GAUR8 - mila leiho zabalik
Entrevista
Iñaki Bazan
krimenaren historia zentroko zuzendaria

«Krimenaren historiak gure gizartearen kultura, zibilizazio eta heltze prozesuak ulertzen laguntzen digu»

Gasteizko EHUko Letren Fakultateko dekanoa da, Geografian eta Historian doktorea eta krimenaren historian aditua. Justizia penalaren historiaren lerro artean irakurtzen aritzen da, bertan baitago idatzita jendartearen historiaren parte handia. Herri baten historia ilunenak asko kontatzen baitu herri horri buruz.


Mendeetan barna gertatu den prozesu kultural baten ondorio gara. Aspalditik datorren ibaiaren segida; mendeetan dekantatutako harri, lokatz eta bestelakoak hondoan dituen jendartea.

Horrela ikusten du egungo jendartea Iñaki Bazanek, Durangoko Krimenaren Historia Zentroko zuzendari zientifikoak. Bere ikerketa fokuaren arreta guztia hor dago jarria, dekantatutako harri, lokatz eta bestelako horietan. Horretarako pasioz ikertzen ditu gure historian izandako krimenak eta garai bakoitzeko jendarteak krimen horiek epaitzeko eta zigortzeko izandako moduak. Krimenaren historiaren lerro artean jasota baitago jendartearen historia bera.

Durangon dago Krimenaren Historia Zentroa. Zergatik Durangon?

Baziren urte batzuk Durangoko Arte eta Historia Museotik hitzaldiak, jardunaldiak eta antzekoak antolatzeko eskatzen zidatela. Orduko museoaren arduradunari aipatu nion interesgarria izango litzatekeela zeozer jarraituagoa antolatzea eta Durangorekin lotura zeukan gairen bat lantzea. Durangoko heretikoen inguruko ikerketa bat egina nuen nik eta horrekin abiatzea erabaki genuen. XV. mendean gertatu zen heresia horretan Elizak Durangoko ehun herritar baino gehiago eskumikatu egin zituen eta 70 herritar baino gehiago sutan erre zituzten. Gertaera oso garrantzitsua izan zen.

Horrez gain, XV. mende amaieran eta XVI. mendearen hasieran, Inkisizioaren Auzitegia Durangon egon zen, Logroñora eraman aurretik. Euskal Herriari eragiten zion Inkisizioaren lehen auzitegia, beraz, Durangon egon zen. Garai bertsukoa da Anboto sorginkeriaren gune bezala jotzen duen auzia. Prozesu horren ondorioz hogeitaka pertsona heriotzara kondenatuak izan ziren. Horietako batzuk, gainera, hilak zeuden aurretik eta lurpetik atera eta beren gorpuak zigortu zituzten. Inkisizioak hori egiteko ohitura zuen, epaituak eta zigortuak izan ziren pertsonak aurretik hilda bazeuden –gaixotasunagatik edo bestelako arrazoiengatik–, haien gorpuak lurpetik atera eta heriotzara zigortzen zituzten berriro.

Eta Durangoko bonbardaketa ere hor dago. Gernikakoari buruz hitz egiten da batez ere, baina Gernikako bonbardaketaren entsegua Durangon egin zuten. Gizateriaren kontrako krimen latza izan zen hura. Baziren, beraz, arrazoi asko zentroa Durangon kokatzeko.

Nazioarteko taldeekin elkarlanean delituaren eta justizia penalaren historia ikertzen dut nik. Hartara, pentsatu genuen Arte eta Historia Museoaren azpiegitura baliatu eta on line zentro bat sortzea. Era horretara, beste ikertzaile batzuen interesekoa izan daitekeen material guztia webgunean jartzen dugu eskuragarri. Eta ikertzaile ez diren baina gai horretan interesa dutenek ere hor dute, eskura, landu dugun informazio osoa.

Urteroko hitzordua ere izaten duzue krimenaren ikertzaileek Durangon.

Hori da zentroaren zutabeetako bat. Urtero jardunaldiak antolatzen ditugu, krimenaren historian dabiltzan ikertzaileak elkartu eta gai baten inguruan jarduteko. Urtero gai bat aukeratzen da. Bestetik, bekak ere banatzen ditugu, krimenari buruzko ikerketak laguntzeko. Eta, azkenik, aldizkari zientifiko bat ere ateratzen dugu, gaian espezializatua.

