GAUR8 - mila leiho zabalik

Unamuno Donostian amnistiaren alde, 1931n


l931ko apirilaren 5ean, igandearekin, amnistiaren aldeko mitin bat egin zuten Donostiako Urumea pilotalekuan. Tokiko hedabideen arabera, Miguel Unamuno bilbotar idazlea han hizlari egoteak entzule asko erakarri zituen. 3.000 lagun bildu omen ziren. Goizean goiz, Unamunok Ondarretako kartzelan ziren preso politikoei bisita egin omen zien. Mitinean, besteak beste, Usabiaga eta Reblet koalizio errepublikano sozialistako kideek ere parte hartu zuten, baita Clara Campoamorrek ere. Emakumeen eskubideen defendatzaile eta beraien sufragioaren bultzatzaile handiak honako hau esan zuen: «Ekitaldi hauetara, existitzen ez den justizia baten ondorioz kartzeletan dauden lagun maiteen faltagatik minez dauden familien oihartzuna ekar dezakegu emakumeok». Egunkarien arabera, Ondarretako kartzelako mintzategietan ikusi zituenez ari zen. Mitineko beste une batean, euskal emakumeei kantu bat eskaini zien. Eta kartzelan senideak dituztenen sufrimendua amaitzeko amnistia eskatu zuen.