GAUR8 - mila leiho zabalik

«America first», «España adelante»... Euskal Herria?


Errusiar sobieten iraultzaren mendeurren honetan ezin zitekeen irudi harrigarriagorik eta lotsagarriagorik aurreikusi: kapitalismo basatienaren ikur gorenena den Donald Trump magnatea, ustekabean Ameriketako Estatu Batuetako Etxe Zuriaren jabe, eta hori gutxi balitz ukabila altxatuta eta herri boterea goraipatuz. Gizaki guztien arteko berdintasunaren balorea oinarri zuen mugarri hartatik egungo berdintasun ezaren goraipamen eskandalagarrira bitarte (Oxfamen azken ikerketa lekuko), gatazka, bihurgune eta gorabehera askotxo izan ditu Historiak eta norabidea berriz ere errotik aldatzeko borrokari eutsi beharko zaio, baina 2017ko gainbehera etsipengarria da. Eta deigarria da ikustea eskubide orokorren aurkako atzerakada horiek gero eta gehiago abertzaletasunaren mozorroaren azpian datozela, nabarmen. “America first!” izan da Trumpen aldarria Kapitolio aurrean; nolabaiteko “Gora gu eta gutarrak!” bat, baina dudarik ba al da “gutar” horiek jatorriz estatubatuarrak-dirudunak-gizonak-zuriak baino ez direla, eta bere politikek gutxiengoak –bai eta zenbait gehiengo ere– bazterrean utziko dituztela, osasun arreta galduko duten 20 milioi herritarretik hasita?

Mapamundiaren gainean lupa gugandik gertuago jarriz, gutxi batzuen intereserako abertzaletasuna amu gisa erabiltzen du PPk ere. Bi asteren bueltan egingo duen batzar nagusirako “España adelante” leloa aukeratu du, bere garaian Fuerza Nueva alderdi ultraeskuindarrak erabili zuen berdina, alegia. Trump eta Rajoyren artean antzekotasun gutxi daude jokaera aldetik. Hiperakzioaren laguna da lehena eta gauzak usteltzen uztean maisu bigarrena, Narciso eta Tancredo modernoa, baina helburu bera dute baten eta bestearen erabakiek: krisialdi latzenaren ostean kapitalismoaren zutoinak berrindartu, albokoen pribilejioak bermatuz eta guztionak diren eskubideak erasoz. Beldurra aldeko tresna bilakatu dute. Eta gezurra bide, egiak (benetako gertaerak, datu baieztagarriak...) gizarte honetan gero eta pisu ahulagoa duela baliatuz.

Eskuin muturreko abertzaletasunok etsaia behar dute, beldurra eta gezurra eraginkorrak izan daitezen. Etxe Zurikoak bereziki etorkinak aukeratu ditu horretarako, Mexikoren mugan eraiki asmo duen harresia lekuko. Baina honetan ere badu pareko Madril: zalaparta gutxiagorekin altxatu zuten Aznar, Zapatero eta Rajoyren artean Melillako hesia. Hala ere, Moncloakoentzat gaurko mamu nagusia ez da Mediterraneoz bestaldean kokatzen, itsaso beraren ertz honetan baizik: Katalunian. Horren aurkakotasunean gizentzen da beraien abertzaletasuna.

“America first”, “España adelante”, Le Pen, Farage... eta bitartean zertan da Euskal Herria? Berea sutsu gorde duen eta bere buruaz harro honaino heldu den herriak bestelako abertzaletasuna garatu ohi du. Ezkerrekoa izan ala eskuinetik gertatuago kokatu, kanpora begira irekiagoa eta barrura begira justuagoa izan da euskal abertzaletasuna, eta balore horiek ezinezko egiten dute, oraingoz behintzat, Trump, Rajoy, Le Pen, Farage, Berlusconi edota abar luzearen antzeko agintari sasisalbatzaile baten atzaparretan erortzea.

Zailagoa zaigu, ordea, lurralde bateraturik eta lidergo garbirik ezean, agertoki nahasi honetan Euskal Herria norantz doan asmatzea, edota sakoneko ur korronte indartsu horiek nola eragingo dioten aurreikustea. Indefinizio horretan, arrisku nabariak begi aurrean jartzen hasi zaizkigu; esaterako, diru sarrerak bermatzeko errentaren inguruko hainbat aipamen maltzurrek gehien dutenei gehiago eman eta gutxien dutenei gutxiago emateko nahia azaleratzen dute; zenbait istilu txikiri eskaintzen zaion gehiegizko oihartzunak segurtasun ezaren mamua zabaldu nahi du; Kataluniaren aferaz axolagabekeria edo epelkeria uste baino errazago zabaltzen ari da hainbat abertzaleren artean. Eta hala ere, Euskal Herriaren etorkizuna jokoan dago Katalunian, Madrilen, Bruselan, bai eta Washingtonen ere; ekidistantziarik onartzen ez duten esparruetan, alegia. •