Orokorrean ez da asko hitz egiten krimenaren historiari buruz.

Ez zaigu asko gustatzen krimenari buruz hitz egitea, gizarte bezala egin behar ez genuena bistaratzea bezala delako. Guk ikertzen duguna da krimena ez dela beti berdina izan. Badira beti eta unibertsalki delitutzat hartu diren gertaerak. Esaterako, hilketa. Baina badira beste gertaera mota batzuk historian barna delituak izan direnak eta gaur egun ez direnak delitu. Mendebaldeko gizarteei buruz ari naiz, gauzak bestelakoak dira munduko beste toki batzuetan eta erlijio jakin batzuen begietara.

Adibidez?

Adulterioa. Adulterioa oso delitu larria izan da antzinatetik duela ez hainbestera arte. Espainiaren kasuan, adibidez, trantsiziora arte. Artean frankismoko Kode Penalak jasotzen zuenez, emaztea in fraganti adulterioa egiten harrapatzen zuen gizonak eskumena zuen berak zigorra ezartzeko. Ikuskera patriarkal hori Erdi Aroan sortzen da. Horren arabera, adulterioa egiten duen emaztea senarraren, familiaren eta leinuaren ohorea zikintzen ari da. Hartara, senarrari mendeku pribatua egiteko eskubidea aitortzen zitzaion.

Hau da, justiziak emaztea hiltzeko eskumena aitortzen zion senarrari.

Bai, emaztea hil zezakeen, betiere in fraganti harrapatzen bazuen. Eta hori izaten zen, hain juxtu, justiziaren egitekoa, in fraganti harrapatu zuen edo ez frogatzea. Izan ere, batzuetan bestelako egoerak gertatzen ziren eta senarrak emaztearen adulterioa barkatzea erabakitzen zuen. Kasu horretan, eta barkamena benetakoa zela ziurtatzeko, senar-emazte horiek notarioaren aurrera joaten ziren eta barkamen akordio bat sinatzen zuten. Emazteari komeni zitzaion akordio hori sinatzea. Bestela gerta zitekeen senarrak une batean emaztea zigortu nahi izatea –nahiz eta barkamena eman– eta zigor hori adulterioari egoztea. Beraz, emazteak garbi utzi nahi izaten zuen senarrak adulterioaren berri bazuela eta hala eta guztiz ere barkatu eta elkarrekin bizitzen jarraituko zutela erabaki zuela.

Gero, denborarekin, justizia bestelako baldintzak gehitzen joan zen. XV. mende amaieran, Europako epaitegi gehienetan, ondorengo printzipioa ezartzen zitzaien gizonezkoei: emaztea adulterioa egiten harrapatu baduzu, eman horren berri epaitegietan zigorra zure esku hartu baino lehen. Neurri horrekin epaiketa egotea ziurtatu nahi zen. Behin epaiketa eginda, adulterioa egiten in fraganti harrapatu zuela ondorioztatzen baldin bazen, berdin-berdin zigor zezakeen senarrak emaztea.

Gaur egungo begietatik arraro eta eskandalagarri gerta daitezke ikuskera horiek, baina justiziak pixkanaka emandako pausoak dira eta horrela ulertu behar ditugu.

Bide horretan hurrengo pausoa izan zen zehaztea inondik inora ezin zuela senarrak justizia bere esku hartu eta emaztea nahi erara zigortu. Eta hurrengo urratsa, adulterioa ez dela delitua erabakitzea izan zen. Finean, adulterioa bikote baten arazoa dela ondorioztatzea.

Elizaren kontrako juramentuak botatzea, biraoak esatea, delitua zen lehen.

Halaxe da. Gaur egun asko jota pertsona horrek oso gaizki hitz egiten duela edo pertsona hori hitz itsusien zalea dela esan dezakegu, baina Erdi Arotik XVIII. mendera bitartean jende asko epaitua eta zigortua izan zen Elizaren kontrako juramentuak botatzeagatik, blasfematzeagatik. Eta blasfemia ziren, era berean, iritzi heterodoxoak, garaiko ortodoxia katolikoak esaten zuenaren kontrako iritziak. Heresiak ere hor sartzen ziren. Gaur egun ezin da inor epaitu blasfematzeagatik edo Elizaren kontrako jarrera azaltzeagatik. Dagoeneko blasfemia ez da delitua.

