Oinak lokatzetara bueltan, bigarrena azkena izan dadin
2014ko independentzia erreferendumaren biharamunean uste izango zuena baino gertuago ikusten du orain Eskoziako mugimendu independentistak bigarren galdeketa baterako aukera. Hori horrela, oinak lokatzetara bueltan dira aktore ezberdinak, bigarrena azkena izan dadin.
Gertu du Eskoziak independentzia hatz puntekin ukitu zuen egunak bere bigarren urteurrena. 2014ko irailaren 18an, eskoziarren %55,3k ezezkoa eman zioten Erresuma Batua utzi eta munduaren aurrean herrialde independente gisa aurkezteari. Baina erabakia ez da betikotu, ezta gutxiagorik ere, eta solasaldi politiko guztien erdigunean dagoen gaia da bigarren independentzia erreferendumaren aukera.
Gisa honetako erreferendumen emaitzek pisu handia hartu ohi dute; zilegitasun demokratikoaren zama guztia gainean daramaten emaitzak izan ohi dira. Hala, herri baten zorian berebiziko eragina dute eta berauek zalantzan jartzea ulergaitza suertatzen da. Hala ulertu zituen emaitzok Eskoziako mugimendu independentistak, baita SNP berak ere.
Ezustean
Esan dugu SNPk 2014ko independentzia erreferendumaren emaitzen zilegitasun demokratikoa bere horretan onartu zuela. Hala, epe luzerako perspektiba batean kokatu zen alderdia, kontziente izanik gisa bereko beste galdeketa bat egin bitartean urte dezentek iragan beharko zutela, belaunaldi batek gutxienik. Horren erakusle da alderdiak 2015ean egin zuen urteroko konferentzia nazionalean afera independentista kanpo utzi izana, oso kritikatua izan zen erabakia. Aipamenik ere ez, ez urtebete lehenago gertatutakoari, ez eta etorkizunera begira alternatiba independentista bat jorratzeko zeuden aukerei ere.
Baina politika inprobisazioaren artea da, bat-batekotasunarena. Gaur posible ez dena bihar errealitate bilaka daiteke, baldin eta unean unean sortzen diren aukerei zukua ateratzen asmatzen bada. Halaxe ulertuko zuen Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak ere, iragan martxoan, alderdikideen aurrean egiten ari zen hitzartze batean, eta ezustean, bigarren independentzia erreferendumaren aukera mahaigaineratu zuen. Horrekin batera, uda honetan garatuko zen kanpaina independentista berri bat ere iragarri zuen.
Otsoaren ipuinaren traza hartu du, baina, SNPren udako kanpaina independentistaren kontuak. Tarteka han-hemen albisteren bat edo beste, SNPk kanpaina lasterrean abiatuko zuela ohartaraziz. Baina, errealitatean, deus ez. Azkenik, eta ‘The Herald Scotland’ egunkariak aurreratu berri duenez, atzo ekin zion SNPk 2014an herrialdearen independentziari ezetz esan zioten horiek hautu independentistara erakartzeko abenturari. Stirlingen bildu zituen Sturgeonek alderdiak dituen kargu publiko guztiak, datozen aste eta hilabeteetan alderdiak garatuko duen jardunaren nondik norakoen berri emateko.
Alderdi abertzalearen kanpaina independentista laburki bada ere xehatu aurretik, esan aurrez aipatu egunkariaren arabera Sturgeonen aholkulari taldearen bezperako asmakuntza bat izan zela berau; horregatik, batzuen ustez, beronen atzerapena. Baina bada ahotsik ere esaten duenik Brexitaren emaitzak ezustean harrapatu eta kanpaina berriro diseinatu beharrean suertatu dela SNP. Bada, nagusiki bi eremu edo gizarte talde konkistatzen ahaleginduko da SNP balizko bigarren independentzia erreferendum bati begira: pentsiodunak eta Eskozian bizi diren jatorri europarreko herritarrak.
