen erabileraren inguruko debateak erakutsi berri duenez info+ Corey Maisonen bideoa, gaztelaniazko azpitituluekin: https://youtu.be/Bub1SFAW9w0