GAUR8 - mila leiho zabalik
Entrevista
UnaiViana
Gaztea eta euskaltzalea

«Arabako gazte euskaltzaleen sare bat sortu nahiko genuke elkarlana sustatzeko»

«Arabarra, gaztea eta euskaltzalea. Bai, eta zer?» topaketaren antolakuntzan parte hartu du Vianak. Gaur egingo da, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean.


Gaur Arabako gazte euskaltzaleak bilduko dira Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean. Bertan egingo da “Arabarra, gaztea eta euskaltzalea. Bai eta zer?” topaketa, herrialdeko kuadrilla ezberdinetako gazte euskaltzaleak biltzea xede duena, elkarri herrietan antolatzen dituzten euskararen aldeko ekimenen berri eman diezaioten. Unai Vianak topaketaren antolakuntzan parte hartu du. Azaldu duenez, deialdi zabala egin zaie herrialdeko gazte euskaltzaleei. Izan ere, Euskaltzaleen Topaguneak adierazi duen bezala, Araban badaude euren euskaltasunaz harro egoteaz gain, euskararen egoerarekin kezkatuta izanik gauzak hobetzeko elkartu eta ekimen ezberdinak antolatzen dituzten gazteak.

Herri asanblada, jai batzorde, aisialdi talde, euskara talde, kultur talde, institutuko batzorde eta antzekoetan elkartzen dira gazteok eta bakoitzak bere inguruan euskararen erabilera indartzeko lan egiten du. Herriz herri egiten den lan hori guztia azaldu eta harrotasun eta poztasunez zer diren eta zer egiten duten adierazteko aukera izango dute gazteok topaketan. Goizeko saioa 10.00etatik aurrera egingo da, eta, eguerditik aurrera, jai giroa nagusituko da gaztetxean. Bertan bazkaria eta kontzertuak egongo dira Orbanak, Odolkiak eta Tinkoren eskutik.

Arabako gazte euskaltzaleen topaketa antolatu duzue Oihaneder Euskararen Etxean, nola sortu zen ideia?

Aspaldiko ideia da. Aurten beste lagun batekin hitz egin eta aurrera eramatea lortu dugu. Helburu zehatzik gabe, aurreikuspen askorik gabe. Nahi duguna da gauza xume bat antolatzea, non Arabako herri ezberdinetako jendea elkartuko den, non euskararen ildoan lan egiten duten gazteak elkar ezagutuko diren.

Araban euskararen alde egiten diren gauzak ikusi nahi ditugu, esperientziak partekatu. Eta, nola ez, ondo ere pasa nahi dugu. Herrietan euskararen aldeko ekimenak antolatzen ditugun gazteok bilduko gara, eta disfrutatzeko eguna izango da, beste lekuetan ere ekimenak antolatzen direla eta bakarrik ez gaudela ikusteko aukera. Eta gero, elkarlanean zerbait sortzea lortuz gero, kristorena litzateke.

Zortzi kuadrillek osatzen dute Araba. Kuadrilla guztietako euskaltzaleak bilduko al dira gaur Gasteizen?

Ez, tamalez ez dugu lortu. Trebiñutik ez dugu lortu inor etortzea, ezta Añanatik ere. Pena handia da, baina ez dugu lortu. Beste kuadrilletatik bai etorriko direla gazteak.

Nola jarri zarete harremanetan kuadrilla ezberdinetako euskaltzaleekin?

Harremanetan jartzeko kontaktua ni neu izan naiz. Lehenik eta behin ezagutzen nuen jendearengana jo dut, eta gero jende horri beste euskaltzale batzuen kontaktua eskatu diet. Adibidez, lehen ez nuen Arabako Errioxako kontakturik eta orain baditut nahikotxo. Prozesu polita izan da, ez bainuen ezagutzen bertako errealitatea eta orain beste bost lagun berrirekin bainago kontaktuan. Etorriko dira Gasteizera eta aurkeztuko dituzte Arabako Errioxan egiten dituzten ekimenak.

Eta Gasteizen egiten diren proiektu ugari ere ezagutu ditut, ezagutzen ez nituenak. Niretzako polita izan da proiektuok ezagutzea, eta uste dut guztiontzako izango dela polita proiektu guztiok ezagutu ahal izatea topaketaren egunean. Gauza asko egin ahal direlako euskara sustatzeko, eta topaketa ideiak hartzeko gune aproposa izango delako.

