Iñaki Soto

Politika publikoak eta zeruertzaren eskaneatzea

Izenburuak deitu zuen nire arreta. Autolaguntza enpresarialaren erretorika berrian honelako kontzeptuak ohikoak baldin badira ere, “horizon scanning” terminoak intuitiboki interesgarria den zerbait adierazten zuela iruditu zitzaidan. Jatorriak ere sinesgarritasuna eman zion, Sabin Azua buru duen B+I Strategy enpresak urtero argitaratzen duen “Estrategia” liburuaren zenbaki berriaren aurrerapena den artikulu batean ikusi bainuen lehenengoz [goo.gl/ROUqfm]. Industriarako aholkularitzara dedikatzen den enpresa da. Apur bat paradoxikoa bada, izan ere, industriaren sustapenera dedikatzen den enpresa gihartsua da. Beraiek, ordea, aholkularitza lana egiten dute, “industria” bihurtzeko bidean den jarduera enpresariala, zalantzarik gabe; sustatu nahi den industriaren ohiko adieraren aski kontrakoa, ordea. Edonola ere, aipatu liburu sorta oso interesgarria da, enpresa munduan nazioartean dauden joerak eta eztabaidak biltzen baititu. Atzerrirako begirada izatetik harago, bildumaren ikuspuntua eta jatorria euskal industriari lotuta daude.

Otsail hasieran Bilbon aurkeztuko dute aurtengo liburu zuria, bildumako seigarrena, Bizkaiko establishment-a eta Euskal Herriko hainbat outsider biltzen dituen urteroko ekitaldian. Zenbait enpresarik eta erakundeetako ordezkari gehienek “Euskal Herria” terminoa entzuten duten urteko une bakarra bilkura hori dela uste dut. Azuatarrak konplexurik gabeko abertzaleak dira-eta (Moulines parafraseatuz, estutuz gero, are independentista ere badirela esango nuke). Horregatik bakarrik bada ere, interesgarria da. Aldi berean, nire ustez, XXI. mendeko sozialdemokraziaren ordezkariak ere badira (liburuaren gaiak ikusita, “sozialdemokrazia 2.0” ere esan dakioke). XXI. mendeko sozialistentzat ikuspuntu hori interesgarria da, egungo politikagintzan eta ekonomian indarra duen tradizio berritua delako. Zenbait auzitan arerio izango dira, jakina, beste zenbaitetan agertokiak iradokiko dizkigute, eta, ziur asko, noizbait beraiekin aliantzak ere egin beharko dira.

«Horizon scanning», inteligentziaren radarra

“Zeruertzaren eskaneatzea” terminoa mende honetako lehendabiziko hamarkadan hasi zen hedatzen, nola ez, ingelesez. Orokorrean, tresna gisa definitzen dute, aurrera begira joerak iradokitzen dituzten praktikak eta ideiak monitorizatuz ekinbideak hautatzen lagunduko diguten ezagutzen eta praktiken multzo gisa. Adibidez, disruptiboak izango diren teknologiak edo aldaketa kulturalak aurreikusteko balia daiteke. B+I Strategy enpresakoak “arte” gisa izendatzera ere heltzen dira, agian gehiegi dena. Hein handi batean enpresa mundura bideratuta egon arren, inteligentzia jarduera da, alegia, honetan dabiltzanak “espioitzara” dedikatzen dira, nolabait esateko.

Inteligentziaren adiera hori Las Indias kooperatibakoen eskutik ezagutu nuen, egoitza nagusia Bilbon kokatua duen eta hacker-etikaren ikuspuntutik abiatzen den beste talde interesgarri bat [goo.gl/2BEcuV]. “Resiliencia!” buletinean, adibidez, joerak ezagutzeko tresna oso interesgarria landu zuten. Noizbait gurekin kolaboratu dute [adibidez, goo.gl/AD0dZl]. Beren jatorri libertario eta komunitaristek bereziki interesgarri bihurtzen dute taldea. Aurrekoekin kontrajarriz, XXI. mendeko anarkismotik gertu dabiltza. Aurrekoekin bezala, kritikoki bada ere, beren ibilbidea ezagutzea eta beren ikuspuntuak kontuan hartzea beharrezkoa iruditzen zait.

Hari horretatik tiraka, zenbait gobernuk zeruertzaren eskaneatzera dedikatutako sailak antolatu dituztela ikusi dut. Britainia Handian, adibidez, Horizon Scanner Centre sortu zuten 2004an, politika publikoetan esperimentatu eta aurreratzeko funtzioarekin. Gurera ekarrita, munizipalismoan, urbanismoan, demografian, komertzioan, teknologietan edo parte hartze politiketan munduan dauden joerak aurreikusi eta praktikara ekartzeko aukera bat litzateke. Zeruertzak gure anbizioen muga erakusten baitu. Eskaneatzea, besteak beste, anbizioa handitzeko, zeruertza zabaltzeko, metodo egokia iruditzen zait.