Ander Izagirre - @anderiza
Kazetaria

Deustuko kontzentrazio esparruaren memoriaz

Deustun animaliak bezala tratatu gintuzten», dio Luisek. «Presoak geletan pilatuta geunden, ogi gogorra eta ura besterik ez ziguten ematen, eta kanpaia jotzen zutenean, patiora irten behar genuen, denok ondo formatuta, Cara al Sol abestera. Egunean hiru edo lau aldiz. Berandu ateratzen bazinen edo ez bazenuen ozen kantatzen, borrarekin sekulako kolpea ematen zizuten. Deustuko Unibertsitatea kartzela bat zen, eta okerrenetakoa!».

Deustuko Unibertsitatea Bizkaiko kontzentrazio esparru nagusia izan zen. 1937ko udatik 1940ko hasiera arte, frankistek bost mila pertsona inguru itxi zituzten bertan, eta horietatik 187 han hil ziren, gosearengatik, gaixotasunengatik, tratu txarrengatik. Ascension Badiolak “Cárceles y campos de concentración en Bizkaia (1937-1940)” liburuan ematen ditu datu horiek.

Luis Ortiz Alfau errepublikano bilbotarrak 100 urte ditu orain. Deustun itxi zutenean 23 urte zeuzkan, gerra bat atzetik (Elgetan, Gernikan, Santanderren, Kataluniako azken porrotean, Gurseko kontzentrazio esparruan) eta urte latzak aurretik (lan esklaboa Pirinioetan, garaileen xantaia lanpostu bat lortzen saiatu zenean, berrogei urteko isiltasuna).

Deustun atxilotuta zegoela, Guardia Zibilaren bulegora joateko agindu ziotenean, bereak egin zuela pentsatu zuen.

–Hara, hauek jakin dute armada errepublikanoan sarjentu izan nintzela, fusilatu egingo naute!

Baina zortea izan zuen: gerra aurretik Luisek administrazio lanak egiten zituela jakin zuten guardiek, makinaz idazten bazekiela, eta bulegoan jarri zuten.

–Idazteko makinari monumentu bat egin beharko nioke. Hari esker, erosoago egon nintzen Deustun, baita ondoren ere, Pirinioetako lan batailoietan.

Administrazioan aritzen ziren presoak Deustuko Unibertsitateko kaperan jarri zituzten lotan. «Erosoago», dio Luisek, baina hor ere lurrean etzanda, hotza pasatzen eta arratoi ugarien beldur. Sei hilabete igaro zituen Deustun, bere guraso, neska-lagun eta anai-arrebengandik hiru kilometrora, baina bisita bakar bat ere jaso gabe.

–Tenientearen emaztegaia nire emaztegaiaren ahizpa zen, eta horri esker abisuak jasotzen nituen: egun jakin batean eta ordu jakin batean, leihotik ibaira begiratzeko esaten zidaten. Guadalupe, nire emaztegaia, zain egoten zen ibaiaren murruan eserita. Leihotik agur esaten nion eta horixe zen dena: bi urte baino gehiago generamatzan elkar ikusi gabe, eta ez zidaten bisitarik onartzen.

Guardia zibilen galdeketak makinaz idatzi behar zituen Luisek.

–Deustun atxilotuta zeuden presoei buruzko txostenak iristen ziren, Badajoztik, Salamancatik, Asturiastik, Espainia osotik. Herri bateko alkateak edo falangisten buruak informazio politikoa ematen zien militarrei: hor daukazuen preso hori marxista zen, edo ez zen mezatara joaten, edo sindikatukoa zen... Orduan preso horri galdeketa egiten zioten Deustun. Cifuentes tenienteak galderak egiten zituen, eta erantzuna bere gustukoa ez bazen, Sanchez guardiak makilakada ematen zion preso gaixoari. Niretzat ere gogorra zen, jipoi horiek ikusi, txistua irentsi eta deklarazioak makinaz pasatzea.

Luisek bere fitxa ikusi ahal izan zuen artxibategian:

–“Desafecto. Hijo de republicano”. Hori jartzen zuen, hori besterik ez zuten nire kontra, eta nahikoa zitzaien ni preso sartzeko.

Deustun presoak sailkatzen zituzten: aske uzteko, espetxeratzeko, fusilatzeko... Luis bezalako ehunka eta ehunka errepublikano, epaiketarik gabe, akusazio zehatzik gabe, lan behartuak egitera bidali zituzten. Sondikako aireportua, Gernika eta Bermeo arteko trenbidea edo Urduñako jesuiten ikastetxea frankismoaren presoek eraiki zituzten.

Deustutik Miranda de Ebroko kontzentrazio esparrura bidali zuten Luis 1940ko uztailean, eta handik Erronkarira, Pirinioetan bi urtez errepideak egitera.

–Deustukoa katebegi bat izan zen errepresioaren eta esplotazioaren sisteman –dio Luisek–, eta ez dago hori gogoratzen duen ikur bakar bat ere. Bertakoek ere ez dakite ezer. •

www.anderiza.com