Halaber, aurten aukera izan dut Arabako institutuetako euskara batzordeetako kideekin lan egiteko eta haien harrera oso ona izan da. Hala, Euskararen Etxera aurkezpen bat egitera etortzera animatu dira. Egiten duten lanari buruzko informazioa emango digute. Horregatik uste dut garrantzitsua litzatekeela gaztetxo berriak ere agertzea topaketara, nahiz eta bakarrik entzutera etorri. Ziur zerbait ikasteko aukera dutela. Inportantea da jakitea institutuetan nola egiten duten lan gaztetxoekin, laguntzeko edo gure esperientzia beraiekin partekatzeko.

Bakoitzak bere esperientzia, bere herrian egiten den lana azalduko du. Zer-nolako ekimenak aurkeztuko dira?

Askatasuna eman diegu parte hartuko dutenei. Betiko ereduak apurtu nahi ditugu: ez dugu txapa luzerik nahi, ezta oso didaktikoak diren hitzaldirik ere. Zerbait hurbila egin nahi dugu, bakoitzak bere herrian euskararen alde egiten den ekintza edo egitasmoren bat aurkeztea. Batzuek kontatuko digute zer egiten duten Euskararen Egunean, eta beste batzuek urtean zehar jarraitzen duten plangintza azalduko digute, astero egiten dituzten gauzak erakutsiz. Askok umeei zuzendutako jarduerak antolatzen dituzte eta beste batzuek ekimen kulturalak. Denetarik dago, eta polita izango da, bi aurkezpen berdin egongo ez direlako. Antzerkia egiten duten gazteak egongo dira, buruhandiak, Mairuregorretakoak... helburua da nahasketa apur bat izatea. Eta dena modu hurbil batean. Izan ere, eskatu zidatena ekimen original eta natural bat prestatzeko izan zen. Eta ez dut jardunaldi bat prestatuko inor aspertzeko. Oihanederren egongo den publikoa nahiko gaztea izango da eta helburua da topaketa dibertigarria izatea.

Topaketan hitz egingo dutenei amaieran euren asmoak azaltzeko eskatu diet. Agian batzuk egingarriak izango dira eta beste batzuk ez, baina gogo edo erronka horiei buruz eztabaidatu nahi dugu, posible diren ala ez ikusi; agian herri batekoek proposatzen dutena egin dute jada beste herri batean. Gauza positiboak kaleratu nahi ditugu.

Zaila da euskara sustatzeko ekimenak aurrera eramatea Arabako herrietan?

Bai, halako ekimenak burutzea ez da erraza, lan asko egin beharra dago. Eta batzuetan ez dira betetzen dituzun aurreikuspen edo helburuak. Horregatik uste dugu ekimenon beste ezaugarri batzuk ere aztertu behar direla. Nahiz eta bi lagun agertu, ikusi behar dugu nolakoa izan den ekimena. Zerbait berria ikasi badugu edo agertu diren bi pertsonak pozik joaten badira etxera ontzat hartu behar dugu, eta errepikatu. Eta jende gehiago etortzen bada, askoz hobe.

Zein da zuen asmoa, kuadrillen arteko elkarlana bultzatzea?

Bai, asmoa da elkar ezagutza bultzatzea, eta, etorkizunera begira, sare bat sortu nahiko genuke, momentu honetan ez dagoen sare sendo bat osatzea, elkarlana sustatzeko. Niri ideia bat gustatu bazait, beste herrietako jendearekin hitz egin ahal izateko, nola antolatu duten ikusteko. Askotan ez baitugu kontuan hartzen ondoko herrietan egiten diren ekimen arrakastatsuak; guk informazio sare bat sortu nahi dugu.

Eta gure helburua, topaketa antolatzen dugunon helburua, zubi bat izatea da. Aurrera begira edonork zerbait behar badu, nirekin hitz egin dezake eta lagunduko diogu. Ez dugu helburu zehatzik ezarri nahi, baina polita izango litzateke euskaltzale gazteen arteko harremana finkatzea. Gazteek inplikatu nahi dute, baina askotan jakin behar dute zer egin. Eta haiei giltzak eman behar dizkiegu beraiek jakiteko nondik nora joan edo zer egin.

