GAUR8 - mila leiho zabalik

Heziketa txarrari


Heziketa txarrari eskainiko diot zutabe hau. Mezu bat bidali, intentzio guziarekin, lan bat edo bertze edozein gauza esplikatuz, eta erantzutea burutik pasatzen ez zaienei, ez dizut erraten «milesker» bat, edozer. Kaletik paseatzen, herrian bertan, norbaitekin gurutzatu (ezaguna edo ezezaguna), agurtu eta begiratu ere egiten ez dutenei (hau gertatzen zaidanean, pauso batzuk urruntzean madarikazioren bat botatzen diet ahopeka).

Trenetik jaistera zoazela, itxaron gabe bultzaka igo eta bidea mozten dutenei. Umearekin pailazoak ikusten, sudurgorriekin argazkia ateratzeko gerra bat pizten dutenei, norbere haurrari (edo buruari) soilik erreparatuz.

Urte luzetan paristar izandako ikaskide batzuek kontatzen dute bertan kale erdian hil zaitezkeela inork lagundu aitzinetik. Bat igogailu batean harrapatuta gelditu zen uda beteko egun sargori batean. Beroz akabatzen, kabina gardeneko kristala kolpekatzen zuen indarrez, baina zentroan egonagatik, presaka harat-honatean zebiltzan hiritarrez inguratuta, ez zen inor gelditzen. Eskoziar turista bati esker lortu zuen azkenean ateratzea! Bertzeari errieta egin zioten metroko eskaileretatik behera muturka erori zenean, bidea oztopatzen zuelako. «Begiratu non barna zoazen!».

Nola ez, biribilguneetan eskuinetik aurreratzen dutenei, lasai-lasai mokadu bat jaten, barkamen eskeko keinu arrastorik gabe, kamioiaren buztan luze-luzea sartu bitartean denak geldituz. Denda baten atarian, zu ateratzen, eurek sartzen, «ikusezina al naiz?» galdetzera eramaten zaituztenei. Txakurrek buztana mugitzen dute behinipin. Ekitaldiren batean, jende artean, aterkia zabalik bakarrik baleude bezala jiratu eta ia begia ateratzen dizutenei.

Uf, ze gustura gelditu naizen! Zutabe hau zuentzat da. A, eta inork aurpegiratu baino lehen nire buruari aplikatzen ahal diodala hau dena, nirea ez da heziketa txarra; despistatua naiz.•