GAUR8 - mila leiho zabalik
Entrevista
JON ANDONI DUÑABEITIA
DOKTOREA PSIKOLOGIAN

«Hizkuntzaren galera alzheimerra garatzeko markatzaile bat den aztertzen ari gara»

Hizkuntzak eta garuna ditu ikerlan Duñabeitiak. Zehazki, hizkuntza bat edo bat baino gehiago jakiteak nola aldatzen duen gure garuna eta, ondorioz, gure memoria eta gure gaitasun kognitiboa.


Hizkuntza batetik bestera salto egitea oso ohikoa eta ia automatikoa da elebidunentzat. Ia jabetu gabe egiten den aldaketa da, baina garuna etengabe ari da lanean hori posible egiteko. Jon Andoni Duñabeitiak ongi ezagutzen ditu zirrikitu horiek, hizkuntzen inguruan aritzen baita Basque Center on Cognition, Brain and Language ikerketa gunean. Xedea: hizkuntza zer den jakitea, hizkuntzez nola jabetzen garen ulertzea eta garun batek horrekin hain ondo jokatzeko nola egiten duen aztertzea. Horretarako, hizkuntza baten ikasketa prozesua eta hizkuntza batetik bestera aldatzeko gaitasuna haurretan nola ematen den aztertzen dute eta prozesu bera helduen kasuarekin konparatu.

«Nagusi eta agureen kasuan ikusten dugu gauza asko galtzen joaten direla, horien artean hizkuntza. Aztertzen dugu hori markatzaile bat izan daitekeen alzheimerra edo neuroendekapenezko beste gaixotasun batzuk garatzeko. Hau da, hizkuntzaren galerak baduen horretan zerikusirik edo hizkuntza bat baino gehiago jakiteak abantailak ematen dituen», azaldu du.

Eleaniztasunaren onurak

Elebidunen eta eleanitzen konparaketa horretan, alde batetik, garuna fisikoki ezberdina den aztertu dute, eta bestetik joera konduktualak. Duñabeitiak gidatzen duen proiektuak bi eremu ditu, alde batetik, Indian eta Txilen alfabetatu gabeko pertsonak aztertuko dituzte, eta, bestetik, Euskal Herrian alfabetatuak baina elebakarrak diren pertsonak (gaztelera bakarrik dakitenak). Denak dira helduak: Txile eta Indian 25-35 urte artekoak eta Euskal Herriaren kasuan 70 urtetik gorakoak.

Lehenengo talde horrekin, hasteko euren garunak fisikoki nolakoak diren aztertzen dute eta gero hilabete batzuetan zehar entrenamendu bat ematen zaie, funtsean irakurmena eta idazmena lantzen dituena. «Hutsetik ikasi behar dute. Talde esperimental horretan ikusiko ditugu horrek ematen dizkien abantailak. Horretarako Indian garuna erresonantzia baten bidez begiratuko dugu, eta, Txilen, elektrofisiologikoki aztertuko dugu nola doan. Erresonantziak esango diguna da garunak fisikoki nola aldatu diren eta funtzionamendu aldetik nola aldatu diren. Txilen ikusiko dugu informazioak nola bidaiatzen duen eta zein den abiadura», azaldu du.

Euskal Herrikoen kasuan hizkuntza berri bat ematen zaie ikasteko: euskara. «Azken datuak jasotzen ari gara eta Txile eta Indiako alfabetatu gabeko pertsonekin alderatuta garapen zerebrala berdina edo ezberdina den ikusi nahi dugu. Hau da, hizkuntza bat edo bi ikastea berdina da? Ezezkoa bada, bataren eta bestearen abantailak zeintzuk diren ikusi nahi dugu».

Alde batetik, Euskal Herriko talde analitikoan arreta eta memoria ikertzen ari dira. Baina fisikoki garunari begiratzen egitura nola aldatzen duen ere ikusi nahi dute. «Badakigu, adibidez, zeozer serio eta denbora askoz egiten dugunean, kirola adibidez, garuna pixka bat aldatzen dela. Memoria eta arreta sistema, esaterako, lan memoria delakoaren bidez. Zentzu horretan, ikusi dugu lan memorian elebidunak zerbait hobeagoak direla», aipatu du.

