03 DIC. 2016 Europe vs Facebook Iratxe Esnaola Hezkuntzan doktorea Proiektuak izen horixe du. Egun 29 urte dituen abokatu austriar batek jarri zuen martxan, 2011n. Max Schrems da. Artean, Zuzenbidea ikasten ari zen eta bere Facebookeko kontua bere inguruko lagunekin komunikatzeko erabiltzen zuen. Erabiltzaile arrunt bat zela esan daiteke: elkarrizketak izaten zituen, argazki batzuk igo, besteen edukiak ikusi, “datsegit” zapaldu, eta gisakoak. Eta 2011ko uztailean, Facebooki bere profilaren gaineko informazio guztia eskatu zion, Europako 95/46/CE direktibari helduta. Direktiba horrek Europan bizi garen herritar guztiok gure datuak eskuratzeko dugun aukera definitzen du. Eta Facebookek CD bat itzuli zion, 1.200 PDF dokumentu baino gehiago biltzen zituena. Schrems zur eta lur geratu zen. Eta zuzenbide ikasketak egiten ari zenez, Facebookek bere eskubideren bat urratu ote zuen ikertzeari ekin zion. Informazio asko eta asko topatu zuen PDF horietan. Baita espero ez zuen informazioa ere, bere Facebookeko kontutik ezabatu zituen edukiak betirako ezabatuak izan zirela uste baitzuen. Baina ez zen hala. Eta hor topatu zituen bere saio hasiera eta bukaera guztiak. Bere horman idatzi zituenak. Zapaldutako “datsegit” guztiak, batzuk geolokalizazio eta guzti. Nori esan zion ezetz, lagun-eskaera jasotzean. Zein lagun ezabatu zituen bere zerrendatik. Ezabatutako argazkiak. Eta ezabatutako argazkietan zeuden etiketak. Eta ezabatutako mezuak eta txatak. Eta ezabatutako “datsegit” guztiak. Eta gehiago. Nahikoa eta gehiegi, Europe vs Facebook proiektua sortzeko. Proiektuaren helburu nagusia Facebooken gardentasun falta salatzea da. Pribatutasun politika anbiguoekin erabiltzaileak egin behar dituen peripeziak auzitan jartzea. Eta ezabatutako datuak zergatik gordetzen diren eta zertarako erabiltzen diren argitzea. Eta gardentasun handiagoa lortzeko, Facebooki gure datuak eskatzera gonbidatzen gaitu: webgunearen atal bat espresuki horri begira dago. Egia esan, niretzat, Facebookeko pribatutasun politikak hasieratik izan dira kezkagarriak. Baina Ameriketako Estatu Batuetako legediaren barruan, ez da herritarren eskubiderik urratzen. Ezberdina da, ordea, egun Europan indarrean dagoen datuen babeserako legedia kontuan hartzen badugu. Horren arabera, Europako herritar orok bere datuen erabilera ezagutzeko eskubidea du. Eta hortaz, esan genezake, Facebookek bere pribatutasun-politikak aldatzea edo hedatzea erabakitzen duen bakoitzean, erabiltzaileari modu argi eta sinplean adierazi beharko liokeela. Eta galdetu egin beharko lukeela, aukera horiek aktibatu aurretik. Baina Facebookek beti funtzionatu du modu horretan, kontua sortzen duzun unetik bertatik, sortu berritan, kontua erabat publikoa baita. Erabiltzailearen ardura da pribatutasun ezarpenetara joan eta bere pribatutasuna zaintzea. Facebookek ahalik eta profilik publikoena sortzen digu, berari hala interesatzen zaiolako. Funtzionatzeko modu horri, opt-out deitzen zaio, hau da, erabiltzailearen esku dago aukerak desaktibatzea: out egitea. Hortaz, zenbat eta pribatutasun handiagoa nahi izan, orduan eta out gehiago egin behar dituzu. Klik gehiago. Alegia, bidea luzeagoa da pribatutasuna zaindu nahi duenarentzat. Eta konplikatuagoa, pribatutasun politiken definizioa anbiguoa eta konplexua izan ohi delako kasu askotan, erabiltzaile arruntentzat. Zinez garrantzitsua da proiektua, pribatutasunaren gaia eskubideen alorretik lantzen duelako. Eta beste arlo askotan bezala, 1995eko direktibak bermatzen duen eskubidea defendatzea ere badagokigu, TTIP, CETA, TISA eta bestelako hitzarmenek hori guztia deusezta dezaketela ahaztu gabe. •