GAUR8 - mila leiho zabalik

Super Glue


Konfiantza da pertsonen arteko harremanetan, seguruenik, behin hautsiz gero berreraikitzeko gauzarik gaitzenetakoa. Are okerragoa da kontua geure buruarengan genuen konfiantza galtzen dugunean. Kasu honetan, klinexaren belaunaldiko gizagaixoontzat –oi bi aldiz gaixo!–, ez delako dendara joan eta apurtutako portzelanazko loreontzia berri bat erosita ordezkatzea bezain erraza asuntoa. Pazientziaz jantzi eta zati bakoitza elkarren artean itsasteko lan nekosoari ekin behar izaten diogu nahitaez horrelakoetan.

Norbaitengan jarria geneukan konfiantza galtzen dugunean, sikiera, baditugu bi aukera: laguntzat geneukana haizeak hartzera bidal dezakegu, edo, horrek ekar ditzakeen ondorioak patxadaz aztertu eta gero, eta gehiegizko albokalteak saihestearren, interes konpartituan oinarrituko den erlazio bilaterala mantentzearekin konforma gaitezke. Txakurrak jaten ematen dion ugazabari zor dion leialtasuna bigarren multzo horretakoa litzateke, esaterako. Edo jasanezina zaigun baina egunero ikusi behar dugun lankidearekin daukagun erlazio klase hori bestela, «egunon» esaterakoan irribarre bat eskaintzera mugatzen dena. Edo azkenik –eta ez horregatik ezohikoagoa den– seme-alaben hobe beharra aitzakiatzat hartuta banatzeko erabakia behin eta berriz atzeratzen duten bikote horiek denek osatzen duten harreman mota ihartua.

Ikustekoa izan da gure hiriko ordezkari politikoek azkenaldian konfiantzaren inguruan hitz egiteko erakutsi duten grina setatia. Edozeinek esango luke komunikabideei erreparatuz gero, Gasteizko Udaleko aurrekontuen afera ezkonberrien arteko liskar bat baino ez dela izan. Hain agerikoa ez balitz, interes ezberdinen arteko talkaren ondorioz gertatu dela gertatu dena. Duela bi urte, Maroto udaletik bota eta EH Bildu bigarren indar izanda Sabin-etxean Miren Larrion alkate ez egitea, eta gobernua laugarren indarra den eta Urtaranen alde bozkatzeko gai izan ez zen PSErekin osatzea erabaki zutenean bezalatsu. Ordukoan ere, konfiantza kontuen gainetik alderdiaren interesak gailendu ziren gurean. Hemen, esanak esan, ezkontza gehienak komenientziazkoak izaten baitira normalean.

Maitasunak asko du politikotik. Eta politikak gutxiegi maitasunetik zoritxarrez. Galdua du garai bateko erromantizismo eta epika hura. Orain gauza teknikoagoei buruz eztabaidatzen da. Hotzagoa eta arrazionalagoa da dena. Datuak eta portzentajeak gailendu dira lehenago idealak, utopiak eta antzeko hitz potoloak nagusi ziren eremuan. Horrek eztabaidak errealagoak izatea ekarri du, eta horrekin batera, aspergarriagoa ere bihurtu da batzuen eta besteen arteko dema.

Politikak gure arteko harremanak kudeatzeko balio beharko luke; pertsonalenetatik hasita, jendartean sortzen diren arazoetarako soluziobide izan. Gauzak hobera aldatzeko tresna da berez. Inozoak ginateke, hala ere, alderdi politikoek hiritarren interesak defenditzen dituztela itsu-itsuan sinetsiko bagenu. Ardura ere, gero eta gutxiago ardura digu horrela den edo ez. Onartua dugu alderdi bakoitzak komeni zaionaren arabera jokatzen duela modu batera edo bestera. Gero erabaki dezakegu, noski, batzuen interesak etikoki onargarriagoak diren besteenak baino –ez litzateke justua denak zaku berean sartzea–, horraino gure irismena.

Argi dagoena da, alderdien artean ez dela demaseko konfiantzarik sumatzen gaur egun. Dagoen bakarra bakoitzaren unean uneko interesen araberako harremana da. Batzuetan jaten ematen dion eskuari horzkarik egiten ez dion txakurraren eta bere ugazabaren arteko harremanaren antzekoagoa izango dena, eta bestetan, jasangaitz zaigun lankideari eskaintzen diogun diosal faltsutik hurbilago dagoena. •