Mikel Zubimendi

Elur jausia eta gero, errua ez bota elur maluta bati

Stanislaw Lec poeta poloniarrak badu aforismo eder bat jorratu nahi dudan gaiari heltzeko aproposa: elur jausiaren arduradun sentitzen den elur malutarik ez dago. Usaindu ere egin ez diren hondamenen aurrean, hain zaila da iluntasunaren gure partea aitortzea! Berrien zaparradaren erdian, eguneko 24 orduetatik harago doazen bilakaerak ikustea! Harridura eta amorrua sortzen duten berriak jasotzen ditugu, baina berriok oso gutxitan sortzen dute erresistentzia serio bat. Besteak beste, sakonean gertatzen ari dena deskuidatzen dutelako.

Asteari zeharka begiratzeak demontre hori du, hots, ia beti gertakari batetik hasi beharra dagoela, bat-bateko argazki batetik. Baina gaurkoan ez, gaurkoan demontrea aztertu eta ideia batzuk josi nahi ditut. Rob Winjberg “The Correspondent” medio holandarraren editoreak berriki proposatu duen eztabaida batetik haria hartuz.

Berriak denbora zehatz batean egokitu behar dira, puntualtasuna eskatzen dute, gaur bertan, orain, eta ez datorren hilabetean argitaratuak izateko arrazoia bere baitan dute askotan. Egiturazkoak diren bilakaerek ez dute “balio informatibo” handiegia. Har dezagun, adibidez, isil-isil eta geldo, egunero-egunerokoa den aldaketa klimatikoaren kontua. Ez dago lehen orrialdeetan, munduan soilik kazetariak baleude, arazo hori ez zen gure atentziora hurbildu ere egingo. Berriak eguraldiaren ingurukoak direlako, ez klimaren ingurukoak.

Horren ondorioz, krisi handiak beranduegi den arte ez dira radarrean azaltzen. Agoniaren galderak datoz gero: «Nola ez genuen etortzen ikusi? Zertan egin dugu kale?». Zooma dagoeneko definituta dauden ekintzetan jartzen dugu, ikusten (eta gutxietsi ezin) diren mehatxuetan, hala nola, ISISen barrabaskeriak, eta horiekin betetzen ditugu orrialdeak eta tertuliak. Kamerek unean unekoa enfokatzen dute, etenik gabe, egunetik egunera gertatzen diren eta garai oso bat definitu eta belaunaldiak edo planetaren biziraupena bera konprometi dezaketen bilakaerak ahaztuz. Leherketa handia eta ondorio katastrofikoak pantailetan agertzen diren arte. Orduan bai, orduan bai komeriak! Zooma kanporatu eta mundu mailako hainbat bilakaera gogoratuz, banku handien kolapsoa nork aurreratu zuen? Nork kleptokrata fanatiko bat “mundu librearen” zuzendari exekutibo aukeratuko zutela? Datorrena, gainera, okerragoa izango da. “Egiaren osteko aroaren” gaineko eztabaida gorabehera, bistan da egiaren aurrean zalantza ereiteko aroa dela egungoa. Konpartitua den errealitate bat ez egoteak, instituzio bezala sinesgarriak diren medioen existentzia galbidera eraman dezake. Eta hori baino gehiago: mesfidantza horri iragazkorra den gizarteak, demokrazia osoki eraisteko, faxismoari ateak irekitzeko, baldintza perfektuak ditu.

Egoera ikusita, medioek oso maiteak dituzten “dogma” batzuk alboratzeko ordua ere iritsi da. Baga, negozio ereduarena. Diru-sarreren mende jarraitzea, atentzio hornitzaile soil izaten segitzea da, funtsean, azken produktuan aldaketa handiegirik egin gabe. Biga, lehia. Atentzioa irabazteko gerran medioak lehiakide diren bitartean, lankidetza mesfidantza orokortu batekin begiratzen bada, hain konplexua den puzzlea osatzeko indarrak konbinatzerik ez da egongo. Higa, objektibotasuna. “Neutral mantentzea” eta “posiziorik ez hartzea” bezalako jarrerek kazetaritza mota baten Grial Santua izaten segitzen badute, gertakarien inguruko epaia historiagileei utziko zaie. Ikusten diren tendentzien gaineko hipotesiak formulatu eta puzzlearen piezak lotzen saiatu behar da. Eta laga, formatua. Sail tradizionalen arabera pentsatzen jarraitzeak (Kirolak, Ekonomia, Kultura, Iritzia… ), sortzen den informazioa, argazki handiago bateko osagai baino, informazio osatu gabea izatea dakar. Gertakari bakanen informazio banatuetan bainoago, gehitze prozesu batean pentsatu behar da, bilakaeren patroiak, ereduak identifikatu ahal izateko.

Dena dago jokoan. Hori guztia ezin du euskal egunkari txiki batek bakarrik egin. Ez honek, ezta beste batek ere.