Juantxo EGAÑA

Orson Welles, euskaldunez eta Euskal Herrian

1955ean, BBC Erresuma Batuko irrati-telebista publikoak zenbait dokumental egiteko proposamena egin zion Orson Wellesi, baita hark onartu ere. Dokumental horietako bi Ipar Euskal Herrian egitekoak, “The Basque Countries” eta “La Pelote Basque” izenburua izango zutenak. Lael Tucker eta bere seme Chris Wertenbaker, Ziburun bizi zirenak, izan ziren Wellesen gidariak, eta Tucker, gainera, muntatzaile eta dokumentalen gidoilarietako bat ere izan zen. Besteak beste, Sara, Donibane Lohizune, Ziburu, Donibane Garazi eta Etxalarren filmatu zituzten dokumentalok. Haietako azalpenetan, honakoa dio Wellesek: «Hemen bizi direnak ez dira frantsesak, ez espainolak, euskaldunak dira. Nolakoak dira euskaldunak? Euskaldunak diren bezalakoak dira. Dakigun gauza ziur bakarra da zer ez den euskaldun bat. Ez dira ez mediterraneoak, ez alpetarrak, ez magyarrak, ez zeltak… Beste errepublika eta erresuma batzuk sortu eta erori izanak ez die euskaldunak direla ahantzarazi. Egun hizkuntza bitxi bat hitz egiten dute, adituek ezagutzen ez duten jatorrikoa». Argazkia 1955ekoa da, Donibane Lohizunen egina, eta Orson Welles eta Bixendaritz pilotaria ageri dira bertan. Egilea Jean Velez donibandarra da (1908-1983). 1936az geroztik, bere kameraren bidez garai baten eta bizimodu baten lekuko izan zen. Euskal Herriko argazkilaritza dokumentalaren aitzindarietakoa izan zen.