Nire ustez, euskararen arloan helburu handiak finkatzeak ez du inongo zentzurik. Gauza egingarriak bultzatu behar dira. Pauso txikiak emateko balio dutenak. Kristoren jaialdi edo topaketa egin nahi badut eta emaitza txarra bada, erre egingo naiz; igual hurrengoan ez dut ezertxo egingo. Eta kontrakoa, antolatzen badugu gauza txiki bat daukagun baliabideekin eta ditugun aurreikuspenak betetzen badira, ederki. Ideia hori kontuan hartu behar dugu gazteekin lan egiterakoan. Saiatzen dira gauzak egiten eta traben aurrean erre egiten dira eta askotan pentsatzen dute ez duela pena merezi. Gazteok kontrakoaz konbentzitzen saiatu beharra dugu. Ezer gutxi lortzen badute ere, pauso handia izango delako.

Ideia polita dela errepikatu duzu, aurretik halako ekimenak egin al dira?

Araba mailan guk uste dugu ezetz. Igual saiakerak egon dira, baina printzipioz nik uste dut ezetz. Eta egiten dugu Araban posible delako. Euskal Herriko beste leku batzuetan zailagoa izango litzateke, biztanle askoz gehiago dituztelako. Araba, Gasteiz izan ezik, herri txikiek osatzen dute. Herriak antzekoak dira, eta, aldi berean, bereziak. Arabako Errioxakoak zein Gorbeialdekoak berdinak gara, baina gure berezitasunekin.

Gure nahia saiakera xumea egitea da, eta emaitzaren arabera ikusiko dugu hemendik aurrera zer egiten dugun. Ikusi beharko dugu ea aukera dagoen zerbait gehiago antolatzeko topaketa honi jarraipena emateko. Autokritika egin beharko dugu, topaketan parte hartzen dutenen balorazioa aztertu, hobetzeko eta ikusteko zer aldatu behar dugun etorkizunean.

Euskaltzaleen Topagunearen laguntza izan duzue.

Komunikazio lanetan lagundu gaituzte: bideoa eta kartelak egiteko, Oihaneder Euskaren Etxea hartzeko, bertan erabiliko den ekipoa ordaintzeko... Bidea zabaldu digute. Topagunea da proiektu honetan sinesten duen bakarra eta laguntza eman digun bakarra. Baina nik beti esaten dut topaketak zentzua izango duela autogestionatua den bitartean. Topaketan parte hartuko dutenak datoz beraiek nahi dutelako eta nik nahiko nuke gerora ere horrela jarraitzea. Nire ustez, proiektu polita da, eta aukera dugu Arabako gazte euskaltzaleek osatzen duten taldea sendotzeko. Zortzi talde izan beharrean, bat izateko. Denok bide berdinetik joateko.

Arabako gazte euskaltzaleak Oihanederren bilduko diren honetan, nolakoa da hizkuntzaren egoera herrialdean?

Lan handia egiten ari gara euskara Araban sustatzeko. Nik zorionez aukera dut gazteekin lan egiteko, eta, nire belaunaldiarekin konparatuz, aurrera egin dute, euskara gehiago erabiltzen dute. Dena den, argi dago euskararen inguruan pauso oso txikiak eta oso motelak eman direla, baina, nire ustez, atzera ez bagoaz positiboa da. Ari gara hobetzen eta Araban kristoren lana egiten ari gara. Hori harro sentitzeko modukoa da. Eta hori lortu dugu gure atzeko belaunaldiek egindako lanari esker. Gaur egun euskararen sustapena beste gazte batzuen esku dago eta nire ustez hizkuntza hobera doa. Errealitate ezberdinak daude, eskola ezberdinak eta leku ezberdinak, baina orokorrean jarrera positiboa da, euskararen aldekoa. Baina trabak egon badaude. Zoritxarrez, zailagoa da euskaraz kultur ekimenak burutzea erdaraz, ingelesez edo beste mila hizkuntzatan baino.

Trabak daudela diozu, zer-nolako trabak? Zerk oztopatzen du euskararen sustapena, euskararen erabilera Araba?

Gizartean ekoizten denaren %95 erdaraz egiten da. Ume eta gazteengana heltzen diren produktuak ez dira euskarazkoak. Eta euskaraz ekoizten diren produktu kulturalak bilatu egin behar dira. Badaude baina ez dituzu jasotzen, bilatu egin behar dituzu. Besteak, gaztelaniaz direnak esaterako, nahitaez jasotzen dituzu, telebistan esaterako.