Oro har, alfabetizazio prozesu guztiek dakarte aldaketaren bat, eboluzio bat. Haurrak irakurtzen hasten direnean euren garunak aldatu egiten dira, memoria eta arreta sisteman adibidez. «Eleaniztasunari dagokionez, hasieran txarra zela esaten zen eta orain ikusi duguna da Kanadatik etorritako ikerketek diotela elebitasunak abantaila asko ematen dituela». Eta honakoa gaineratu du: «Soziolinguistikoki argi dago: pertsona gehiagorekin komunikatzeko gaitasuna duzu, beraz, ona izan behar du bai ala bai».

Kognitiboki, ordea, ez dauka horren garbi. Azaldu duenez, orain arte esan dena da atentzioa eta memoria garatuago dauzkala elebidunak. «Muturrera eramanda, azkenaldian esan da alzheimerra eta beste gaixotasun batzuen aurrean oskol moduan funtzionatzen duela eta sintomak lauzpabost urte beranduago agertzen direla. Ez da prebentiboa baina atzeratu egiten du. Ez dakigu moteltzen duen edo ez garen konturatzen sintomak hor daudela, beste konpentsazio mekanismo batzuk dituzulako. Azken hamar urteotako xedea horretan lan egitea izan da», zehaztu du.

Zentzu horretan, bere ikerketen emaitzak jarri ditu mahai gainean: «Hasi ginenean ikusi nahi genuena zen benetan elebidunak eta elebakarrak ezberdinak garen. 500 bat ume eta 200 bat heldu testatu ostean ikusi genuen berdin-berdinak garela. Egia da estrukturalki gauza batzuk aldatzen direla, gogortu edo sendotu egiten ditugu parte batzuk, gehiago erabiltzen ditugulako. Horrek ematen al dizu nolabaiteko oskol edo prebentzioa? Antza denez ez, ez dugu ezer topatu».

Txilen eta Indian –alfabetatu gabeko helduen kasuan– aldatzen al da pertsona heldu baten garuna? Aldatzen baldin bada, zein eratan? «Espero duguna da gauza batzuetan aldaketak ikustea, esaterako, lodiera kortikala deitzen den horretan. Ea zein eratako kortex zerebrala daukagun leku finko batzuetan. Horrek ere ekarriko ditu kanpotik ikusten diren aldakuntzak: azkarrago joaten direla zeregin konkretu batzuk egiten… Espero duguna da korrelazio handia egotea fisikoki barruan gertatzen denaren eta kanpotik psikologian klasikoak diren zeregin batzuen artean», dio.

Hipotesi orokorra argi dauka: «Bost edo sei urtetik aurrera kodigo berri bat ikasten dugu eta horrekin aritzen gara egunero. Nahitaez horrek gauzak aldatu behar ditu».

Bost euskal ikertzaileren proiektuak, sarituta

Olga Peñagarikano eta Jon Andoni Duñabeitiaren ikerketa proiektuak BBVA Fundazioak sarituak izan dira aurten. Beraiekin batera, beste hiru euskal ikerlari eta sortzaile kultural ere izan dira sarituak. Fundazioak azaltzen duenez, euren ibilbide profesionalaren erdiko fasean dauden profesionaletan jartzen dute arreta, gizartea berritu eta garatzeko gaitasun gehien duten ideiak une horretan ematen direla sinetsita. Izan ere, etapa horretan dauden profesionalek lehenengo lorpenak eskuratuak dituztela aipatzen du BBV Fundazioak, baina bere produkzioaren parte handi bat egiteko dagoela oraindik eta horretan laguntzea duela xedea. Guztira 60 laguntza eman ditu espainiar Estatu osoan, bakoitza 40.000 euro ingurukoa. Horietako bost Euskal Herrian lan egiten duten ikertzaileentzako izan dira.

Beste hiru proiektuak Amanda Sierra, Iñaki Gracenea eta Mabi Revueltarenak dira. Sierrak epilepsiaren inguruko terapia berriak ikertzen dihardu. Gracenea eta Revuelta arte plastiko eta digitalen inguruan aritzen dira. Lehena XIX. eta XX. mendeetan espainiar Estatuan diseinatutako eta eraikitako kartzelen inguruko ikerketa lana egiten ari da. Historia eta soziologiarekin estuki lotuta doan proiektua da eta marrazki eta maketen sorreran izango du isla. Revueltak Acromatica izeneko proiektua du esku artean. Marcel Duchamp artistak xakeari buruz egindako estudioen haritik hainbat obra eta performance osatzean datza lana.