Amagoia Mujika
IKUSMIRA

OIHALAREN ATZEAN EZKUTATZEN DENA

Bi argazkiak Hernanin aterata daude, joan den ekainaren 26an, San Joan jaiek eta hauteskunde egun batek talka egin zuten egun arraro horretan. Bietan zapata pareak, batzuk besteak baino likatsuago seguruena. Txosnetatik ezin mugitu, hankak lurretik altxatzea kostatzen zelako.

Eta? Argazki bateko eta besteko zapata pareak elkar topatu ote ziren? Bata ibili ote zen parrandan? Eta, besteak, botoa ematera joan ote ziren? Eta? Pausaje politikoan elkarren antzik ba ote dute?

Bietan gortina bana eta, gortinaren atzean, auskalo, ezin asmatu zer ezkutatzen duen oihalak. Erabakiak daude oihalaren atzean, norberak hartutako erabakiak, ondo hausnartutakoak edo bidean inprobisatutakoak, auskalo.

Gortina baten eta bestearen ondoren ajea dator, seguru. Hauteskundeen ajea edo bestondoa, baina biharamuna ziurra da. Eta ezin jakin nork izango duen buruko min latzagoa. amagoia.mujika@gaur8.info