GAUR8 - mila leiho zabalik

Alfabetoak


Alfabetoak hizki gehiegi zeuzkala iruditzen zitzaidan umetan; «A» eta «B» banekien non kokatu baina nire hiztegian ez zegoen «C» zeraman hitzik. «Ñ»-arekin izaten nituen komeriak, bazirelako nire izeneko hirugarren hizkia onartzen ez zuten teklatuak eta «zergatik» galdetzen nien gurasoei, zergatik ingelesek ez zeukaten «Ñ»-rik. Eta hizkuntzez ariko zitzaizkien nire belarri hezigabeei, baina nik ez nien tutik ere ulertzen: zabala zen nire mundua orduan, Añorgan hasi eta bukatzen zena, eta hizkuntza bakarra aski zitzaidan hura bizitzeko.

“Avenida”. Izen horretan kokatu nuen lehenengo aldiz “V”-a. Ez zen “etorbidea”. “Avenida” zen Donostiako kalerik dotoreenaren izena, banketxeak zeuden gunearena. Gogoan dut beti jakin-minez etortzen ginela hona, eta arraro begiratzen geniela pelikularen batetik atereak ziruditen trajedun eta gorbatadunei. Gurasoak normalean baino isilxeago etortzen ziren “enkarguak” izeneko zeraren zerako zera horiek egitera, guk irakaslearengana hurbiltzeko eramaten genuenaren antzeko pausajearekin. Niri arraroa egiten zitzaidan kale hau izenetik beretik hasita; lekuz kanpo sentitzen nintzen artean ulertzen ez nituen motiboengatik.

Bizitzan, ordea, batzuetan une labur batzuk aski izaten dira alfabetoak hankaz gora jartzeko. Umetako gaixoaldi luze batean ospitaleko gela batean mugitu zitzaizkidan hizkiak lehenengo aldiz. Mediku bat etorri zen nola ote nengoen galdezka, baina nik gazteleraz ez neukan aski zehaztasun nire minaren nolakoa azaltzeko. Amari euskaraz azaldu eta hark egiten zituen itzultzaile lanak. Medikuak ea eskolatua al nengoen galdetu zuen eta baietz erantzun zion amak: eskolatua nengoela baina euskaraz egiten nuela lagunekin, euskaraz etxean eta euskaraz klasean: gazteleraz irakurtzen banekiela eta berak esandakoak ulertzen nituela, baina hizketarako jariorik ez neukala. Eta ez kezkatzeko ere esan zion, zortzi urterekin jakin ez arren, bizi ginen lekuan bizita, derrigorrean ikasi beharko nuela. Medikuaren erruki begiradarekin akordatzen naiz oraindik.

Eskola handi batean hasi ginen handik urte batzuetara. Klaseak euskaraz izan arren, han ezagutu nituen lehenengo aldiz gazteleraz funtzionatzen zuen patio bat, pilotan euskaraz aritzen ziren lagun batzuk eta euskarazko musika eta liburuak iraungitako mundu baten azken aztarnatzat hartzen zituzten klasekide batzuk. Euskaraz hasi orduko barre egiten ziguten; “baserritarra” esaten zioten bertso eskolan zebilen edozein kalekumeri eta “aspergarria” euskarazko CD bat motxilan zeraman edonori.

Eta gu ere nahasi ginen nerabe garaiko joera haiekin: guk ere ikasi genuen onartuak izateko besteak bezalakoak izan behar genuela; bizitzan gora egitea esaten zaion hori lortzeko hobe genuela gure umetako ahoskera ezkutatzea; «guayagoak» ginela gazteleraz; irekiagoak, modernoagoak, erakargarriagoak. Ez dakit nerabezaroko konplexuak denok gainditu ote ditugun.

Eta hemen nago gaur, “V” eta guzti “Avenida” deitzen diogun kale honetan. Starbucks bat zabaldu berri dute: kafea kartoizko edalontzi berdeetan eta kartoizko lan-kontratuak barraren beste aldean. McDonald’s bat bada Bretxan; Burger King bat ere bai Bulebarrean. Laster Mercadona bat ere izango omen dugu Añorgan. Guk egindako hiriek egiten omen gaituzte gu ere modu batean edo bestean, baina ez dakit bada: “nortasuna” hainbeste aipatzen den garaiotan geroz eta antzekoagoak dira gure jantziak: hiriena, alfabetoarenak eta gureak. Aspaldiko mediku haren begirada harroarekin akordatu naiz, mundu guztiak bere hizkuntzan egiten zuela uste zuenaren begirada harekin. Eta niri barrez hasten zirenero, oharkabean, beren konplexuak estali nahian aritzen ziren klasekideekin ere bai. Ez baitago zabaltasuna imitazioarekin nahastea baino gauza itxiagorik. •