GAUR8 - mila leiho zabalik

Baserriz baserri kantari


Beran Urteberri bezperan baserriz baserri abesteko ohiturak hogei urte bete ditu. Bi urte dira elkartu nintzela eta etxean bezala sentitu naiz, ia 30 lagunera ailegatu den taldean eta etxeetan.

Landetatxon izaten da hasiera, trikiti doinu alaiekin. «Hementxe gaude etorri gara urteroko modu beran/ legiarekin kunpli dezagun urte berriaren bezperan». Zintzurrak berotu gabe, koplaren lehen puska ez da kasik entzuten. Baina segituan hartuko dugu martxa. Baserrietan zain-zain daude, mahaia jan-edanez ongi hornitua, etxeko zapatilekin solaserako gogoz. Gu baserritar jantzita gatoz, gazte kuadrilla ederra eurengana hurbildu eta lotzen gaituen sokari eusteko asmoz. Trikitilari eta pandero-jole finez gain, bertsolari zirikatzaileak ere baditugu, etxez etxe gehiago.

Illekun Borda, Garatxe, Bordaberri, Zigardi, Uainborda, Premosa, Gorostipal, Balkezene eta Luxaspi. Magikoa da ibilbidea, are gehiago iluntzean, ilargia mehe eta izarrak lodi-lodi mendian oinez ibiltzean. Baserri bakoitzak ditu bere jende, ezaugarri eta kodeak, eta poza ematen du deskubritzeak, nobedadeak zein beti errepikatzen diren ohitura eta elkarrizketak. Hazten ari dira Landetatxo eta Garatxeko umeak, zaldiak ekarri dituzte Gorostipalara eta bere izena aipatu orduko etorri zaigu hanka tartera Bordaberriko txakur itsusia. Kategorikoa izan da Zigardiko dantza saioa, atariko argi gorriaren argitan, eta Uainbordako haurra eta gure taldekoa elkarri eskua emanda egon dira denbora osoan, sekretutxoak erraten belarrira. Zer kontatuko zioten batak bertzeari?

A ze batasuna sentitzen den kantu zaharrak elkarrekin kantatzen, herriari, euskarari... baita emakumeoi ere. Lehenengoz neska gehiago ginen mutilak baino eta “Itziarren alaba” abestu dugu indartsu, mutilak isilik, aditzen zirela.

Hunkigarria izan da baserritarrek gurekin batera kantatzea, eurak ere irriz eta gozatzen sumatzea, oparitutako loreekin kontent. Sukaldea komuna hippy bihurtzen utzi diguten Balkezeneko Rufina eta Ramonek kopla bereziak ere jaso dituzte, 50 urte egin baitituzte ezkonduta. Milesker guziei eta ez daitezela kantuak isildu! •