GEHIEGIZKO ALOKAIRUEN AURKA BORROKAN, PUNKAREN HIRIAN
Aurreko asteburuan sekulako borrokak izan ziren Berlingo Friedrichshain auzoan, okupatutako eraikin bat husteko Poliziak abian jarritako operazioaren eraginez. 123 uniformedun zaurituta eta 86 manifestari atxilotuta. Epaileek arrazoia eman diete Rigaer kaleko 94. eraikinaren erabiltzaileei, baina bestelako helburuak zirela medio (udal hauteskundeak egingo dira irailaren 18an), Frank Henkel Berlingo Barne arduradunak (Merkelen alderdikoa eta hautagaia) «ezker muturreko biolentoen» aurkako erasoa agindu zuen. Bertakoek diote espekulazioaren aurkako borroka dagoela asteburuko istiluen atzean, gentrifikazioari aurre egiteko asmoa alegia: leku bateko biztanle pobreak bertatik bidaltzen ari dira, aberatsagoak erakartzeko. Alemaniako hiriburuko etxe okupatu askotan artistak nagusitu dira eta, horien artean, punkiak dira nabarmentzeko modukoak. Herrialdean etxe okupatuak legeztatuta daude kasu askotan. joseangel.oria@gaur8.info