GAUR8 - mila leiho zabalik

«Zaldiarango mamu-txirrindularia»


Lehengo asteburuan bizitzan gutxitan aurkezten diren aukera horietako bat suertatu zitzaidan: hiri kondaira bat egiaztatu ahal izan nuen. Gasteizen, aspaldi, bolo-bolo dabil bizikletaren zaletuen artean “Zaldiarango mamu-txirrindulariaren” istorioa. Diotenez, bizikletari misteriotsu bat agertu ohi zaie errepideko errebuelta batean mendatean gora dabiltzanei; paseorako moduko burdinazko txirringa zahar batean; ez kanbiorik, ez pedal automatikorik, ez karbonozko koadrorik. Bihurguneko ezezaguna parean jartzen zaio txirrindulari iaio eta sasi-profesionalari eta haren erritmoari eusten dio. Ziklista prestuak, berriz, amuari heldu eta erritmoa bizkortzen du, pertsonaia xelebrea atzean utzi nahian. Baina mendateko iratxoak, halako batean, abiadura areagotu eta asfaltoan iltzatuta, arnas-estuka, eta lotsagorrituta uzten du eliteko bizikletazalea. Bada, iragan larunbatean, Zaldiaranerako bidean, aurrez aurre topatu nintzen kondairako pertsonaiarekin; bere Gacela herdoilduan; irrati aparailu bat manillarrari zinta itsaskorrez lotua; zira horia soinean; eta, misterioa elikatzearren-edo, aurpegia estalia. Bera zen, ezbairik gabe, “mamu-txirrindularia”.

Biharamunean, familia arteko bazkarian, koinatua, asteburuko txirrindulari profesional frustratua, eseri zitzaidan ondoan. Kontu kontari hasi zen bere gama altuko txirringatzar berriaz eta karbonozko koadroaz, entrenamendu programa bereziaz, errendimendu altuko dietaz eta bizikleta gaineko azken balentriez. Gogaikarriak dira zorri piztu bigorexikoak eta haien erretorika. Eurak eta euren gorputz landuak, beste hizpiderik ez dute. Nik, bitartean, Zaldiarango errebueltako menderatzailea nuen gogoan. Zenbat txoropito dauden munduan handinahiak apalduko dizkien mamu batekin topatzea mereziko luketenak!