Horiek izan ziren, batez ere, 2014ko erreferendumean independentziaren aukera baztertu zutenak. Egoera bestelakoa da, baina, egun, britainiarrek Europar Batasuna uztea erabaki zutenetik bereziki. Nabarmen aldatu da egoera SNPk bere jomugan duen gizatalde batentzat: Eskozian bizi diren jatorri europarreko herritarrentzat. 2014an mehatxu zena aukera bilakatu zaie orain, orduan aurkako argudio zutena aldeko dute orain. Bizitzaren paradoxak.
Esan liteke, beraz, Sturgeonen aholkulari taldeak asmatu egin zuela bigarren independentzia erreferendumaren aukera mahai gainean jartzean. Gainera, estuki lotu izan du Sturgeonek berau Brexitaren erreferendumarekin, eskoziarren eta gainerako britainiarren etorkizuneko helburu eta nahiak ezberdinak direla agerian utzi nahirik. Inprobisazioak eta bat-batekotasunak, beraz, unean uneko aukera politikoekin bat egin eta 2014ko erreferendumaren biharamunean uste izango zutena baino gertuago dute orain bigarren independentzia erreferendumaren aukera Eskozian.
Inurri lana
Eskozia 2014ko erreferendumaren aurretik zena baino askoz ere gizarte politizatuagoa dela ukatzerik ez dago. Milaka izan ziren herrialdea independentziara gidatu asmoz han-hemen sortu ziren taldeetara batu zirenak tamaina horretako apustu batek behar duen inurri lana egitera. Eragile independentistek, baina, ezin izan diote aktibismo maila horri eutsi. Robin McAlpine estratega politikoak duela bi aste GAUR8ri adierazi zionagatik, helburu edo lan ildo zehatzen faltak eragin du aktibismoaren beherakada. Baina ziur da independentzia erreferendumaren aukera gerturatu ahala lehengora itzuliko direla deskantsu hartzen dauden milaka eta mila herritar.
Bada, ahalegin horretan dihardute uneotan Eskoziako eragile independentistek. Motorrak berotze aldera, milaka izan ziren bigarren independentzia erreferendum baten alde, eta All Under One Banner eragileak deituta, uztailaren amaieran Glasgowko kaleetara atera ziren herritarrak. Eta antzeko argazkia ikusiko da hilaren 18an ere, independentzia erreferendumaren bigarren urteurrenaren harira deituak dauden ekimenak direla-eta.
Batetik, Scottish Independence Convention Working Group taldearen bilera deialdia dago. Aipatu eragilearen baitan eratu zen Yes Scotland, 2014ko erreferendumean baiezkoaren alde egin zuen mugimendu herritar ofiziala. Hala, Glasgown bilduko dira aktibista, kazetari, estratega politiko eta abarrak, mugimendu independentistaren etorkizuneko lan ildoak xehatzen hasi asmoz. 2014ko kanpainaren ostean lehenengo harreman moduko bat litzateke, 2017an egin asmo duten dimentsio handiagoko konbentzio baterako azpilana egin nahi duena. 500 pertsona inguruk parte hartzea espero dute antolatzaileek.
Bestetik, egun berean eta hiri berean, Yes Movement Rally eragileak deituta milaka lagunek oroituko dute independentzia erreferendumaren bigarren urteurrena. 10.000 eta 20.000 lagunen artean espero dituzte bertan, ikasturte politiko berriarekin batera prozesu independentista berriari bultzada bat emateko balioko duen manifestazioan. Aipatu bi ekimenen ostean, 2017ko urtarrilera begira jarriko da Eskoziako mugimendu independentista, prozesu independentista berriari behin betiko bultzada emango dion konbentzioari begira, hain zuzen ere.
Azkenik, Scottish Independence Convention Working Group taldeko kide den Radical Indepence Campaign eragileak ere jarri ditu bere motorrak berotzen. Nazio mailako deialdia luzatu du, irailean zehar talde lokalak martxan jarri asmoz.
Iraila bero dator, beraz, Eskozian. Aktore independentista nagusienek 2014ko erreferendumaren biharamunean ikusten zutena baino gertuago ikusten dute orain bigarren independentzia erreferendumaren aukera, eta, hala, balizko galdeketa horri begira nor bere indar posizioa hartzeko ahaleginetan ari dira aktoreok. Oportunismo politikoa eta kanpo faktoreak lagun, denborak esango du Eskoziak herrialde independente izan nahi duen edo ez.