Nola zigortzen zen lehen?

Normalean blasfematu zuenari mingaina mozten zitzaion. Orain daukagunaren aurreko sistema penala ordainean zegoen oinarritua. Horrek esan nahi zuen delitugileak egindako minarengatik ordaindu egin behar zuela. Lapurtzen bazuen, eskuak edo hankak mozten zitzaizkion, berriro lapurtzeko zailtasunak izan zitzan. Elizaren kontra juramentuak botatzen aritu zenak zeinekin egin zuen min? Mingainarekin. Ba, ordainetan, mingaina mozten zitzaion, berriro ez zezan egin.

Baziren bestelako zigorrak. Bada kasu bat, Gasteizen gertatu zena XV. mendearen amaieran. Blasfematu zuen gizon bat pikotan jarri zuten –plaza publiko batean jartzen zen zutoin handi bat–, mingaina gezi batekin iltzatu zioten bi orduz eta ehun zartada eman zizkioten. Ez zioten mingaina moztu, beste zigor hori jarri baizik.

Sorginen kontuak ere delitu ziren.

Pentsa. Gaur egun gauez telebista piztu eta jende mordoa topatzen duzu horoskopoa irakurtzen, gutun astralarekin iragarpenak egiten eta beste. Magia, iragarpenak, sorginak, belagileak... horiek denak delitugileak ziren eta heriotzara zigortuak izan ziren asko eta asko, sutan erretzera kondenatuak. Hor daukagu Zugarramurdiko kasua.

Denboran barna justizia penalean emandako pausoek jendartean emandakoak islatzen dituzte?

Hori da krimenaren historia aztertzen dugunon helburua, prozesu horiek ulertzen saiatzen gara. Zerk eragin du giza portaera batetik abiatuta delitu bat eraikitzea eta zerk eragin du, denboraren joanean, giza portaera horrek delitu izateari uztea? Eta, alderantziz, zergatik lehen delitu ez ziren giza portaera batzuk orain delitu bihurtu dira?

Hori ere gertatu da, lehen delitu ez zirenak orain badira?

Sodomiaren kasua garbia da. Grezia klasikoan sodomia ez zen delitua. Nobleek eta herritarrek sodomia praktikatu zezaketen arazorik gabe. Hori bai, legegintzak garbi jasotzen du sodomia onartuta zegoela betiere nobleak aktiboak zirenean eta pasiboak esklaboak edo zerbitzariak zirenean. Alderantziz ez zegoen onartuta. XI. eta XII. mendeetatik aurrera sodomiaren inguruko zalantzak sortzen hasi ziren. Gizartean zabaltzen hasi zen akaso sodomia ez zela zilegi, eta, gainera, Jainkoaren kontrakoa ere bazela. Hartara, sodomia praktikatzen zuten pertsonak zigortu egin behar direla erabaki zen eta zigorra sutan erretzea izango zela zehaztu zen. Eta gure galdera da: zer pasa da gizarte horretan garai batean era batera ulertzen zen praktika bat une batean beste era batera ulertzen edo ikusten hasteko? Horrek laguntzen digu zibilizazio prozesuak, prozesu kulturalak, gizarte baten heltze prozesuak ulertzen. Gizartearen alde ilunena aztertuz hori da topatu nahi duguna, erantzun horiek. Egia da, hala ere, prozesu ilun horiek pertsonen egunerokoaz ari direla eta oso interesgarriak direla.

Adibidez, zoofilia kasuak entzutetsuak ziren garai batean.

Hala da. Eta XVI. eta XVII. mendeetan bat baino gehiago urkatua izan zen animaliekin praktika sexualak izatea leporatuta. Bada Madrilen kasu bat. Gizon bat epaitu zuten ardi batekin zoofilia praktikatu zuelako eta zigor modura biak urkatu zituzten, gizona eta ardia. Eta garaiko legegileen artean eztabaida handia izan zen, animaliak zigorra merezi zuen edo ez erabakitzeko. Azkenean animalia urkatzea erabaki zuten betirako seinalatua izango zelakoan.