Umeak esponjak bezalakoak dira, barneratzen dute telebistako edozein programan ikusten dutena eta hori eramaten dute gero klasera; hala, hizkuntza hori, gaztelania, erabiltzen dute naturaltasunez. Askotan kostatu egiten zaie euskara erabiltzea, baina, zorionez, batzuek behintzat aldatzen dute txipa. Gero eta gehiago dira euskara erabiltzen duten eta euskaraz bizitzeko gogoa dutenak.

Eta gure lana beharrezkoa da txip hori aldatzeko, ekimenak egin behar ditugu eta hor egon behar dugu lanean haur eta gazteek euskara bere egiteko. Beraientzat oso erraza baita erdaraz bizitzea. Ez dute ikusten euskaraz bizitzeko behar hori.

Nola egin diezaiokegu aurre egoera horri? Zer egin dezakegu Arabako gazteek eta Euskal Herriko beste lekuetako gazteek euskara erabiltzeko?

Kontzientziazioa funtsezkoa da. Jendea geureganatzen saiatu beharra dugu, gazteak gureganatzen, jakinda euskara gure kulturako altxorrik garrantzitsuena dela. Euskal Herrian kultura oso aberatsa dugu, eta guk geuk babestu, ekoiztu eta indartu behar dugu. Eta gazteek bereganatu egin behar dute. Urte askotan egindako lanak jarraipena behar du: hizkuntza galtzeko arriskuan egon daiteke hurrengo belaunaldiaren babesa ez badu. Globalizazioak ingelesa eta gaztelera babesten ditu, eta guk defendatu behar dugu euskara.

Azaldu duzu zer egin dezakeen gizarteak. Amaitzeko, zer egin dezakete erakundeek?

Lehenik eta behin, hizkuntza politikoki ez erabiltzea. Hizkuntza kultura da, hizkuntza gurea da, eta erakundeek hori babestu behar dute. Ez dute erabili behar helburu politikoen alde, edo politikoki aurkarien kontra egiteko. Zoritxarrez, hori gertatzen da euskararekin. Horrek askok euskara ikasi nahi ez izatea dakar. Hizkuntza aniztasuna oso polita da, eta gaztelerak laguntzarik gabe ere jarraituko du bizirik. Baina euskarak bizirik jarraitzea edo ez gure esku dago. Eta kalean lan egiten dugunok erakundeen esku utziko bagenu guztia, euskara galdu egingo litzateke, edo beste erabilera bat edukiko luke, ez naturala. Guk nahi duguna honakoa da: euskara Arabako kaleetan erabiltzea, modu naturalean, euskara gure hizkuntza izatea. Gaztelerak ez du laguntza beharrik, euskarak bai. Eta laguntza txikiak ditu, laguntza mugatuak. Espero dut etorkizunean hori aldatzea.

 

Euskararen etxean hasi eta eguna gaztetxean amaitu

Arabako gazte euskaltzaleak bilduko dira gaur Gasteizen egingo den “Arabarra, gaztea eta euskaltzalea. Bai, eta zer?” topaketan. Topaketaren helburua Arabako kuadrilla ezberdinetako gazte euskaltzaleak bildu eta kuadrilletan antolatzen dituzten euskararen aldeko ekimenen berri elkarri ematea da.

Oihaneder Euskararen Etxeak azaldu duenez, topaketari hasiera emateko herri bakoitzeko ordezkariek euren aurkezpenak egingo dituzte 10.00etatik aurrera. Bertaratutakoen urkezpenak bukatutakoan, mintzodromoak edo eztabaidarako mahai inguruak egingo dira esperientzia bakoitzaren puntu positiboak edota gabeziak zeintzuk diren aztertzeko. Amaitzeko, goizak emandakoaren balorazioa egingo dute. Tamalez, gaurko topaketan ez dute parte hartuko Añana eta Trebiñuko gazte euskaltzaleek.

Eguerdi partean, bazkaria izango da Oihaneder Euskararen Etxetik oso gertu den Gasteizko gaztetxean, eta, ondoren, 20.00ak arte, kontzertuak izango dira Orbanak, Odolkiak eta Tinko taldeen eskutik.

Topaketak antolatzen dituztenek sare bat egin nahi dute Arabako gazte euskaltzaleak batzeko. Denok batera lan eginez euskarak aurrera egin dezan Arabako zortzi kuadrilletan.