Saioa Iraola

Ez gaude bakarrik

Fotosintesia ere arriskuan den mundu honetan, naturaren eta bizitzaren aurkako gerra bizi dugu. Ikaragarrizko krisia. Horren aurrean, batzuk, aberatsak, gero eta aberatsago dira; sozialdemokratek, aldiz, dauden soberakinak banatzeko apustua egiten dute, eta besteek, ezkerrak (oro har) kasu, ez dute alternatiba hegemoniko eta adosturik garatzeko nahikoa indar metatu, nahiz eta saiakera etengabea izan. Horrela, jendarte abandonatu, teknologizatu, despolitizatu eta bakartu bat daukagu, edo gara.

Horregatik, iruditzen zait inoiz baino garrantzitsuagoa dela jardun politikoa, kolektiboki ekitea, alegia. Aktibismoak “ni” tik “gu”-rako jauzia egiten laguntzen digu, jendartean bakarrik ez gaudela eta kolektibo baten parte garela sentitzen. Nahiz eta, militantzia ereduak aldatzen ari diren, Yayo Herrero ekintzaile ekofeministari berriki entzundako ideia bat ekarri nahiko nuke gogora: «militantziak ongizate eta segurtasun espazio bat sor lezake; ez da kentzea, bada jardun politiko seguru eta goxo bat izateko espazioak sortzea». Eta gure militantzia feministan horren aldeko apustu egiten dugu, «munduan egoteko modu» gisa bizita.

Beraz, muturreko prekarizazioa eta indibidualismoa ezaugarri dituen gudan, antolaketa eta borrokaren apologia egin nahiko nuke. Euskal Herriko bazterretan, su txiki ugari ditugu piztuak; neguko hotzetan beroa ematen digute sugarrek, eta ilunean, berriz, argia.

Gaurkoan, feministok, 14.15ean, kantuz lehertuko ditugu espetxeetako hormak, eta besarkatuko zaituztegu indarrez. •