10 DIC. 2016 IKUSMIRA MUGARRIAK HILARRI BIHUR EZ DAITEZEN Jagoba Manterola | Argazki Press Xabier Izaga Gonzalez Hamabi mugarri, errepidea barik, bidegabekeriak dirauen denbora zedarritzen dutenak. Gehiegikeria handitu baino egiten ez duten hamabi urteotako mugarriak. Eta Karmele Solagurenek, behingoz, zor zaion aitorpena jasoko duen esperantza. Hamabi urte asko baitira. Baina ez da iraganeko kontua, bidegabekeriak ez baitu iraungitze datarik. Ez da iraganeko kontua oraindik ere, astero, Karmele hil zuen politika zital berak mugarri horiek zedarritzen duten errepide beretik igarotzera behartzen baititu milaka euskal herritar. Ez da iraganeko kontua, horregatik deitu dute aste honetan hainbat mobilizaziotara. Horregatik deitu dute, berriro ere, Bilbora, datorren urtarrilaren 14an, besteak beste, Karmele Solaguren hil zuen sakabanaketa euskal presoen senide eta lagunentzat bezain eutsiezina egiteko, zenbat eta gehiagoren konpromisoak orduan eta eutsiezinagoa egingo baitu. Orduan eta handiagoa bihurtuko baitu mugarriok euskal preso politikoen bisitarien hilarri bihur ez daitezen itxaropena.