Elizako konfesio guneetan ere delituak seinalatzen ziren.

Apaizak konfesioak baliatzen zituen zenbait portaera gertatu ote ziren jakiteko. Eta portaera horietako batzuk delitu ziren. Esaterako, senar-emazteen kasuan, sodomia zela ulertzen zen sarketa uzkitik gertatzen bazen. Eta hori epaitu eta zigortu egiten zen. Sodomia gizon-emakumeen artean gertatzen bazen, “inperfektua” zela ulertzen zen. Bi gizonen artekoa, berriz, “perfektua” izendatzen zen eta azken horren zigorra gogorragoa zen. Emakumeen arteko harreman lesbikoak ere zigortzen ziren. Kasu horietan, gainera, delitu larriagotzat hartzen zen bi emakumek normalean gizon eta emakume batek izaten zituzten jarrerak hartzea, sarketaren modukoak kasu. Eta delitu arinagoa zen bestelako harremanak izatea, elkar ukitzea edo elkar masturbatzea, kasu.

Bada Donostian kasu bat, XVI. mendearen hasierakoa. Epaiketan jaso zenez, “emakume bat beste emakume baten gainean jartzen zen, gizona emakumearen gainean bezala”. Eta hori delitu larria zen. Epaiketan, baina, ez zen frogatu hori horrela gertatu zenik eta bi emakume horiek Donostiatik erbesteratu zituzten.

Justizia penalaren historiak, lerro artean, jendartearen historia jasotzen du, ezta?

Zalantzarik gabe. Eta horretan aritzen gara krimenaren historia ikertzen dugunean. Lehendabizi, delitua zer zen ulertzen saiatzen gara; bigarrenik, zergatik zen delitua ulertzen; hirugarrenik, zerk eragin zuen ekintza horretatik delitu bat eraikitzea, eta, azkenik, historian nola garatu den hori guztia delitu izateari utzi arte.

Prozesu judizialek garai bakoitzeko gizartearen inguruko pista handiak ematen dizkigute; lekukoek esaten dituzten gauzek, adibidez, garaiko sinismenak agertzen dituzte. Epaileen mundu ikuskera ere jasotzen da. Ez ziren inuzenteak edo sinesberak, gurearen desberdina zen arrazoiketa modua zeukaten, gurearen desberdina zen garaian bizi zirelako. Hori oso garrantzitsua iruditzen zait eta askotan nabarmentzen diet ikasleei. Gure egungo pentsaera kategoriak ezin ditugu erabili lehenaldia interpretatzeko orduan. Hori akats bat da. Haiek nola pentsatzen zuten ulertu behar dugu, gainontzean ez dugu ulertuko egiten zutena.

Zer ikasi ere badugu gure aurreko gizarteetatik eta legeetatik, ezta?

Badira arretaz begiratzeko kasuak, bai. Esaterako, prostituzioa onartuta zegoen 1623. urtera bitarte. Pentsa noraino zegoen onartuta, Udalak zergak kobratzen zituela prostituziotik! Gainera, Udalak prostituzioan jarduten zuten emakumeak osasun azterketak pasatzera behartzen zituen, eta, gaixorik baldin bazeuden, ezin zuten lanik egin.

Esanda bezala, 1623. urtean debekatu egin zen; gerora, berriz baimendu zen XIX. mendearen amaieran. Errepublika garaian, adibidez, baimenduta zegoen eta prostituzioaren langileek osasun kartilla bat eraman behar izaten zuten, beren osasun egoera ziurtatzeko. Frankismoa iritsi zenean berriz ere debekatu egin zen, eta ilegala eta ezmorala zela esan zen.

Egunotan prostituzioa existitzen da, baina langile horien egoera ez dago arautua. Ondorioz, babesik gabe ari dira lanean. Baina izan zen garai bat emakumeon egoera erregularragoa zena. Garaiko gizartean ez ziren batere zinikoak izan. Bazekiten prostituzioa existitzen zela eta neurriak jarri zituzten egoera ahalik eta arautuena izan zedin.

Pentsa, prostituzioaren erregulazio falta gaur egungo gizartearen arazoetako bat da eta mende batzuk atzera eginda uler dezakegu nondik gatozen eta nola gatozen.